Gizonek zaintzan duten rola izango du hizpide Asier Arizkorretak osteguneko tailerrean

Julene Sorarrain 2024ko aza. 26a, 13:00

Asier Arizkorreta Hurtado, Emagin elkarteko kidea. (utzitakoa)

Azaroaren 28an, ostegunarekin, Zer aldatzen da gizonok zaintzea aukeratzen dugunean? tailerra eskainiko dute. Emagin elkarteko Asier Arizkorretak gidatuko du, 18:00etan hasita, Salatxo aretoan, eta zaintzarekiko kezka duten gizon guztiei zuzenduta dago. 

Saregile emakumeen etxeak eta Orioko Udalak aurrera jarraitzen dute herriko zaintzaren egoera aztertzeko prozesuan, eta oraingoan, gizonei zuzendutako tailerra antolatu dute, Emagin elkartearekin elkarlanean. Azaroaren 28an, ostegunarekin, Zer aldatzen da gizonok zaintzea aukeratzen dugunean? tailerra eskainiko dute. Emagin elkarteko Asier Arizkorretak gidatuko du, 18:00etan hasita, Salatxo aretoan, eta zaintzarekiko kezka duten gizon guztiei zuzenduta dago. 

Arizkorretak azaldu duen moduan, tailerrak "gogoeta eta elkarrizketa" izango ditu ardatz: "Gizonak zaintzari buruzko esperientziak eta hausnarketak partekatzera gonbidatzen dituzten dinamika parte hartzaileak erabiliko ditugu, hala nola talde ariketak, eztabaidak eta kasuen analisia. Espazio seguru bat sortu nahi dugu, rol tradizionalak zalantzan jartzeko eta zaintzan egunerokotasunetik inplikatzeko modu berriak aztertzeko. Inor ez dago behartuta egongo diren dinamiketan parte hartzera ezta kontatu ez nahi dituen gauzak kontatzera". 

Tailerraren izenburuari dagokionez, Arizkorretak azpimarratu du "galdera irekia" dela, eta horren bidez, parte-hartzaileak hausnarketara gonbidatu nahi direla. "Ez dugu erantzun bakarra bilatzen, baizik eta parte hartzaile bakoitzak azter dezala zaintzak nola eragiten duen bere bizitzan eta batez ere bere harremanetan. Pista bat izan liteke gizonek zaintzea aukeratzen dutenean lotura sakonagoak sortzen direla, inguruko emakumeekiko harremanetan ekitate handiagoa sortzen dela eta ingurukoen ongizatea positiboki aldatzen dela".

Arizkorretak gaineratu du, zaintza "tradizionalki" emakumeekin lotu izan dela, eta gizon askori "kosta egiten zaie hori zalantzan jartzea". "Orioko gizonei esango nieke: tailer hau aukera bat da elkarrekin hausnartzeko eta zaintzak haien bizitzak, harremanak eta komunitatea nola aberastu ditzakeen jakiteko. Kontua ez da egun batetik bestera aldatzea, baizik eta bizimodu orekatuago eta gogobetegarriago baterantz pauso txikiak ematea", gehitu du Arizkorretak. 

Haurren zaintzan "aurrerapauso handiak" eman diren arren, Arizkorretak aditzera eman du oraindik "bide luzea" dagoela egiteko zeregin guztietan banaketa zuzena lortzeko: "Adinekoen zaintzari dagokionez, erronka bat izaten jarraitzen du, adibidez: askotan, gizonek gutxiago inplikatzen dute beren burua, eta erantzukizun horiek gehienbat emakumeek hartzen dituzte. Garrantzitsua da zaintzaren kontzeptua zabaltzea eta gizonek ulertzea beren erantzukizuna ere badela esparru horietan aktiboki parte hartzea". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide