Orioko Udalak atzo arratsaldean jakinarazi zuen, ohar bidez, zer proiektuk irabazi duen Andra Mari guneko parte hartze prozesuko ideia lehiaketa; alegia, Ikastola aurreko plaza eraberritzeko ideia lehiaketa.
Bost proiektu aurkeztu ziren lehiaketara. Batetik, mahai teknikoak baloratu ditu proiektuak, hiru irizpide kontuan hartuta: kalitate teknikoa, kalitate estetikoa, eta proposamen ekonomikoa. Bestetik, herritarrek gustukoena duten proiektua bozkatzeko aukera izan dute joan den asteburuan –440 boto jaso ziren denera–.
Epaimahaia lau teknikarik osatu dute: Orioko Udaleko arkitektoak eta arkitekto teknikoak, eta kanpoko bi arkitektok.
Bi puntuazioak kontuan hartuta, irabazle bat gailendu da, nabarmen: Atzera begiratu aurrera egiteko, 103,82 punturekin. Ginko izan da bigarren proiektua, 88,61 punturekin; hirugarren Betehuts, 81,15 punturekin; laugarren Orioko Plazan, 80,83rekin; eta Biribil izan da bosgarren proiektua, 67,59 punturekin. Hemen ikus daitezke bost proiektuak.
Epaimahaiaren balorazioak
Hauek dira epaimahaikideen langa teknikoa gainditu zuten eta jendaurrean jarri ziren bost proiektuei emandako balorazioak:
Atzera begiratu aurrera egiteko: Oso ondo baloratzen da espazio berdeen presentzia, biodibertsitatearen aniztasuna eta sortzen diren espazioen kalitatea. Baita anbulatorioaren aurrean, arranpla inguruan, sortzen den espazioa eta jolas-eremuari ematen zaion jarraipena eta mugaketa ere. Barruko plazaren eremua zabaldu egin daiteke ikastetxearen ekialdeko horman dagoen lorategia txikiagoa eginda. Bestalde, kioskoaren plazatik beste plazarako trantsizioa arranpla baten bidez egitea aztertu liteke.
Biribil: Ondo baloratzen da arranpla inguruan sortutako egurrezko hondartzaren espazioa. Ez da egoki ikusten errepideak hartzen duen lekua eta garrantzia, bereziki Arrantzale kalea peatonalizatzeko asmoa oinarrietan zehaztuta zegoela kontuan hartuta. Gauza bera gertatzen da Andra Mariko sarreran eta hortik aurrera zehazten den asfaltozko eremuarekin: eremu horretan dago Ikastolako sarrera nagusia, eta eman zaion trataera ez da egokia. Haur-parkearen presentzia eta garrantzia gehiegizkoa izan daiteke. Bestaldean ageri den estalkia ez da egingarria, itsas zorpeko eremuan kokatzen delako.
Ginko: Plazaren eta Arrantzale kalearen arteko integrazioa oso positiboki baloratzen da. Iparraldeko gunean ageri den pergolaren beharra eta bideragarritasuna zalantzan jartzen da, landareen bidez ordezkatu daiteke-eta. Arrantzale kaleko landarediaren presentzia eta trataera bereziki baloratzen da. Hegoaldera kokatutako elementuaren altuera ondo neurtu beharko da, hesi handirik sortu ez dadin.
Betehuts: Oso positiboki baloratu da espazioen mugaketa eta haien arteko trantsizioa. Sortzen diren egituren altuerari buruzko kezka sortzen da, eta horietan elementu berdeen presentzia handitzeko beharra ikusten da. Arranplan eta anbulatorioaren parean sortzen den plazatxoa egoki baloratzen da.
Orioko plaza: Berdeguneen presentzia eta trataera oso positiboki baloratu da. Estalkia, aldiz, ez da bideragarria, eta espazio horren trataera osatu beharko litzateke. Arranpla aldera sortzen diren harmailak ere oso egokiak dira. Horrez gain, bidegorriaren eta oinezkoen ibilbide desberdinen arteko lotura positiboki baloratu da eta, baita ere, jarraitutasuna emateko egin den ahalegina.
Hurrengo pausoak
Udalak esan du ez dakiela oraindik zein arkitektura bulegorena den proposamen bakoitza; izan ere, puntuak modu objektiboan banatzeko, proposamen bakoitzari izen bat jartzeko eskatu zitzaien egileei, gutun-azalean beste erreferentziarik idatzi gabe.
Astelehenean jakingo du udalak zein den proposamen irabazlearen egilea, orduan juntatuko baita epaimahaia proposamenak aurkeztu dituztenen gutun-azalak irekitzera. Udalak, ondoren, sari hauek banatuko ditu parte hartzeko prozesura iritsi ziren bost proposamenen artean:
- Irabazlearentzat: 6.000 euroko saria eta proiektua idazteko aukera.
- Bigarrenari: 3.000 euroko sari.
- Hirugarrenari 2.000 euroko saria.
- Eta beste biri: 500 euro bana, accesit modura.
Proiektua idatzi ondoren, lanak esleitzeko moduan izango da udala, eta dena ondo bidean, 2025eko udan hasiko lituzkete lanak, Ikastola itxita dagoen epean.
Aldi berean, Andra Mari guneko hoditeria berrituko dute.