Urteetako lanaren lehenengo fruitua

Julene Sorarrain 2024ko aza. 15a, 08:00

'Neska gazteak feminismorantz!' ikastaroko partaideak, emakumeen etxearen parean. (Saregile)

Saregile Emakumeen Etxeak urte eta hilabete bat bete ditu gaur. Urteurrenaren harira, iazko ikasturteko jarduerak jaso ditu urriko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako artikulu honek.

Iazko irailaren 15ean ireki zituen ateak Orioko Saregile emakumeen etxeak. Urtebete honetan, hainbat ekintza antolatu dituzte, besteak beste, dokumentalen aurkezpenak, feminismoari buruzko ikastaroak nahiz aholkularitza eta psikologia saioak. Hona urtebeteko lanen fruitua, Saregilekoek aukeratutako argazkietan.

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Saregileko jarduerak eta topaketak ere hasi dira. Aste honetan ekin diote irakurle taldeari eta, udazkenara begira, beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Saregilek aurreko ikasturtean eskaini zituen zerbitzuak emango ditu aurten ere, hala nola aholkularitza juridikoa, bidelaguntza psikologikoa, indarkeria matxistaren inguruko arreta eta bideraketa, eta sexu eta bikote aholkularitza. Egitasmo eta zerbitzu horien bitartez, eremu eta herri seguru bat eraiki dute Orioko neska gazte eta emakumeentzat.

Neska gazteak feminismorantz! ikastaroa

Zaragueta herri eskolako eta Orioko Herri Ikastolako DBH4. mailako neskekin elkartzen aritu dira Saregilen, "feminismoaz bustitzeko". Hala, Azaroaren 25eko eskoletako ekitaldia elkarrekin antolatu zuten. Neska gazteak feminismorantz! ikastaroa DBH4ko neskei eskainitako espazio feminista da; beren intereseko gaiak lantzeko eta feminismoak ezagutzeko gune bat, hain zuzen. Iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere eskainiko dute zerbitzu hori, Orioko neska gazteek ikasteko eremu eroso bat izan dezaten.

Burlesque tailerra Etxeluzen

Martxoan antolatu zuten burlesque dantza tailerra Warda Mallalen eskutik, Etxeluze gaztetxean. Mallal dantza irakasle eta koreografoa da, ekialdeko dantzetan, fusio tribalean eta funky hip hop dantzetan aditua. 

Dantza eginez, parte hartzaileak ahalduntzera eraman nahi zituzten. Tailerraren helburua konplexuetatik ihes egitea eta gorputzean sortzen diren emozio guztiak nabaritzea zen, adina eta fisikoa edozein izanik ere. "Dantza eta musika uztartuz, eremu eroso bat sortu genuen herritarrek beren burua askatzeko". 

Pepa Bojoren hitzaldia

Ahalduntze eskolek emakumeen osasunari eta autoestimuari ekarritako onurak ikerketa azaldu zuen Pepa Bojok Saregilen emandako hitzaldian. Bojo psikologoa da, ahalduntze prozesuei buruz aditua, eta Orion bizi da gaur egun. 

"Emakumeen ahalduntze eskolek aldaketak eragiten dituzte bertan parte hartzen duten emakumeen osasunean, eta gune horiek harreman parekideagoak sortzeko bidea irekitzen ari dira. Norbanako gisa ez ezik, modu kolektiboan ere eraldaketak gertatzen ari dira, emakumeak kontzientzia feminista hartzen ari direlako eta euren bizitzako esparru guztietan eragiteko modua aldatzen ari delako", azaldu zuen Bojok Gukak egindako elkarrizketa batean. 

Orioko Emakumeen Surf Topaketa

Saregilek eta Orioko Surf Taldeak elkarlanean antolatutako emakumeen surf topaketan 40 bat emakume inguru elkartu ziren surf egiteko Antillako hondartzan. Saregileko ekintzen helburuetako bat da "parte hartzaileak beren konfort gunetik ateratzea eta segurtasun ezaren aurrean, gozamenari tokia egitea". Jarduera horren bitartez, hondartza hobeto ezagutzeko eta olatuez gozatzeko aukera izan zuten.

Sormen esperientzia tailerrak

Arte disziplina ezberdinak ere jorratu dituzte Saregilen Zorione Mendez sortzaile oriotarrak eskainitako sormen tailerretan. Helburua sormenari hauspoa ematea izan da modu entretenigarri batean. Bakarkako zein taldeko ariketa praktikoak egin dituzte, eta eskuak zikinduz, bakoitzak barruan duen haurra ateratzeko ariketak landu. 

Irakurle tailerrak

Egitasmoaren helburua da, literaturaz gozatu bitartean, ahalduntzean eta feminismoan sakontzea. Hilean behin biltzen aritu dira aurrez irakurri duten liburuari buruzko iritziak partekatzeko. Eleberriak, poesia nahiz saiakerak irakurriz, emakumeen kontzientzia kolektiboa lantzen ibili dira. 

Aurtengo ikasturtean ere eskainiko dute irakurketa tailerra: Lizar Begoña, Lide Hernando eta Frederik Peeters idazleen lanak landuko dituzte, besteak beste. 

Argazkiak: Saregile emakumeen etxea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide