Joshua Herranz: "Balearen etekina handia zelako jo zuten Ternuara"

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 13a, 10:34

Joshua Herranz itsas zoologoa, Zarauzko moilan. (Urtzi Oteiza)

Euskal balearik ez da geratzen Atlantiko ekialdean, baina haren hezurduraren laginak badira inguruan. Baita hainbat zetazeo ere kostaldetik gertu, Joshua Herranz itsas zoologoaren esanetan.

Itsas zoologoa eta zientzia dibulgatzailea da Zarauzko bizilagunJoshua Herranz (Orio, 1991), eta baleak aztertzea da gehien maite duena. Gaiaz luze aritu da solasean Gukastekan.

Itsasoa horren bertakoa da, baina, era berean, oso arrotza.

Hala da. Nolanahi ere, Zarautzek oso lotura estua du itsasoarekin; besteak beste, haren armarrian balea bat agertzen da. Balea bat agertzen bada armarri batean –Miarritzen [Lapurdi], Mutrikun [Gipuzkoa], Ondarroan [Bizkaia] edo Getarian bezala–, horrek esan nahi du herriak itsasoarekin harreman zuzena duela. Aitzitik, esan genezake itsasoak kalteak ere eragiten dituela edo berak behar duen tokia hartzen duela, eta gizakiok, itsasotik gertu bizi garen heinean, kalteengatik ikusten ditugu harrotzen den momentu horiek.

Beti esan ohi da itsasoari beldurrik ez edukitzeko, baina errespeturik ez zaiola galdu behar.

Guztiz ados. Gizakiak itsasoari dagokion lekua kendu dio, errespetua erabat galduz; hau da, etxebizitzak gero eta gertuago eraiki dituzte, hondartza gainetan, eta azkenean, itsasoak behin berea zen tokira itzultzeko beharra izaten du.

Itsas zoologoa zara, eta itsas fauna aztertzen aritzen zara; bereziki, baleak. Zergatik munduko animaliarik handienarekiko lilura hori?

Orion jaioa naiz eta Zarautzen bizi naiz, eta argi dago itsasoarekin lotura estua duten bi herri direla. Betidanik lilura sortu izan dit egun Orioko udaletxean dagoen balea hezurdura batek; haren tamaina txikitatik egin zait deigarria. Ondoren, Zarautzen futbolean eta errugbian aritu nintzenean, eta arreta pizten zidan kirol elkarteko armarriko baleak. Egia esan, baleekiko lilurapen handia izan dut. Gainera, etxean Jacques Cousteau ozeanografoaren dokumentalak izan genituen, eta horietan baleak agertzen ziren, nire interesa areagotuz. Orduan, baleak aztertzeko eta batik bat haiengandik ikasteko harra sortu zitzaidan, eta behin ikasketak aurrera eramanda, zortea izan nuen Erresuma Batuan gaian espezializatzeko.

Orioko hezurdura horren inguruan baduzu istorio bitxi bat, ezta? Okerrik ez bada, zure tesia horren gainean landu zenuen.

Halaxe da. Masterra bukatzerakoan, diru laguntza bat eskatu nuen Kopenhagera joateko, eta han ikerketa adar ezberdinetan murgildu nintzen. Horietako bat balea grisaren ingurukoa zen: egun Ozeano Barean bakarrik bizi da, eta badakigu desagertuta dagoela Atlantikoan; ez dakiguna da espezie bera zen eta migrazio ibilibide luzeagoa zuen edo bi populazio ezberdin ziren. Ikerketaren zati bat horren ingurukoa zen, eta bestea, nik neuk egina, euskal baleari buruzkoa.

Nire ikerketarako Orioko hezurduraren lagin bat eskatu nuen. Kontua da nik 5.000, 8.000 10.000 edo edota 40.000 urteko antzinatasuna zuten hezurdurekin lan egiten nuela; aztarnategi arkeologiko ezberdinetatik bidaltzen zizkiguten laginak, eta guk DNA erauzteak egiten genituen. Orduan, Oriokoa balea hezurra zela baieztatu genuen, baina hura datatzea bakarrik lortu genuen Karbono 14 bitarteko froga eginda.

Eta noizkoa da?

Emaitzak harritu egin gintuen, pentsatzen genuena baino lehenagokoa delako. Uste genuen XIV. edo XV. mendeetako lagin bat izango zela, baina frogatu genuen XI eta XII. mendeen artekoa dela. Beraz, euskal balea ehizaren hasieran kokatzen da balea horren jatorria.

Ternuara joaten ziren ehizatzera, ezta?

Lurralde horrek garrantzi handia du, euskal herritarrek han bukatu zutelako arrantzatzen euskal balea, Groenlandiako balea eta bakailaoa. Baina gure balea ehiza askoz lehenagotik dator, izan ere, idatzizko lehen erregistroa 1.058. urtekoa da, eta han jasotzen da Baionako merkatuan lehenengo aldiz saldu zela balea haragia. Beraz, auskalo noiz hasi ginen baleak harrapatzen! Hasieran baleen migrazioa pasara talaietatik ikusten zuten, eta kanpaiak jo eta ehizatzera joaten ziren. Baina balearen etekina handiegia zen –gantza, haragia eta abar– horien zain geratzeko; beraz, haien atzetik jo zuten Ternuara iritsi arte.

Elkarrizketa hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen aurrez bideoan. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide