Orioko Udalak herriko kirol arloaz diagnosia egin zuen iaz, eta hango puntuetako batean, eskola kirola landu zuten. Udalaren arabera, diagnosi horrek "garbi erakutsi ditu Orioko eskola kirolak, gauza onekin batera, badituela gabeziak ere", eta horregatik, udalak eta kirol eragileek gogoeta prozesua abiatu zuten maiatzean, "indarrean den eredua egokitzeko gaur egungo gizartearen nahi eta premietara".
Prozesua OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak dinamizatu du, eta hiru gogoeta-saio ireki egin zituzten. Horietan parte hartu zuten Orioko bi ikastetxeetako koordinatzaileek, eta baita gurasoek, Hezkuntza eta Kirol teknikariek, zinegotziek eta kirol elkarte batzuetako ordezkariek ere. Hamalau laguneko taldea elkartu zen, eta gaur egungo eskola kirol ereduaren indarguneak eta ahulguneak aztertu zituzten, eta aurrera begirako zenbait gako identifikatu. Saioetan landutakoaren emaitza txosten batean jaso du udalak, eta publiko egin du –hemen dago eskuragarri–.
Behin gogoeta eginda, ikasturte honen hasieran talde motor bat eratu dute udalak eta kirol eragileek gaia lantzen jarraitzeko. Helburua da 2025-2026 ikasturtean eskola kirol eredu berri bat abiatzea Orion, eta taldeak egingo duen aurreneko pausoa izango da herritarrei galdetegi bat zabaltzea, haien iritzia jasotzeko.
Talde motorra, abian
Ikasturtea amaitu arte, talde motorrak «kontrasteak egingo ditu kirol eragileekin, prozesuaren norabidea egokitzeko». Hala, informazioa biltzeko galdetegiak prestatu ditu, jakiteko, batetik, ikasleek, gurasoek eta begiraleek nola baloratzen duten gaur egungo eskola kirol eredua, eta, bestetik, nolako hobekuntzak proposatzen dituzten. Udalak datorren astean zabalduko ditu galdetegiak, interesatuek erantzuteko.
Talde motorrak honako eginkizunak izango ditu: egungo egoeraz informazioa biltzea galdetegien bidez; eskola kiroleko eredu ezberdinak ezagutzea eta aztertzea; herriko beste eragileak inplikatzea; kirol programa bateratu bat diseinatzea Orioko haur guztientzat, gaur egungo eskola kirolak eta kirol eskolak modu koordinatuan bilduko dituena; begiraleentzako lan baldintza duinak bermatuko dituen egitasmoa proposatzea; eta eskola kirol eredu berriaren aurreikuspen ekonomikoa egitea.
Gogoeta saioetan ondorioztatutakoaren parte bat
INDARGUNEAK
Azken urteetako eraldaketa; herriko bi ikastetxetako koordinazioa; eskualdeko koordinazio gunea; taldeak malgutasunez aldatzea; kirol elkarte gehienen prestutasuna; eta herrian jarduera fisikoa beste modu batera sustatzen duten taldeak egotea.
AHULGUNEAK
Kirolen arteko oreka bilatzea multikirol programan; koordinazio gunea falta da herrian; 12-16 urte bitartekoentzat eskaintza kirol klubetara mugatzea; egoera zaurgarrienean dauden haurrek aukera gutxiago kirol elkarteetan aritzeko; eta udalaren orain arteko inplikazio baxua.
ERRONKAK
Eragileen arteko ordutegi eta baliabideen planifikazioa; kirol elkarteak erakartzea; hezitzaileen formakuntza bermatzeko pausoak ematea; finantzaketa, batez ere hezitzaileena, 2026tik aurrera tituludunak izan behar dutelako; komunikazioa egoki egitea; gogobetetasun maila neurtzeko ebaluazio sistema sortzea; eta euskararen erabilera sustatzeko testuingurua eraikitzea.