Izaskun Zendoia: "Oso suabea izan da aurtengo uda; eguzkiaren falta sumatu dugu"

Maria Maya Manterola - Intza Trula 2024ko aza. 5a, 16:00

Izaskun Zendoia, Katxina upaitegiko ordezkaria. (Guka)

Zarauzko Txakolin Egunean bailarako hamalau txakolin dastatzeko aukera izan da, hala nola, Orioko Katxina upaitegikoa. 

Txermenduaren jaia izenburupean ospatu zuten igandean Zarautzen aurtengo Txakolin Eguna. Giro eguzkitsua eta txakolin freskoa lagun, jende ugari bildu zen Lege Zaharren Enparantzan. Bailarako hamalau upategitako txakolina dastatu ahal izan zuten bertaratutakoek, eta mokadutxoak ere eskaini zizkieten herritarrei prezio berezian. Txakolina zerbitzatu, eta uzta berriaren inguruan aritu ziren upategietako arduradunak.

Eguna 11:30 aldera hasi zuten: kalejira abiatu zuten ordu horretan Lege Zaharren Enparantzatik, eta etxeko txikienentzat, Txermenduaren esperientzia tailerra eskaini zuten plazan bertan. Jalgi dantza taldearen eta Arrain Zopa abesbatzaren emanaldia izan zen gero, eta dastatzeari ekin aurretik, bertsoak eskaini zituzten Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok.

Bilketa, atzeratuta

Itziar Eizagirre Getariako Txakolina jatorri izeneko presidentea da, eta hark azaldu zuen moduan, eguraldiarengatik mahatsaren bilketa ohi baino geroago egin behar izan dute aurten: «Uda oso txarra izan da, eta urria arte ezin izan dugu mahatsa jaso». Hori gutxi ez, eta aurreko urtean baino %10 mahats gutxiago bildu dutela aitortu zuen Eizagirrek. Hala eta guztiz ere, jasotako uzta «kalitate oso onekoa» dela azpimarratu nahi izan zuen. Horrez aparte, bildutako lehenengo mahats sortak dagoeneko irakiten amaitu duela kontatu zuen; beraz, abendurako eskuragarri egongo da uzta berriko txakolina.

Katxina upategiak ere duela oso gutxi amaitu du mahatsaren bilketa, urria amaieran. Izaskun Zendoia Katxina upategiko administrazio buruak «uda oso suabea» izan dela eta «eguzkiaren falta sumatu» dutela zioen. Zendoiaren aburuz, udaberriko eguraldi kaskarrak baldintzatu du aurtengo bilketa: «Udaberrian landarea loratzen ari zen, eta euriagatik ez zen dena behar bezala sortu».

Ildo beretik mintzatu zen Carlos San Miguel Ameztoi upategiko komertzial zuzendaria. Aurtengo bilketa «gogorra» izan dela azpimarratu zuen hark: «Ikusiko dugu zer-nolako uzta ateratzen den aurten, eta ea aurreko urteko zenbakietara heltzea lortzen dugun».

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide