Orioko Udalak parte hartze prozesua abiatu du Andra Mari auzoaren inguruko erabakiak hartzeko

Ian Ruiz Lizaso 2024ko aza. 2a, 16:00

Andra Mari auzoa. (Orioko Udala)

Herritarrek auzoa berrantolatzeko bost proposamenen artean aukeratu ahal izango dute. GukOriori.eus atarian nahiz kultur etxean azaroaren 15 eta 16an antolatuko den bozketen bidez egingo da.

Orioko Udalak parte-hartze prozesu bat jarri du martxan Andra Mari auzoko espazioa berritzeko proposamenen aukeraketan. Jada ikusgai dira bost proposamenak GukOriori.eus webgunean eta kultur etxean, ordutegi honetan: 10:00-13:00 eta 16:00-19:30. Hiru asteko epea izango dute oriotarrek proiektuak ezagutzeko eta erabakia hartzeko.

GukOriori.eus atarian atal espezifiko bat sortu du Udalak prozesu guztiaren inguruko informazioa argitaratzeko. Helburua, herritarrei arlo estrategiko guztietako erabakietan parte hartzeko aukera ematea da, Andra Mari auzoaren berrikuntza proiektua lehen pausoa izanik.

Andra Mariko eremua

Andra Mari plaza Oriko gune sozial eta kultural garrantzitsuenetako bat da. Bertan, haurrek jolastu egiten dute, ostegunetan azoka kokatzen da, eta urtean zehar hainbat ekitaldi ere egiten dira. Gainera, erriora jaisteko arranpla bat du eta uda sasoian bainurako tokia bihurtzen da. Espazioa berrantolatzeko bi ataletan banatu dute prozesua: lur azpiko lanak (euri-uren sarea eguneratzea eta uholdeen aurkako hobekuntzak egitea) eta lurrazalekoak. Azken hauek, lurrazaleko esku-hartzeak, izango dira herritarren parte-hartze bidez erabakiko direnak.

Bost proposamenak 

Udalak urte hasieran aritektura-bulegoiei zuzendutako ideia-lehiaketa bat antolatu zuen. Zortzi proposamen jaso ziren eta haietatik bost aukeratu ditu epaimahai tekniko batek. Proposamen bakoitzak espazioa berrantolatzeko ideia nagusiak aurkeztu ditu, ikuspegi desberdinak erakutsiz. Gainera, eremua oinezkoentzat gune bihurtzeko eta urarekin lotutako jardueretan integratzeko planteamenduak ere egin dituzte.

Bozketa

Proposamenak hiru astez egongo dira ikusgai. Ondoren, azaroaren 15ean eta 16an izango dute herritarrek bozka emateko aukera. Bozkaketan ezinbestekoa izango da NANa aurkeztea eta Orion erroldatuta egotea, 18 urtetik gorako herritarrek soilik izango baitute parte hartzeko aukera. Bozkatzeko bi egun izango dira:

  • Azaroak 15, ostirala: Kultur etxean, 10:00-13:00 eta 16:00-19:30.
  • Azaroak 16, larunbata: Turismo bulegoan, 09:30-15:00.

Emaitzak

Herritarrek emandako botoek 50 puntu gehituko dituzte guztira. Puntuak epaimahai teknikoak proposamen bakoitzari emandako balorazioarekin batuko dira. Aurretik, epaimahaikideek proposamenak 0 eta 95 puntu artean baloratu dituzte, egokitasuna, egingarritasuna eta jasangarritasuna kontuan hartuta. Horrela, herritarren botoek eta epaimahaiaren puntuazioak batuta, puntu gehien lortzen duen proiektua izango da irabazlea. Bozketaren ondorengo astean jakinaraziko da emaitza.

GukOriori.eus plataforma

Prozesu hau Orioko udalaren GukOriori.eus webgunearen bidez jarraitu ahal izango da. Plataforman, parte-hartze proiektuez gain herriaren erronkak, eskaerak eta proiektuen egoerari buruzko informazioa ere eskainiko dute.

Udaleko kideek proiektua mimo handiz landu dutela azpimarratu du Anuska Esnal alkateak, herritarren parte-hartzea "ezinbestekoa" dela nabarmenduz. Horregatik, herritar guztiei parte-hartzera eta webgune berria arakatzera gonbidatzen die Udalak, erabakiak herritarren iritzietan oinarritzeko pauso berriak emanez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide