Ia hamar urteko ibilbideari amaiera eman dio Herritarren Foroak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 31a, 16:44

Herritarren Foroko kideak, Bakeolako ordezkaria eta EH Bilduko eta EAJko ordezkariak, atzo iluntzean udalbatzar aretoan. (Onintza Lete Arrieta)

2015ean sortu zen bizikidetza lantzeko taldea Orion, eta udalari eskerrak emanez eta azken eskaera zehatza eginez agurtu da publikoki, atzoko ezohiko udal bilkuran hitza hartuta. Udaleko bi alderdiek ere esker oneko hitzak izan dituzte foroko kideentzat.

Orioko Udalak 2012. urtean jarri zituen martxan herriko bizikidetza eta giza eskubideen diagnostikoa eta udal plana, eta 2015ean sortu zuen Herritarren Foroa, elkarbizitzaren gaia landu eta mota guztietako indarkeriei buruz elkarrekin hausnar zezaten ideologia anitzetako herritarrek. Ia hamarkada bateko ibilbidea eginda, taldea desegitea erabaki dute foroko kideek, eta atzoko ezohiko udalbatzarrean eman zuten erabakiaren berri, galdera eta erreguen tartean.

Herritarren Foroko Jabier Gaiton eseri zen zinegotzien alboan, taldearen izenean idatzia irakurtzeko. Orioko Udalari eskerrak emanez hasi zuen hitzartzea, eta azaldu zuen oraingo alkate eta zinegotziei ez ezik, aurreko bi agintaldietakoei ere eman nahi dizkietela eskerrak. Gaitonek gogorarazi zuen Orioko Udalak 2015erako hasia zuela hausnarketa prozesu bat "biolentzia politikoak eta terrorismoak gizartean izandako eraginaren ingurukoa, udaleko alderdi politiko guztiek aho batez onartuta" –garai hartan EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Orain zeuden udalean–. "Eta erabaki zuten beste horrenbeste egin behar zutela herritarren artean: pentsaera eta jokaera politiko desberdineko herritarrak elkarren ondoan jarri, eta, askatasunez, beren ideiak eta bizipenak partekatzea".

Hainbat herritar deitu zituzten taldea osatzera, eta seik eman zuten baiezkoa: Jabier Gaitonek berak, Nieves Arrutik, Koro Sarasolak, Iñaki Iturainek, Jokin Urangak eta Eneko Dorronsorok. "Herritarren Foroko kideok baldintza bakarra izan genuen hasieratik gure jardunean: elkarrekiko errespetua. Baldintza hori bete dugulakoan gaude, baina gainera, guretzat bidea aberatsa izan da, positiboa, giro lasai eta baketsuan aritu gara lanean, enpatia landu dugu, eta gutako inor ez dago abialekuan geunden bezala: mugitu egin gara, aberastu".

Hilean behin elkartu izan dira, eta Bakeolako bi kide izan dituzte ondoan hamar urte hauetan, saioak gidatzen. Ibilbidea amaituta, balorazio txiki bat egin du taldeak, eta udalari azken eskaria ere egin nahi izan dio, Gaitonek udalbatzarrean azaldu zuenez: "Udalari proposatzen diogu, elizarako aldapan dagoen plakaren testuak minaren mapa osoa jasotzen ez duelakoan, testu orokorragoa jartzea, txoko horretan edo besteren batean. Izan ere, terrorismo hitzak –gizartean egiten den erabileragatik–, eragindako sufrimendu mota bati bakarrik egiten dio erreferentzia; horregatik, egokiagotzat joko genuke plaka horretan testu inklusiboagoa jartzea, zeinak mota guztietako biolentzia politikoa pairatutako herritarrak aintzat hartuko lituzkeen".

Taldearen balorazioa

Taldearen balorazioa, berriz, azaroko Aia-Orio Guka aldizkarian plazaratu berri dute, Oroimenaren Kutxa atalean: "Bidea aberatsa izan da, emankorra, errespetuzkoa, bakezalea eta baketsua. Ibilian-ibilian, gauza asko adostu ditugu. Irizpide etiko gutxieneko batzuetan bat egin dugu. Nagusiki, honako honetan: Herritar guztion giza eskubide guztien alde gaude, eta bizitzeko eskubidea da nagusia; hori ideologia guztien gainetik dago". Egin duten bidea ebaluatzeko erabili dituzten kontzeptuetako batzuk dira "elkarrekiko errespetua" eduki dutela, "pentsamendu kritikoa sustatu" dutela, "gai korapilatsuen aurrean iritzia lasai emateko gaitasuna" egon dela, denek dutela "egiaren puska bat", "besteen mina ezagutzeko eta ulertzeko aukera" eman duela, nahiz "foro bezala gaiari herrian presentzia emateko aukera" izan dela.

Taldeko kideek "faltan sumatu" dute, bestetik, taldea anitzagoa izatea, bestelako hausnarketak eta ikuspegiak entzuteko aukera izatea, eta bidean herritar gehiagok parte hartzea, "horretan ez asmatzea".

Udala eskertuta

Herritarren Forokoen hitzartzeari txaloekin erantzun zioten udal zinegotziek, eta udalaren izenean, beste testu bat irakurri zuten Anuska Esnal EH Bilduko alkateak eta Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak, txandaka. "Gaur kapitulu esanguratsu bat ixten dugu gure herriko memoria lantzeko eta bizikidetza lortzeko bidean, eta oso-oso eskertuta gaude zuetako bakoitzari", azpimarratu zuten. "Eskerrik asko urte hauetan guztietan erakutsitako ardura, ahalegin eta konpromisoagatik, eta zuen ahots propioz jarduteagatik; zuetako bakoitzaren esperientziek eta bizipenek aberastu egin dute gure herri errelatoa, eta horrek, komunitate gisa hazteko aukera ekarri digu".

"Isileko lanean, ausardiaz eta errespetuz, errazak ez diren gaiak tratatuz" aritzea ere aitortu zieten, "konpromisoz, etorkizunean loratuko duten ulermen eta enpatia haziak ereinez".

Giza eskubideen aldeko ikerketa eta adierazpenak

2017ko azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, Orioko Udalarekin batera, adierazpen bat adostu eta plazaratu zuen Herritarren Foroak "biolentziaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogora ekarriz". Karkara herri aldizkarian beste bi adierazpen ere egin ditu foroak urte hauetan, "bat Juan Priede zinegotzi sozialistaren hilketaren kontra eta haren izen onaren alde", 2020ko martxoan; bestea, urte berean, "Xua 3 urteko haurraren eta orduan preso zeuden beren gurasoen giza eskubideen alde".

2019an, foroak udalari eskatu zion ikerketa baten bidez indarkeriak eragindako sufrimenduaren inguruko mapa osa zezala. Udalak onartuta, Aranzadi zientzia elkartearekin batera landu zuten gaia, giza eskubideren bat urratu zitzaien herritar guztiek kasuak jasotzeko. Ondoren, hori oriooroimenean.eus webgunean plazaratu zen; hilabete batzuetara, webgunea itxi behar izan zuen udalak, Espainiako Gobernuaren aginduz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide