Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Duela sei bat urte hasi nintzen euskara ikasten. Garai hartan A1 maila lortu nuen, baina lan ordutegia zela eta, euskaltegia utzi egin behar izan nuen. Iaz berriz heldu nion euskara ikasteari, Oriora etortzearekin batera.
Zergatik hasi zinen euskara ikasten? Noiz sentitu zenuen behar hori?
Orain dela gutxira arte Donostian bizi izan naiz. Han ez neukan inguru euskaldunik; lagun kuadrillak, gehienetan, gaztelaniaz hitz egiten zuen. Nire lanean ere euskara ez nuen behar, kanpora begira egiten bainuen lan (ingelesez, alemanez...). Hala ere, euskara ikasteko beharra sentitu nuen; izan ere, urte asko daramatzat hemen, Euskal Herrian, eta bertako hizkuntza eta kultura zaindu, errespetatu eta ulertu nahi ditut. Gainera, orain lanez aldatu nahi dut, eta lanpostu berria lortzeko euskara behar-beharrezkoa dut, leku askotan eskatzen baitute. Hori gutxi balitz, Orion bizi naizenetik euskara ikasteko gogoa areagotu zait. Hemen denek nirekin hitz egiteko (gaztelaniaz) esfortzua egiten dute eta, nik, ostera, esfortzu hori itzultzeko beharra sentitzen dut. Horregatik, ahal dudan guztietan euskaraz hitz egiten saiatzen naiz.
Euskara ikasteak ateak ireki al ditzake? Zuri zertan lagun diezazuke?
Lehen esan bezala, euskara ikasteak lan munduan ate asko irekiko dizkidala ziur nago. Euskara jakinda lan aukera gehiago izango ditut, ia leku gehienetan lan egiteko ezinbestekoa baita. Horrez gain, nire eguneroko bizitzan ere beharrezkoa da, batez ere lagunartea zabaltzeko eta ingurukoekin hobeto ulertzeko; zoritxarrez, oraindik itzultzailea behar baitut zenbait elkarrizketa jarraitzeko edo ulertzeko.
Zer da gehien kostatzen zaizuna?
Askori bezala, gehien kostatu eta kostatzen zaidana lotsaren muga gainditzea da, euskaraz hitz egiteko pausoa ematea, alegia. Hizkuntza guztietan gertatzen den moduan, errazagoa da ulertzea, hitz egitea baino.
Uste duzu ingurukoak zure esfortzuaz jabetzen direla? Eta baloratzen al dute?
Nik uste dut baietz. Aitortu behar dut noizbait gertatu izan zaidala lehenago ez ikasteagatik norbaitek kargu hartu izana, baina gutxiengoa dira horiek. Nire ingurukoek badakite zenbateko ahalegina egiten ari naizen, eta gustura hartzen dituzte euskaraz hitz egiteko egiten ditudan saiakerak. Egia da ez dela erraza hizkuntzak ikastea. Nik hiru hitz egiten ditut, eta hizkuntzak ikastea gustuko dudan arren, aitortu behar dut esfortzu handia dela. Hala eta guztiz ere, zalantzarik gabe, saiakerak merezi du, nigatik eta nire ingurukoengatik.
Zein duzu euskarazko hitzik gustukoena?
Barre egingo duzue, baina r esatea kosta egiten zaidanez, hizki hori ez duten hitzak erabiltzen saiatzen naiz. Badut askotan erabiltzen dudan bat: baina bueno esapidea une oro erabiltzen dudala konturatu naiz.