Uren kudeaketa-sisteman hobekuntzak egiten ari da udala

Julene Sorarrain 2024ko urr. 28a, 10:00

Ur putzu handia kiroldegi ondoan Arantzazuko Andra Mari kalean. (Onintza Lete Arrieta)

Udalak jakinarazi du neurriak hartuko dituela "uraren kudeaketa sistema hobetzeko eta klima aldaketaren ondorioz, gero eta maizago izaten diren uholdeak ekiditeko".

Eurite gogorrek eta marea biziek gorabehera ugari sortu dituzte herrian azken asteetan. "Orio errioaren bazterrean eraikita dago eta ura kudeatzeko sistemak zailtasunak planteatzen ditu, bereziki, klima–aldaketaren ondorioz gero eta maizago izaten diren euriteen ondorioz". Arazo hauen harira, Orioko Udalak sistemak nola funtzionatzen duen azaldu nahi die herritarrei, "zailtasunen jatorria" ulertzen laguntzeko.

Herriko sarearen zatirik handienean "saneamendu-sistema separatiboa" dago: alde batetik, euri-urak biltzen dira eta, bestetik, ur beltzak. Euri-urak Oria ibaira isurtzen dira, eta ur beltzak, aldiz, Zarauzko Iñurritza araztegira ponpatzen dira.

Euri-urentzako balbulak

Euri-urak Oria ibaira isurtzen direnez, segurtasun-sistema bat dago hoditerian marea altuko egunetan arazoak ekiditeko: atzera ezineko balbulak. Balbula horiei esker, marea altuko egunetan, errioko ura ez da sartzen hodietara. Horrek ondorio bat dauka: balbula hori itxita geratzen denean, euri-urari irtenbidea mozten zaio eta, beraz, pilatu egiten da hodietan. Une horretan euri asko ari badu, euri-ur hori pilatzen joaten da hodietan, momenturen batean gainezka egin eta puntu baxuenetan kalera ateratzen den arte.

Andra Mariko ingurua herriko punturik baxuena da eta, ondorioz, euri-urak pilatzen hasten direnean, salbuespen gisa, ur beltzen saneamendu-sistemara bideratzen da bertan bildutako ura. Ondorioz, ur zikinekin batera ponpatzen da euri-ur hori Zarauzko araztegira. "Salbuespenez hartutako neurria da eta ez da egokia", gehitu du udalak.

Kontu hori behin betikoz konpontzeko, udalak obra hauxe egitea aurreikusten du Andra Mari ingurua berritzeko proiektuaren barruan: "Inguru horretako euri-urak jasotzeko sarea deskonektatu egingo du herriko saretik eta sare horrek euri-urak ponpatzeko sistema propio bat izango du. Ponpaketa-sistema horren bidez, auzoan pilatutako euri-urak ibaiaren mailatik gora hustuko dira eta, hartara, mareagoran ere hustu ahal izango dira".

Herriguneko hainbat puntutan ura erraz pilatzen da, hala nola, garaje batzuetan, kaleko aparkaleku batzuetan eta zenbait lokaletan. Gune horietan ponpak jarri dituzte jabeek, ura ateratzeko. Udalak azaldu du ponpek argindarrarekin funtzionatzen dutela eta, ondorioz, "euriak argindar-sarea kaltetzen badu, sistemak funtzionatzeari uzten diola".

Transformadoreei dagokienez, Iberdrolaren argindar-sistemako transformadore batzuk lurpean daude, gela moduko espazio batzuetan instalatuta. "Areto horiek ponpaketa-sistema propioa dute, segurtasuna bermatzeko; baina, nolanahi ere, transformadoreak bustitzeko prestatuta daude", gehitu du udalak. Halaber, aurreko astean Arrantzale kaleko transformadorea kaltetu egin zen eta horregatik joan zen argindarra hainbat orduz. Iberdrolak transformadorea konpondu behar izan zuen, argindarra berrezartzeko.

Epe motzeko neurriak

Udalak jakinarazi du neurriak hartuko dituela "uraren kudeaketa sistema hobetzeko eta klima aldaketaren ondorioz, gero eta maizago izaten diren uholdeak ekiditeko". Epe motzean aurreikusitako neurriak hauek dira:

  • Petrila luzatzea Ibai Ondo pasealekuaren punturik baxuenean, zubi azpiko pasalekuan ura sartu ez dadin marea goran.
  • Euri-urak ibaira husteko puntuen azterketa egitea eta tokian tokiko esku-hartzeak egin.
  • Gorago esan den bezala, Andra Mari auzoko euri-uren sistema herriko sistematik bereiztea eta horko euri-urak aparte punpatzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide