Hitzordu garrantzitsua izan zuten atzo arratsaldean oriotarrek Zimitorioan. Orioko Udalak OKEPE 2024-2028 izena jarri dion lehendabiziko kulturaren plan estrategikoa diseinatu du, herriko eragileen parte hartzearekin, eta lanketa horren berri eman zuen ekitaldi serio bezain gozo batekin, non herritarrak interes handiarekin bertaratu ziren.
Ane Blazquezek eman zion hasiera saioari, organoa jotzen. Jarraian, udaleko ordezkariek hartu zuten hitza: lehenik eta behin, Anuska Esnal alkateak eta, gero, Xabi Ibarguren Kultura zinegotziak. Plan estrategikoaren nondik norakoen berri eman zituzten, bere balioa eta beharra azpimarratuz. Era berean, Elhuyarreko kide Leire Lizarraldek lortu nahi diren helburuak eta horretarako lan lerroak zeintzuk izango diren azaldu zituen: bost lan lerro izango ditu, hamasei helburu lortzeko eta 50 ekintza egingo dira, guztira. Jakinarazi zutenez, kulturaren plan estrategiko osoa Orioko Udaleko webgunean jarriko dute datozen egunotan.
Ekitaldian zehar, kultur printzak ez ziren falta izan: Leire Illarramendi eta Eneritz Illarramendi aritu ziren kantuan gitarrarekin; Aitor Herranzek poesia errezitatu zuen, Iñaki Gurrutxagak gitarraz lagunduta; eta Gurrutxaga bera bertsotan aritu zen. Aurkezpen amaieran, Iñigo Gaiton Kultur teknikaria aritu zen solasean, eta ezer baino lehen, aurreko teknikari Jon Agirresaroberen lana eskertu zuen. Segidan, herriko hainbat eragile elkarrizketatu zituen: Ostargi, Gazte Mugimendua, Salatxo abesbatza, Musika Eskola, herriko sortzaile bat eta abar.
Ekitaldia borobiltzeko, familia argazkia atera zuten bertaratu ziren guztiek, eta ondoren, mokadutxoak dastatzeko aukera izan zuten, DJ Fisher gazteak giroa alaitzen zuen bitartean.
Plan estrategiko osoa irakurgai dago hemen.
Xede estrategikoak
Orioko Kulturaren Plan Estrategikoa 2024-2028 osatzeko bost lan lerro finkatu dituzte, eta guztira, hamasei xede lortu nahi dituzte; bide horretan, 50 ekintza egingo dituztela finkatu dute. Hona hemen puntuz puntu planean zehaztutakoa:
1. Kulturan eta parte-hartzearen kulturan sakontzea
- Gazteen aktibazioan eragitea
- Orioko kultur dinamikan belaunaldiarteko harremanak bultzatzea
- Herrigintza eta kulturaren izaera komunitarioa nabarmentzea eta euskal komunitatean zein oriotarren nortasuna eta transmiosioa bermatzeko eragitea.
- Kultura erdigunean jartzea: herriko kultur egileak, sortzaileak eta norbanakoak aitortu eta balioan jartzea.
- Kultura Saila indartzea.
2. Eragileen arteko elkarlana eraginkorra
- Orioko kultur dinamikan elkarlana eta sinegia berriak bultzatzea; kultur eragileen artean zein herriko gainontzeko eragileekin.
- Kultur agendaren kudeaketa eraginkorra bermatzea.
3. Kultur eredua: euskara ardatz eta inklusiboa
- Ertzetan dauden pertsonen eta kolektiboen interesei erantzungo dien eta zeharkako ikuspegiak presente izango dituen kultur eredua lantzea.
- Kulturartekotasuna oinarri, oriotar berriak herriko kultur dinamiketara gerturatzea eta elkarbizitzan sakontzea.
- Euskara ardatz eta inklusiborako tresna dela bermatuz, hizkuntza kuadeatzeko estrategiak lantzea.
- Orioko kultura ereduaren inguruko hausnarketa kolektiboa egitea.
4. Kultur eskaintza oparoa eta kulturaren ikusgarritasuna
- Askotariko diziplinak barnebilduko dituen programazio kulturala aberastea.
- Kulturaren ikusgarritasuna bermatzea eta komunikazio-kanal propioa sortzea.
5. Espazio, azpiegitura zein baliabide biziak eta partekatuak
- Herriko azpiegiturak berrikustea eta ekipamendu/espazio funtzionalak eraikitzea edo egun daudenen erabilera adostea.
- Kaleko espazioei indarra ematea eta gehiago erabiltzea.
- Sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzea.
Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta Orioko Udala