Hitzordu garrantzitsua dute oriotarrek gaur arratsaldeko zazpietan Zimitorioan, Orioko Udalak lehendabiziko aldiz kultur plan estrategikoa diseinatu baitu, eta lanketa horren berri emango baitu jendaurrean. Urtarrilean hasi zuten prozesua herriko eragileekin batera, eta Iñigo Gaiton udaleko Kultur teknikariak azpimarratu du lanketa "oso aberatsa" izan dela parte hartzeari dagokionez: "Plan estrategiko honen bermea da zenbat pertsonak parte hartu duten prozesuan, jende askoren ahotsa bildu duelako". 64 herritarrek parte hartu dute, eta horiek 23 eragile ordezkatu dituzte. Halako prozesu baten beharra zegoela azaldu du Gaitonek, "batetik herriko kultur eragileen lanaren bolumen handiagatik eta lan hori guztia egoki koordinatzeko, eta bestetik, herriko eragileen egoeraz eta azpiegiturez hausnartzeko".
Azterketa "ildo horretan" egin dela jakinarazi du Kultur teknikariak. Hala, batetik, eragileak zer egoeratan dauden eta beren arteko harremanak nolakoak diren aztertu dute; eta, bestetik, udalak kultur arlora zer baliabide ekonomiko eta tekniko bideratzen dituen aztertu dute, baita herriko azpiegiturez hausnartu ere.
Urtarriletik uztailera sei bilera egin dituzte herriko kultur eragileekin eta norbanakoekin, Elhuyarren gidaritzapean. "Herritar eta eragile askori eskatu zaie beren iritzia, eta partaideek eskertu egin dute hori; hala adierazi dute prozesua bera baloratzerakoan", azaldu du Gaitonek.
Ondorio nagusiak
Herriko kultur arloaren diagnostikoak ondorio argi batzuk plazaratu ditu. Horietako bat da herritarrek gaztetxo eta gazteentzako ekitaldien falta sumatzen dutela. "Adin tarte jakin batengana iristeko zailtasuna atzeman dugu; nerabeengana, alegia", esan du Kultur teknikariak. Beste ondorio edo eskaeretako bat da herriko musika talde eta sortzaileei "lehentasuna ematea herrian jarduerak programatzerakoan". Hori egiten dela uste du Gaitonek, eta "ildo horretan jarraitu" behar dela. Horrekin lotuta, herriko sortzaileentzat beka sistema ezartzea ere jaso du txostenak.
Bestalde, 200-300 pertsonarentzako "fundamentuzko areto baten beharra" ikusi dute, "Kultur Etxeko aretoa, esaterako, ez dagoelako prestatuta erakusketa bat hartzeko nahiz antzezlan mota batzuk eskaintzeko". Eragileen agendak "hobeto koordinatzeko beharra" dagoela ere ondorioztatu dute, "askotan elkar zapaltzen direlako".
Horiez gain, diagnostikoak beste gai konplexu bat jarri du mahai gainean, hizkuntza eta kultur aniztasunarena: "Kanpotik jendea etorri da, eta horiek euskararen bidez integratu nahi ditugu. Horretarako tresna ere bada kultur programazioa. Egia da zailtasunak daudela, eta herritar batzuengana ez garela behar bezala iristen", esan du Gaitonek. Hor "sekulako erronka" ikusten du: "Herrian dugun hizkuntz aberastasunari balioa emanez, denentzako moduko kalitatezko kultur eskaintza bat osatzea".
Beste ondorioetako bat da belaunaldi erreleboa ez dagoela bermatuta talde guztietan, eta, horregatik, "arlo horretan arreta jartzea" beharrezkotzat jo dute, baita "ahal den neurrian horiei udalak laguntzea" ere. "Gazteen aktibazioan eragin beharra" ere ikusi dute, eta horrez gain, eragileen artean barne komunikazioa hobetzea eta ekitaldi bateratuak sortzea aipatu dute txostenean. "Herribil ikuskizuna litzateke horren adibidea edo eredua".
Azkenik, azpiegituren gaia ere garrantzitsua da, diagnostikoan ondorioztatu dutelako "Kultur Etxea txikia eta zaharkitua" gelditu dela, "batez ere aretoa mugatua delako", eta beraz, toki egoki baten beharra jaso dute txostenean.
Plan estrategikoak 2028. urtera arte garatu beharreko lan lerro eta ekintza zerrenda ere jasotzen du. Lehentasunak zehaztea eta horiei heltzea izango da hurrengo pausoa, eta zentzu horretan, beste puntu garrantzitsu bat jaso dute planean: "Formula bat bilatu behar da eragileen artean elkarlana eta koordinazioa hobetzeko, udalarekin batera". Kultur Mahaiak bete dezake funtzio hori, edo beste euskarriren batek. Laster definituko dute hori.
Herritar guztiak gonbidatuta
Orioko aurreneko kultur plan estrategikoa gaur 19:00etan aurkeztuko du udalak Zimitorioan, eta jakinarazi du herriko sortzaile batzuek parte hartuko dutela aurkezpenean. Ekitaldia amaitutakoan, mokadutxoa dastatzeko aukera izango dute denek elkarrekin. Herritar guztiak gonbidatuta daude aurkezpenera.