Orioko Hezkidetza Diagnostikoa egiteko plana martxan jarri du udalak

Julene Sorarrain 2024ko urr. 24a, 13:00

Hezkidetza Mahaiak maiatzetik ekainera antolatu zuen LGTBIQ+ Zikloaren aurkezpeneko irudia. (Orioko Udala)

Lanketaren bidez, hezkidetzan jarduten duten eragileen arteko koordinazioa bilatu nahi da. Era horretan, datozen urteetan landu beharreko helburuak eta ekintzen bide-orria zehaztuko dira.

Orioko Udalak herriko hezkuntza-komunitate osoaren lanketa egiteko prozesua abiatu du, Eihera aholkularitzarekin elkarlanean. "Lanketaren helburua da herriko hezkuntza-komunitatearen mapa bat sortzea, eta esparru formalean eta ez formalean dauden eragileen beharrak, hutsuneak eta erronkak identifikatzea, hezkidetzaren ikuspegitik", azaldu du udalak.

Lanketaren bidez, hezkidetzan jarduten duten eragileen arteko koordinazioa bilatu nahi da. Era horretan, datozen urteetan landu beharreko helburuak eta ekintzen bide-orria zehaztuko dira.

Lehen urratsa urte hasieran eman zuten, Hezkidetza Mahaiaren sorrera, hain zuzen. Mahai horretako kide dira herriko ikastetxeak, Txurrumuski aisialdi-taldea, eta udaleko hezkuntza eta euskara teknikaria, kirol eta gazteria teknikaria, Saregileko teknikariak eta Hezkuntza zinegotzia. Mahaia sortu zenetik, hilero bildu dira, herriaren erronkak definitzeko eta elkarrekin koordinatzeko. Mahai horretatik eratorri zen, besteak beste, maiatzaren 17tik 28ra antolatu zen LGTBIQ+ zikloa.

Eragileekin elkarlanean

Mahaiak detektatutako beharrei erantzunez, udala Eihera kooperatibarekin jarri da harremanetan. Haiek arduratuko dira herriko egoeraren diagnostikoa egiteaz, helburuak zehazteaz eta ekintza plana proposatzeaz, eragileekin elkarlanean.

Lehen fasea dagoeneko martxan da, eta Eiherako kideak harremanetan daude udalarekin eta Hezkidetza Mahaiarekin, lehen datuak biltzen hasteko. Datozen hiletan, herriko eragileekin bilduko dira, lan saioak planteatzeko asmotan.

Jarraian, bildutako datuak aztertuko eta interpretatuko dira. Datu horietatik abiatuta, ondorioak jakinaraziko zaizkie prozesuan parte hartu duten norbanakoei nahiz eragileei.

Azkenik, guztien artean neurri sorta bat proposatuko da, aurrera begira hezkidetzaren alorrean urratsak egiteko. Prozesua "ahalik eta parte-hartzaileena" izan dadin, hezkidetza mahaiak dei egiten die udaleko langile eta zinegotziei, herriko eragileei eta gazteei, beren ekarpenak egin ditzaten.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide