Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian kaleratu dute Muntoko babes ofizialeko 46 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematen dion araua. Esleipen-prozeduran parte hartzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Etxebide zerbitzuan izena emanda egon behar da aldez aurretik. Baldintzak betetzen dituzten herritarrek posta elektroniko bidezko mezua edo gutuna jasoko dute prozesuan parte hartzeko onartuak izan direla jakinaraziz. Oraindik izena eman gabe dutenek, berriz, bihar hasita azaroaren 4ra arteko epea izango dute Etxebiden izena emateko. Horiek ere, baldintzak betetzen badituzte, posta elektroniko bidezko mezua edo gutuna jasoko dute.
Bete beharreko baldintzek erroldarekin eta diru sarrerekin dute zerikusia, baita bizikidetza-unitate tamainarekin ere, sei pertsona baino gehiagokoentzat ez baitaude prestatuta etxebizizak. Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:
- Errolda: Etxebiden izena emanda dagoen titularretako batek, gutxienez, Orion erroldatuta egon behar du agindu hau argitaratzen den datan. Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu behar udalerri honetan erroldatuta daudenik parte hartu ahal izateko.
- Etxebideko eskaera: etxebizitza babestuen eta zuzkidura bizitokien eskatzaileen erregistroan alta emanda egon behar da alokairuko eskatzaile gisa, Orion. Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero indarkeriaren biktima diren emakumeek parte hartu ahal izango dute edozein dela eskaera udalerria.
- Diru sarrerak: 2023. urteko zergaldiko diru sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 43.753,71 euro baino handiagoak. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoa dutenek edo genero indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dituzte gutxieneko diru sarrerak egiaztatu beharko. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonek ere ez dituzte diru sarrerak egiaztatu beharko. Diru sarrera konputagarrien hartzailetzat joko dira gaitasuna judizialki aldatu ez zaien eta bizikidetza unitatearen parte diren adin nagusiko pertsona guztiak.
- Bizikidetza unitatearen tamaina: bizikidetza unitateak ez izatea sei kide baino gehiago.
Etxebiden izena emateko, honako aukera hauek daude:
- Etxebideren webgunearen bidez.
- Aurrez aurre (aurretik hitzordua hartuta), Etxebideren egoitzan (Andia kalea 13, Donostia).
- Postaz, Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan (Andia kalea 13, 6. solairua, Donostia). Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera data kontuan har dadin.
2021ean aurkeztutako proiektua
2021eko uztailaren 16an aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak Muntoko orubean alokairu sozialeko 46 etxebizitza egiteko proiektua. Egitasmo garrantzitsua da Oriorentzat, herrian alokairu sozialean eskainiko diren aurreneko etxeak izango baitira.
Proiektua aurkeztu zutenean, etxeak 2026rako amaitzea aurreikusi zuten, eta gaur-gaurkoz, lanak aurreratuta doazela dirudi. Oraingoz, ordea, ez dute jakinarazi noiz egongo diren erabilgarri.