Urriaren 21ean Jorge Oteiza eskultorearen jaiotzaren 116. urteurrena ospatuko da, eta Orioko Udaleko Kultura sailaren asmoa da, urtero, egun seinalatu horren bueltan jarduera bat antolatzea. Aurten, Oteiza Orion hitzaldi ibiltaria egingo dute. Larunbat honetan izango da hori, eta parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, turismo bulegoan. 11:00etan hasiko da saioa Herriko Plazan, eta azalpenak Ismael Manterola EHUko irakasle, komisario eta arte kritikari zumaiarrak emango ditu.
Plazatik abiatu eta herrian zehar hiru geldialdi egingo dituztela azaldu du Manterolak, baina ibilbidea ez dela zurruna: "Parte hartzaileek eska dezakete Oteizarekin harremana duen beste leku batera joatea ere: jendearen proposamenei zabalik dago. Neu ez naiz oriotarra, beraz, herritarrek gehiago jakin dezakete. Nik hiru leku ditut pentsatuta, hala nola Oteizaren jaiotetxea, enbiltarren etxea –eskultorearen aitona-amonen etxea izana– eta Pietatea eskultura. Bestalde, plazatik Elizarako aldapan Oteizaren eskultura bat dago, bere osabaren bustoa, hain zuzen. Bertan ere geldialdia egingo dugu lana aztertzeko". Toki horiek Iñigo Gaiton Kultur teknikariarekin hitz eginda aukeratu ditu, «leku aproposak» irudituta. "Beste aukera bat zen Kukuarrira igotzea, baina Kukuarriko Ama Birjinari buruzko azalpenak eskulturaren aurrean bertan emango ditut", esan du.
Artista "puskatzailea"
Oteiza euskal artista esanguratsuenetarikoa izan da, eta Manterolak gaineratu du "Euskal Herriak eman duen eskultore teorikoena eta esperimentalena" izan dela. "Euskalduntasuna planteatzen du bere obran; euskalduna izatearen arrazoia zein den, eta euskalduna izatearen bitartez, helburu horietara nola iritsi".
Manterolak Oteizaren eta Orioren arteko harremana hartuko du hizpide hitzaldian: "Garrantzitsua da jakitea zer harreman izan zuen jaioterriarekin eta horrek bere obra nola baldintzatu zuen. Oteizak berak kontatzen zuen moduan, txikitan hondartzara joan eta hondarra ateratzen ibiltzen zen. Lurrean zuloak egin ostean, bertan sartu eta zeruari begira egoten zen. Hori izan zen bere lehenengo esperientzia espazioarekin, baita eskultore izatearen arrazoietako bat ere".
Manterolak ez du hitzaldi ibiltaria "bisita gidatu batekin" nahastea nahi, izan ere, parte hartzaileekin "elkarrizketa bat" sortu nahi du: "Jendeak bere esperientzia kontatzea nahi dut, agian Oteiza bera ezagutu zutelako. Horrek hitzaldia aberastuko luke. Elkarrizketa bat sortu nahi dut denon artean: nola ikusten duten artista ezagun bat herrikoa izatea, baita memorian geratu diren anektodak kontatzea ere. Nik asko dut azaltzeko, baina interesgarria izan daiteke herritarren bizipenak entzutea ere".
Euskal Herrian zehar eskultura asko dituen arren, mundu osoan izan zen ezaguna, eta beste herrialdeetara ere iritsi da haren obra. Hala eta guztiz ere, Manterolak argitu du ez zuela "ahalegin handia" egin kanpoan ezaguna izateko: "Berari ez zitzaion interesatzen artista internazionala izatea".
Oteizaren lana kanpora eramaten denean, beste testuinguru batean ikusten da, hau da, 1950eko hamarkadako Euskal Herriaren testuinguruan: "Garai hartan interes batzuk existitzen ziren eskultoreen artean eta bera nazioarteko mugimendu baten parte zen. Hutsunearen gaineko interesa zuten garaiko eskultoreek. Oteizak egiten zuen bezala, hutsune bat bilatzen edo probokatzen zuten, lanak babes espiritual bat izan zezan. Eta beste herrialdeetan ere hausnarketa hori bera egiten zuten. Bestalde, Oteiza puskatzaile bat zen, eta asko ez ziren ados egon apurtu zuenarekin".
Hitzaldiaz gain, urriaren 21ean, astelehenean, Zaragueta herri eskolak eta Orioko Herri Ikastolak antolatu duten haurren marrazkien erakusketa egingo dute, Oteizaren urteurrenaren harira.