Lehentasunak lehentasun

Orioko Udala 2024ko urr. 14a, 10:00

Saregile emakumeen etxe aurrean bilkura, iaz.

Saregile emakumeen etxeak urtea bete zuen irailean, eta hilabete horretako Aia-Orio Guka aldizkarian honako iritzia plazaratu zuen gaiaren harira Orioko Udalak.

Saregile Orioko emakumeen etxeak orain dela urtebete zabaldu zituen ateak, 2023ko irailaren 15ean. Udalak, aurrez, 2019an, Ahalduntze Eskola sortua zuen, berdintasun politikak sustatzeko premiari erantzuteko, eta Orio herri parekide eta feminista bihurtzeko prozesu luze eta malkartsua abiatu zuen.

Ordutik, Gizarte Zerbitzuen saila lehentasunezko alor gisa identifikatu du udalak eta, azken urteetan, baliabide berriak sortu ditu herritarren beharrei erantzuteko: Txalupan programa, laguntza psikozialeko programa, zaintza ekosistemaren lanketa, eta baliabide indibidual zein kolektibo ugari. Ondorioz, Gizarte Zerbitzuen aurrekontua %352 hazi da ordutik.

Prozesu horren barruan, eta Ahalduntze Eskola egiten ari zen bidea ikusita, Saregile Orioko emakumeon etxea martxan jartzeko proiektua lantzen hasi zen udala herriko eragile feministekin eta herriko emakumeekin elkarlanean. 2023ko iraileko irekiera urrats garrantzitsua izan zen. Saregilek funtsezko ekarpena egiten die udaleko Gizarte Zerbitzuei indarkeria matxistaren alorrean: itxaron zerrendak murriztu dira, detekzioa eta prebentzioa areagotu dira, emakumeen beharren araberako bide propioak diseinatzeko aukera eskaini du, ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatu ditu…

Azpimarratzekoa da Gizarte Zerbitzuen eta Saregileren arteko elkarlan sendo eta etengabea. Berdintasunaren alorrean aurrerapausoak emateaz gain, indarkeria matxisten biktimei edo egoera zaurgarrian dauden pertsonei berehalako arreta emateko bideak eraiki dira eta, azken bi urteetan, biderkatu egin da arreta juridikoa eta psikologikoa jaso duten herritarren kopurua.

Kontuan izan behar da, bestalde, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten laguntza psikologiko eta juridikoak Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen baliabideetara mugatzen direla. Ondorioz, erabiltzaileek lau eta bost hilabete artean itxaron behar izaten dute, batez beste, laguntza jasotzeko, horrek duen eragin psikologikoarekin. Saregile eta Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazioaren bidez, ordea, erabiltzaile horiek sarbidea dute orain Saregileren aholkularitza psikologiko eta juridikora, aldundiaren ebazpenaren zain dauden bitartean, orientazioa eta babesa jasotzeko.

Baina herrian emakumeen ahalduntzea eta feminismoa lantzearekin batera, ohikoa izaten den bezala, kontrako jarrerak eta erresistentziak agertu dira herrian: bai LGTBI mugimenduaren kontra, baita feminismoaren aurka ere.

Feminismoa emakumeen eta gizonen eskubideen berdintasunaren printzipioan oinarritzen da. Legeak berdinak garela jasotzen duen arren, errealitatean ez da hala, eta emakumeen eta gizonen arteko parekidetasunaren aldeko bidean, Orioko lehen Berdintasun Plana ia burutu den honetan, iritsi da garaia maskulinitateak edo gizontasun ereduak lantzeko. Mutil eta gizon askok haien kontrako ideologiatzat hartzen dute feminismoa, baina herrian denontzat dago lekua, eta bakoitzari dagokiona eman behar zaio. Batzuek bultzada beharko dute; beste batzuek, agian, mugak.

Hori guztia jasotzen saiatuko da udala datozen hilabeteetan landuko duen herri mailako hezkidetza diagnostikoan. Herriko eragile asko elkarrizketatuko dira, eta haiek esango dute zein bide egin behar den hezkidetza oinarri duen herri bat eraikitzeko. Guk berdintasun politikak sustatzen segituko dugu, emakumeen saretzea eta ahalduntzea lehenetsiz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide