Eguneroko bizitzan, itxuraz hutsalak eta garrantzirik gabekoak izan litezken ohitura batzuek eragin sakona izan dezakete gure seme-alaben bizi kalitatean, osasunean eta eskola errendimenduan. Bitxia dirudi, baina ohitura horietako bat arnasteko dugun modua da. Aho arnasketa ohikoa izan arren, haur askoren potentziala geldiarazi dezake.
- Posturan eta garapenean dituen ondorioak: Ahotik arnasteak eragin zuzena du haurraren posturan eta bere aurpegiaren garapenean. Normalean, ahotik arnasten duten haurrek jarrera makurtua izateko joera dute, burua aurrerantz mantentzen baitute aire fluxua errazteko. Horrek, epe luzera, lepoko eta bizkarreko minez gain, hainbat arazo ekar ditzake sistema muskulu eskeletikoan.
- Osasun otorrinolaringologikoan duen eragina: Ikuspuntu otorrinolaringologikotik, ahotik arnastean airea ez da behar bezala iragazten edo berotzen, sudurretik pasatzean egingo lukeen bezala. Horrek areagotu egiten du arnas infekzioak, alergiak eta errinitisa eta sinusitisa bezalako arazoak izateko arriskua. Era berean, ahoko arnasketa loaldiko apnearekin lotuta egoten da maiz. Loaren apnea duten haurrek lo etena eta kalitate txarrekoa izaten dute, horien atsedenean eraginez eta, ondorioz, horrek ere eragina du eskolan kontzentratzeko eta ikasteko gaitasunean.
- Ondorio odontologikoak: Odontologiaren ikuspegitik, listua funtsezkoa da ahoa garbi eta osasuntsu edukitzeko. Listua azkarrago lehortzen da ahotik arnasten denean, eta horrek areagotu egin dezake txantxarra eta gaixotasun periodontala izateko arriskua. Gainera, ahoko arnasketak hortzak gaizki lerrokatzea eta hozkadan arazoak izatea eragiten du eta, beraz, gure haurrak etorkizunean ortodontzia tratamendu bat egitera bultzatu ditzake. Bestalde, aurpegiaren forma bereizgarriak sortarazten digu: aurpegi luzeak, begi zakar markatuak eta abar.
- Eskola errendimenduarekin erlazio zuzena: Aho arnasketaren ondorio kezkagarrienetako bat oxigenazio egokirik eza da. Sudurretik arnasten dugunean airea iragazten, bustitzen eta berotzen duten egituretatik igarotzen da airea, biriketara iritsi baino lehen. Gainera, sudurreko arnasketak oxido nitrikoa askatzen laguntzen du, gorputzean oxigenoa hobeto xurgatzen laguntzen duen gasa.
Aitzitik, ahoko arnasketak ez ditu onura horiek eskaintzen, eta oxigenazioaren eraginkortasuna murriztu dezake horrek. Horrek burmuinean oxigeno gutxiago izatea eragin dezake, eta negatiboki eragiten die funtzio kognitiboei, hala nola kontzentrazioari, memoriari eta informazioaren prozesamenduari. Horren ondorioz, eskola errendimendua murriztu egiten da.
Ahoko arnasketaren ondorioz lo ondo egiten ez duten haurrek Arreta Defizitaren (TDA) eta Hiperaktibitatearen Nahasmenduaren (TDH) antzeko sintomak izaten dituzte, kontzentratzeko zailtasun, hiperaktibitate eta suminkortasun gisa. Horrek okerreko diagnostikoak eta tratamendu desegokiak eragin ditzake, arazoaren benetako sustraia landu beharrean, hau da, arnasa hartzeko modua zuzentzea.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, ondorioa garbia da: aho arnasketaren diagnostiko goiztiarraren garrantzia. Funtsezkoa da bai gurasoak, bai osasun profesionalak haurren ahoko arnasketa zantzuei adi egotea. Diagnostiko goiztiar batek alde handia egin dezake haur baten bizitzako arlo askotan, eta aukera ematen du esku hartzea garaiz egiteko eta etorkizunean arazo handiagoak prebenitzeko. Adi aho arnasketarekin!