Ez dakienarentzat, nola azalduko zenuke zer den drone soccer jokoa?
Drone soccer-a munduko kirol berritzaileenetako bat da, edonork joka dezakeena; izan ere, 8 urtetik aurrerako haurrek joka dezakete, baita ezgaitasunak dituzten pertsonek ere. Horrek abantaila asko eskaintzen ditu. Gure ekitaldietara pertsona guztiak daude gonbidatuta, eta giro polita sortzea da helburua.
Nolakoa izan zen zure aurreneko esperientzia joko horrekin? Zer iruditu zitzaizun?
Unibertsitateko bidai batean ezagutu nuen, Hego Korean. Bertan Drone Expo 2030 izeneko dronen azoka batera joan ginen. Han ezagutu genuen FIDA (Drone Soccer Assosiation nazioarteko federazioa), eta dronen mundua azaldu ziguten pixka bat; beren taldea ezagutzera ere eraman gintuzten, eta bertako instalazioak erakutsi zizkiguten. Han, lehen aldiz, drone soccer bat partida ikusi genuen. Oso zirraragarria izan zen; izan ere, inoiz ez genuen halakorik ikusi eta, pertsonalki, asko eragin zidan. Zeharo esperientzia polita izan zen niretzat.
Nola bururatu zitzaizun ideia hau Oriora ekartzea?
Etorkizuna ikusten nion proiektu bezala, eta gainera, FIDAkoek Espainiako ordezkari izatea eskaini zidaten, eta dudarik gabe onartu nuen. Orduan lanari ekin nion: lehenengo helburua jokoa Oriora ekartzea izan da, nire herria delako eta ezagun asko dauzkadalako, eta errazagoa izan zaidalako jende gehiago erakartzea. Baina Euskal Herri mailan ere ari gara zabaltzen. Aurreneko ekitaldia Orion egin genuen, eta Tuteran, Iruñean eta Irunen ere egin ditugu. Pixkanaka, proiektua hazten doa.
Erraza egin zitzaizun berritasun hau Orio bezalako herri txikira ekartzea? Ala trabak izan dituzu?
Nire ustez, oso erraza izan da Oriora ekartzea. Azkenean, gazteei segituan gustatu zaie, eta berrikuntza bat denez, interes handia sortzen du. Izan dezakegun traba bat da guztiei etengabe azaldu beharra zer den drone soccer-a, munduko beste puntan sortu den joko bat delako eta gutxik ezagutzen dutelako. Horregatik, ezjakintasuna izan daiteke traba bat, baina, behin lehen ekitaldia egindakoan, dena errazagoa izan da eta, pixkanaka, jendeak gehiago ezagutzen du kirol hau.
Haurrek zein helduek harrera ona egin al diote joko honi?
Harrera ona izan du helduengan eta, batez ere, haurrengan. Baina gauza batzuk hobetzeko ditugu harrera are eta hobea izateko. Izan ere, ikusi dugunagatik, gure erronka neskak kirol honetara gerturatzea da, ekitaldietan ia beti mutilak etortzen zaizkigulako, eta alde horretatik, nesken interesa ere piztu nahi dugu. Horregatik, guretzat harrera ona guztiek parte hartzea izango litzateke, talde batean erdia neskak eta beste erdia mutilak izatea.
Zein dira zure etorkizuneko planak drone soccer-aren komunitate honetan?
Batetik, drone soccer-aren aurreneko liga sortu nahi dugu Espainia mailan, eta horretarako, lehenengo, taldeak sortu beharko ditugu, ondoren beraien artean lehiatzeko. Helburu hori aurrera eramateko Euskal Herrian hasi gara ekitaldiak egiten, Iruñean, Donostian eta Irun bezalako hirietan, besteak beste. Aurreago, Espainia mailan egingo ditugu. Bestetik, Interneten plataforma bat sortzea ere bada gure helburua, plataforma horretan partiden emaitzak, jokalarien datuak etab. azaltzeko. Nolabait, komunitate bat sortzeko asmoa daukagu, eguneko partidez aparte, Interneten dron soccer-aren edukia egoteko. Horrekin gazteak erakarri nahi ditugu.