Joxe Mari Unanue Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak bultzatutako zazpigarren Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketaren aurtengo irabazlea da.
Tori, mikroplastiko bat eleberriak euskarazko lan onenaren saria jaso du Ramiro Pinilla sariketan. Nola izan zenuen lehiaketa horren berri?
Interneten lehiaketak publikatzen dituzten webguneak jarraitzen ditut, eta horietako batean aurkitu nuen. Buruan banituen lehendik hainbat proiektu, eta horietako bati heldu nion. Betidanik idatzi dut, gauza txikiak gehienbat. Orioko nahiz beste herrietako lehiaketetan ere parte hartu izan dut. Ipuinak edo olerkiak, beti zerbait izan dut esku artean. Hori bai, hau izan da nire lehenbiziko lan luzea.
Epaimahaiak zure testuaren "freskotasuna eta gaurkotasuneko gaietan sakontzeko erraztasuna" nabarmendu ditu. Nola jaso dute lana, ordea, zure ingurukoek? Kritikoak izan al dira zurekin?
Kritika onak jaso ditut orokorrean, bai familiakoen partetik, bai lagunengandik. Ilusioa eragin du nire inguruan.
Tori, mikroplastiko bat izena du eleberriak. Labur-labur eta espoilerrik egin gabe, zeri buruzkoa da idatzi duzun istorioa?
Argitaratzen bada, seguruenik aldatu egingo diote izenburua, ez zaielako asko gustatu epaimahaikideei. Baina esentzia mantendu nahi dut. Mikroplastiko horrekin erreferentzia egin nahi izan diot ikusten ez diren baina hor dauden gauzei. Plastikoa degradatzerakoan sortzen diren zatitxoak dira mikroplastikoak. Ez dira ikusten baina hor daude, bai uretan, bai lurrean... leku guztietan.
Eleberri honetan, protagonista Ane da, eta bere bikotekidearekin harremana apurtu berri du. Beraz, kalean geratzen da, etxe gabe, baina bere gurasoengana itzuli beharrean, amonaren etxera joatea erabakitzen du, bertan askatasun handiagoa izango duelakoan. Tamalez, amona eta bera ez dira oso ondo moldatzen, bakoitzak ohitura ezberdinak dituelako. Geroago ikusiko da biek zerbait ezkutatzen dutela. Amonari, nahiz eta hasieran hain nabarmena ez izan, asko eragiten diote iraganean egin zizkioten gauzek.
Nondik etorri zaizu inspirazioa lana idazterakoan? Zure inguruan ikusi duzun egoera bat al da?
Egia esan, eleberrian lantzen diren gaiak eta kezkak egunerokoari oso lotuta daude, hala nola etxebizitzen gaur egungo arazoari edota zahartzaroaren eta gaztaroaren arteko ezberdintasunei. Mugaren gaia ere lantzen dut; izan ere, eleberria Bidasoa ibaian kokatuta dago. Ez da bakarrik herri bat banatzen duen muga; pertsona askori muga horrek zailtasunak eragiten dizkie, eta horiek landu ditut. Bira asko dituzten istorioak idaztea dut gustuko, baita irakurtzea ere. Ideiak etortzen zaizkidanean, denborarekin garatzen joaten naiz, eta ondoren, kontakizunari forma ematen diot.
Nolako eleberriak edo liburuak dituzu gustuko irakurtzeko?
Denetarik irakurtzen dut, baina orokorrean, nobela beltza eta misteriozko lanak ditut gustuko. Badago Donostian bizi den idazle bat, Ibon Martin, eta hark liburu oso onak idazten ditu genero horien bueltan. Gazteak animatzen ditut ezagutzen ez dituzten idazleak deskubritzera.
Lehen Hezkuntzako gradua amaitu berri duzu. Nola moldatu zara orain arte unibertsitateko ikasketak eta idazketa uztartzeko?
Idaztea zaletasun bat da, betidanik nire denbora librean egin izan dudana. Eleberri bat idaztea aspalditik nuen ideia zen, baina, orain arte, ikasketak eta lana aldi berean egin behar izan ditut. Hemendik aurrera, ordea, erraztasun handiagoa izango dut idazteko, behin gradua amaituta.
Kontakizun laburrak, ipuinak eta poemak ere idatzi dituzu. Nondik datorkizu idazteko grina?
Irakurtzeko zaletasuna betidanik izan dut, baina idaztearena apurka sortu den zaletasun bat izan da. Urteekin teknika hobetzen joan naiz, ez da txikitatik izan dudan talentu bat. Esango nuke, asko irakurtzeak beti laguntzen duela idazteko trebetasunean.
Zer esango zenieke idazteko zaletasuna eta gogoa duten gazteei?
Idazteko zaletasuna duen jendea, ezezkoak jaso arren, idazten jarraitzera animatuko nuke. Aurretik parte hartu izan dut beste lehiaketa batzuetan, eta ezer ez nuen irabazi.
Idazten duzuna oso zurea den zerbait da. Nahiz eta ez izan inolako lotura pertsonalik zurekin, zure idazkera da eta bertigo apur bat eman dezake hasieran hori besteekin partekatzeak. Niri gehien eragin didatenak ezezkoak izan dira: beti pentsarazten dizute agian ez duzula beharrezko maila istorioak idazteko. Hori horrela, pentsamendu horiek alde batera utzi eta idazten jarraitu dut. Eta oso gustura nago nire ibilbidearekin.
Etorkizunera begira, gustatuko al litzaizuke saritutako lana liburu bilakatzea?
Liburua publikatzeko asmoa dut, bai. Sariarekin batera, argitaratzeko laguntza bat eman didate. Argitaletxe batek nire lana onartzen badu, liburuaren zati bat ordaintzen lagunduko didate. Argitaratuz gero, jendearen erreakzioa ikusiko nuke, baita beren iritziak jaso ere.
Dagoeneko hainbat argitaletxeri bidali diet lana, eta beren erantzuna jaso ostean, publikatzeko prozesuari ekingo nioke. Hori da nire asmoa.