Ostargi elkarteak hasi ditu joskintza ikastaroak, lokal berrian

Julene Sorarrain 2024ko urr. 1a, 10:00

Joskintza, haur-joskintza, quilling-a, kakorratza, puntua, patchwork-a, amigurumiak eta patroigintza landuko dituzte elkarteak Kaia kalean duen lokal berrian.

Ostargi elkarteak joskintza tailerrak antolatu ditu ikasturte berrirako, eta atzo eman zioten hasiera lehenengo saioei. Gainera, elkarteak lokal berria inauguratu du Kaia kalean, eta irakasleek azaldu duten bezala, "argitasun gehiago, baita ikusgarritasun gehiago ere" dute orain. Ikastaroak gazte nahiz helduei zuzenduta daude. Tailerretan haur-joskintza, quilling-a, kakorratza, puntua, patchwork-a, amigurumiak eta patroigintza landuko dituzte.

Haurren ikastaroei dagokionez, lau hilabeteko iraupena dute: urria amaieratik Gabonak arte, bi hilabetez, eta urte hasieran, aldiz, beste bi hilabete. Iazko ikasturtetik aurtengora igoera bat ikusi dute irakasleek, izan ere, iaz 13 ikasle zituzten haurren joskintza tailerrean, eta aurten 27 ikasleek eman dute izena. Ostargiko irakasle Marian Lazkanok gehitu du haurrak "oso gustura" etortzen direla tailerretara: "Josteko makinak ezagutzen laguntzen diegu, baita telak birziklatzen ere, berriak ez erosteagatik. Etxean erabiltzen ez duten arropa berrerabiltzen dugu motxilak eta nezeserrak egiteko". Lokal berriari dagokionez, irakasleek azaldu dute jendea pasatzean galdezka sartzen dela: "Lotura bat sortzen da herritarrekin".

Rosaura joskintza tailerreko irakasleak gehitu du lokal berrian "argitasun gehiago" dutela: "Argitasunaz gain, ikusgarritasun gehiago dugu ere. Ostiralean garbitzen ibili ginen eta herritarrek hasieran uste zuten denda bat zela! Askok ez dute oraindik ezagutzen gure elkartea".

Guztira bost irakasle ditu Ostargi elkarteak, hala nola, Marisa, Marian, Mari Jose, Koro eta Rosaura. Aurten guztira 10 talde osatu dituzte joskintza tailerretan, eta egunero ematen dituzte ikastaroak. Informazio gehiago lortzeko 699-20 44 94 (Marian) edo 605-74 86 67 (Rosaura) zenbakietara deitu daiteke baita ostargielkartea@gmail.com helbidera idatzi ere. Ikastaroak, aipatu bezala, lokal berrian (Kaia kalea, 5) izango dira hemendik aurrera.

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide