Joxe Mari Unanuek irabazi du Ramiro Pinilla 7. Eleberri Laburren Lehiaketa

Julene Sorarrain 2024ko ira. 25a, 12:30

Joxe Mari Unanue Echeverria, 'Ramiro Pinilla' 7. Eleberri laburren lehiaketako irabazlea. (Getxo Kultura)

Tori, mikroplastiko bat eleberriaren bitartez, 22 urteko idazle oriotarrak irabazi du euskarazko saria.

Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak bultzatuta, Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketaren zazpigarren edizioaren sari banaketa egin zuten hilaren 13an, Muxikebarri zentroan. Joxe Mari Unanue Echeverria oriotarrak euskarazko lan onenaren saria eskuratu zuen bertan.

Tori, mikroplastiko bat eleberriaren bitartez, 22 urteko Joxe Mari Unanue Echeverria idazle oriotarrak irabazi du euskarazko saria. Horretan, bikotekidearekin hautsi eta bizi ziren etxebizitza utzi behar izan ondoren, amamarekin bizitzera joatea erabakitzen duen emakume gazte baten istorioa kontatzen du. Hala ere, laster agertuko dira belaunaldien arteko desberdintasunak eta inoiz azaleratu ez diren sekretuak.

Epaimahaiak testuaren "freskotasuna" nabarmendu du, bai eta egileak "gaurkotasuneko gai eta kezketan sakontzeko duen erraztasuna", bi emakumeren ahots narratiboen bidez. Eleberrian, gainera, "kontzeptu kontrajarriak" jorratzen ditu egileak, hala nola, "zahartzaroa eta gaztaroa" edota "tradizioa eta modernitatea", eta, aldi berean, beste gai batzuetara hurbiltzen da, hala nola, mugan bizitzearen argi-itzalak. Lan honekin, Unanuek, berriki Lehen Hezkuntzan graduatuak, eleberriaren generoan egin du debuta, orain arte kontakizun laburrak, ipuinak eta poemak baino ez baititu idatzi.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide