Euskal kostaldean inoiz ikusi ez den azpiegitura bat izango da aurki: itsaso zabalean arrainak gizentzeko piszifaktoria bat; hegalabur edo atungorriarentzat, zehazki. Orioko (Gipuzkoa) portuko parkingean dago material guztia, eta eguraldia lagun badute, 25-30 egunetan egongo da uretan instalatuta, Getariako kostatik 3,7 itsas miliara (6,6 kilometrora). Bi kaiola jarriko dituzte, 50 metroko diametrokoak eta 40 metroko sakonerakoak. Proba pilotu bat izango da, ez da hegalaburrik egongo barruan. Azpiegitura itsasoko egoerara nola egokitzen den aztertzea da asmoa. Ondo badoa, 2025eko udan 50 atungorri gizendu nahi dituzte han, eta hiru-lau urtetan 1.100 tonara iristea da helburua; alegia, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzien hegalabur kuota osoa hara bideratzea.
Orioko San Nikolas kofradian eman dute egitasmoaren berri. Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradien oniritziarekin eta Aztiren bitartez, eta, horretarako, halako azpiegituretan esperientzia handia duen enpresa bat izango dute bidelagun: Kataluniako Balfego. Mediterraneo itsasoan ditu hegalaburrak gizentzeko haztegiak, eta atungorriaren salmentan erreferente bat da mundu osoan.
Getariako azpiegiturarako, Itsasbalfego enpresa sortu dute: %70 Balfegoren esku dago eta %30 Aztirenean. Lehenengo bi kaiolek 2 milioi euroren kostua izango dute. Aurreneko inbertsioa baliabide propioekin finantzatu dutela azaldu dute arduradunek. Egitasmoak aurrera eginez gero, beste lau-bost kaiola jartzeko oniritzia eman du Jaurlaritzak, eta guztira 7 milioi euro beharko lituzkete. Aztiko zuzendari Rogelio Pozok azaldu duenez, administrazioen «baimen guztiak» dituzte. Bruselak behin-behinekoa eman die proiektu pilotuarentzat, eta horren bideragarritasuna erakusten bada, berriz ere eskatuko lukete.