Saregileren udazkeneko ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 17a, 16:00

Saregile Emakumeen Etxeko arduradunetako bat, liburutegi feminista berrian. (Julene Sorarrain)

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Saregileko jarduerak eta topaketak ere hasiko dira. Larunbatean, Munduko Emakumeen Lehen Topaketa egingo dute, 17:00etan hasita.

Ikasturte berriari begira, Saregilek denetariko proposamenak ekarri ditu herritarrentzat. Hilaren 25ean ekingo diote Nerea Loiola Pikazak zuzendutako irakurle taldeari. Helburua da parte hartzaileek literaturaz gozatzen duten bitartean, ahalduntzean eta feminismoan sakontzea. Hilean behin bilduko dira aurrez irakurri duten liburu berari buruzko iritziak trukatzeko: «Emakumeen kontzientzia kolektiboan arakatzeko aukera emango diguten eleberriak, poesia liburuak eta saiakerak aurkituko ditugu», azaldu dute antolatzaileek.

Hortik abiatuta, eta literatura ardatz, gai feministei, kezkei, gakoei eta diskurtsoei buruz hausnartuko dute. Irailaren 25ean Mundu zitalaren kontra liburua landuko dute; urriaren 30ean, Ethan Frome; azaroaren 27an, Izotz Ura; eta azkenik, abenduaren 18an, Pilula Urdinak. Hileko azken asteazkenetan bilduko dira, eta izena emateko epea zabalik dago jada.

Gazteentzako proposamenak ere ekarri dituzte. Neska Gazteak Feminismorantz! ekimena DBH3ko eta DBH4ko neskei zuzenduta dago. Eskainitako espazio feministan, beren intereseko gaiak landu eta feminismoak ezagutzeko aukera izango dute. Egitasmo hau urritik aurrera jarriko dute martxan, eta hilean behin bilduko dira, Saregilen bertan.

Herritarrei zerbitzuak

Saregilek aurreko ikasturtean eskaini zituen zerbitzuak emango ditu aurten ere, hala nola, aholkularitza juridikoa, bidelaguntza psikologikoa, indarkeria matxistaren inguruko arreta eta bideraketa, eta sexu eta bikote aholkularitza. Zerbitzu horiek hilean bitan eskainiko dituzte, eta beharrezkoa da aurretik hitzordua hartzea.

Aholkularitza juridikoko saioetan hainbat gai landuko dituzte, besteak beste, dibortzioak, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, jazarpenak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa eta laguntza sozialak. Zerbitzu hori hilean bitan emango dute, astelehenetan.

Eguneroko bizitzan eragina izan dezaketen egoera edo arazoen inguruko aholkularitza eta orientazioa ere eskainiko zaie emakumeei, autozainketarako eta ongizate emozionalerako gune bat sortuz. Bidelaguntza saioak hilean bitan emango dituzte, astelehenetan. Indarkeria matxista (LGTBIQ+ fobia, indarkeria sexista eta genero indarkeria) jasan duten edo indarkeria matxista egoeran dauden pertsonei aholkularitza eta bidelaguntza eskainiko diete saio horien bitartez. Zerbitzu hori behar duen orok, Saregileko ordutegian jo beharko du egoitzara, aurretik hitzordua hartuta.

Norbanako edo bikoteen bizipenetatik abiatuta, orientazioa eta laguntza emateko gunea ere eskainiko dute. Bertan, beren sexualitatea «modurik pozgarrienean bizitzeko gakoak» aurki ditzaten lagunduko diete: «Izan ere, momentu batzuetan trabatu egin gaitezke egoera, emozio, sentsazio, zalantza eta harreman batzuen aurrean zer egin ez dakigula». Sexu eta bikote aholkularitza saioak hilean bitan emango dituzte, asteazkenetan.

Ekintzen eta zerbitzuen gitaraua

Ahalduntze Eskolak

  • Arteterapia. Urriaren 3tik abenduaren 12ra bitartean, ostegunetan (bi astean behin), 18:30etik 20:00etara. Saioak elebitan dira.
  • Txi Kung, armoniara bidean. Apirilaren 23tik ekainaren 18ra, astearteetan, 10:30etik 12:30era. Saioak euskaraz dira.
  • Sormen esperientzia tailerra. Apirilaren 26tik ekainaren 21era, ostiraletan, 10:30etik 12:30era. Saioak elebitan dira.

Elkarguneak

  • Munduko Emakumeen Topagunea. Saioak hilean behin egingo dira, larunbatetan, 16:00etatik 19:00etara. Saioak gazteleraz dira.
  • Amatasunak partekatzeko espazioa. Talde autogestionatua da. Deialdia irekita dago. Irakurle taldea. Hileko azken asteazkenetan, 18:30etik 20:00etara. Saioak euskaraz dira.
  • Neska gazteak feminismorantz! Saioak urritik aurrera egingo dira, euskaraz, hilean behin.

Zerbitzuak

  • Aholkularitza juridikoa. Zerbitzua hilean bitan emango dute, astelehenetan. Hitzordua aurrez hartu behar da.
  • Bidelaguntza psikologikoa. Zerbitzua hilean bitan emango dute, astelehenetan. Hitzordua aurrez hartu behar da.
  • Indarkeria matxista arreta eta bideraketa. Zerbitzua Saregileren ordutegian emango da. Hitzordua aurrez hartu behar da.
  • Sexu eta bikote aholkularitza. Zerbitzua hilean bitan emango dute, asteazkenetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide