Berbelitz da Anjel Lertxundiren azken liburuko pertsonaia, ofizioz itzultzaile sutsua den fikziozko laguna. Baina pertsonaia hutsa baina harago doa, idazlearen alter egoa baita. Edo pertsonaiaren alter egoa litzateke idazlea. Edonola izanda ere, Alberdania argitaletxearen eskutik argitaratu berri duen Berbelitzen hiztegia lanak argi zehazten ditu bere printzipioak: itzulpengintzaren jarduna eta horretarako berariaz sortu duen hiztegia. Atzo aurkeztu zuen Donostian, Alberdaniako kide Aritz Galarraga eta Idoia Santamaria editorea bidaide zituela.
Berba, ele eta hitz izenen baturarekin jaio zen "aire librean" Berbelitz, eta orain hogei urte agertu zen lehen aldiz, EIZIE elkarteak itzulpenarekin zerikusia zuen zerbait idazteko eskatu zionean Lertxundik. 2019an ere gai berari heldu zion idazleak, Itzuliz usu begiak saiakera liburuan, eta sasoi hartan, euskal literatur sisteman itzulpengintzak duen garrantzia aldarrikatu nahi izan zuen. Oro har, ordea, adierazi zuen txikitatik datorkiola itzulpenerako grina: "Betidanik liluratu nau".
Berbelitzen hiztegia lanak asko du 1986ko Letra kalekantoitik liburutik. Lertxundik nabarmendu duenez, 80ko hamarkadako argitalpen hartarako metaforak, aipuak, apunteak eta esanak bildu zituen, eta harrezkero ez duela zeregin hori egiteari utzi. "Desertuan behatxuloa idatzi ondoren, bueltak ematen hasi nintzen, eta liburuz liburu jasotako apunteak biltzeari ekin nion", azaldu du idazleak. Bi itzulpen lan nagusi ditu: bata, Urrezko astoa Juan Kruz Igerabiderekin batera eta bestea, Eugenio Montaleren poesiak Munduko Poesia Kaieretarako. "Nire itzulpen lan nagusia aipamenetan dago".
Lertxundiren iritziz, obra literario original baten itzulpena "obra literarioa bihurtzen da berez eta izatez". Hori horrela, "Literatura Unibertsala bilduma edo Igela argitaletxeko liburuak literatura dira, euskal literatura, jatorrizko hizkuntzetatik geurera ekarritako perlak". Ondorioz, Berbelitzen bokazioa da edonongo obra literarioak itzuliz, "hemengo obra literarioak eskaintzea euskarari".
"Beste mugarri bat"
Alberdaniako kide Aritz Galarragak argitaletxeko "idazle ikurra" dela azpimarratu zuen, gainerako egileak gutxietsi gabe. Genero orotan maisua bada ere, saiakera literarioan eginiko bidea bikaina izan dela eta maila gorenera iritsi dela gaineratu zuen. Orain, Berbelitzek "beste mugarri bat" jartzen duela zehaztu zuen Galarragak, eta, gainera, hiztegi forman egituratuta: "Hiztegi bat da, baina modu literarioan eginda".
Idoia Santamariak egin ditu estreinakoz Lertxundirentzako edizio lanak. Orain arte, Jorge Gimenez Bech izan du editore eta itzultzaile, baina iazko abenduan zendu zen, eta atzoko agerraldian gogoan izan zuten guztiek. Santamariak azaldu zuen lan egiteko modua nahiko berezia izan dela, hiztegi bat izan delako emaitza, eta letraz letra osatu dutelako liburua.
"Irakurtzeko modu asko daude. Gida bat bezala irakurtzea da nire gustukoena, liburuak uzten dituen arrastoei jarraitzea. Izan ere, modu horretan bitxikeria asko topatzen dira", nabarmendu zuen editoreak. Tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu berariazko "asmo pedagogikorik gabe" eta "ezer behartu gabe".
Berbelitzen hiztegia ez dago alfabetoko hizki solte zurrunetara mugatuta. Atal gisa jokatzen dute, eta askotan izenburu bat daramate, maiz aipu, esaldi edota hitz jolasekin, haien edukietan glosak, hausnarketak, kronikak, kritikak eta ipuinak irakur daitezken. Prentsaurrekoan bertan azaldu zituen Lertxundik berak izenburuen adibide batzuk: Ahots bat, ia nirea, Xuxen ibili Xuxenekin eta Boludamentean auzo gira.