Zinpeko epaimahaikide izateko herritarren zozketa egingo dute hilaren 27an

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 12a, 08:00

Donostiako Justizia Jauregia.

Zozketa horretan parte hartuko dute irailaren 16an 18 urte edo gehiago dituzten herritarrek, eta Orioko hautesle-errolda jendaurrean dago bihar, ostirala, arte.

Lurraldeetako epaiketa batzuetan zinpeko epaimahaiak egoten dira, eta horiek lurralde horretako herritarrek osatzen dituzte. Aldian-aldian berritu egiten dituzte epaimahaikideak, eta prozesu horretan dira egunotan.

Zozketa bidez erabakitzen da herri bakoitzeko herritarren zerrenda, eta zozketa hori hilaren 27an egingo dute, 10:00etan, Donostiako Eskualdeko Hauteskunde Batzordean, Atotxa jauregian. Ondoren, zerrenda hori ere ikusgai egongo da Orioko udaletxean.

Herriaren tamainaren arabera, herritar gehiago edo gutxiago behar izaten dira. Oriori dagokionez, 6-8 lagunen izenak aterako dituzte zozketa horretatik. Zozketan, berriz, irailaren 16an 18 urte edo gehiago dituzten herritarrek parte hartuko dute.

Aurrez, legeak agindu bezala, hautesle-errolda jendaurrean egoten da hainbat egunez. Irailaren 5etik dago Oriokoa jendaurrean, eta bihar, ostirala, izango da azken eguna. Errolda hori ikusi nahi duenak udaletxera jo beharko du, eta bere NA erakutsi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide