Nadeth Agirre 'Traineras' dokumentaleko protagonistetako bat izango da

Julene Sorarrain 2024ko ira. 12a, 10:00

Ostiralean estreinatuko dute Telmo Iragorri zuendari donostiarraren ikusentzunezkoa zinema guztietan. Izaro Lestayo patroi getariarra ere protagonistetako bat izan da.

Traineras 2023ko traineru denboraldian zehar filmatu zen, Euskotren Ligako lehen bost taldeen patroiei arreta berezia eskainiz. Dokumentalaren protagonistak Nortindal Donostiarra Ur Kirolak taldeko Nerea Perez, Donostia Arraun Lagunak taldeko Andrea Astudillo, Tolosaldea Arraun Klubeko Izaro Lestayo, Orio Orialki taldeko Nadeth Agirre eta Hondarribia Bertako Igogailuak taldeko Miren Garmendia dira. Film luzea Telmo Iragorrik zuzendu du eta Javier Mendoza eta Isabel Delclaux, aldiz, ekoizpenaz arduratu dira.

Arraunaren historiaren bitartez, dokumentalak bost patroien ibilbidea jarraitzen du, hastapenetatik hasi eta lehiaketa ofizialetan emakumezkoen arrauna sartu zen arte. Euskotren Ligaren hasieratik azken helbururaino, Kontxako Bandera ospetsua irabazteraino, hain zuzen.

Dokumentalak taldeen eta entrenatzaileen testigantzak biltzen ditu, baita Martin Berasategi sukaldari eta Arraun Lagunak taldeko arraunlari ohiarenak edo Borja Rodrigo ACT Arraun Ligako presidentearenak ere. Ainara Fernández dokumentalaren gidoilariak zera gaineratu zuen: "Arraunzaleak identifikatuta sentituko dira, eta kirol hau ezagutzen ez dutenek, maiteminduko dituen pasioa deskubrituko dute".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide