Iñaki Iturain oriotarrak Denboraren zubia izeneko liburua argitaratu berri du Erein argitaletxearekin. Fikziozko bere lehen liburua da, eta zazpi narrazio edo ipuin jaso ditu bertan. Lana gaur eguerdian aurkeztu du Donostiako Udal Liburutegian, Inazio Mugika Ereineko editorea ondoan zuela.
1936ko gerra dute abiapuntu ipuinek, baina denboran atzera eta aurrera egiten dute, askotariko istorioen eta pertsonaien bitartez: ipuinetako batean etxeko irratia balkoira ateratzen zuten andre-gizonak ageri dira, etxepean biltzen ziren herritarrek bazetorkien gerraren albisteak entzun ahal zitzaten; beste ipuin batek faxisten aurrerakada gelditzeko gorriek dinamitaz lehertutako ibaiaren gaineko zubia berreraikitzen ibilitako presoaren istorioa kontatzen du; baita bi mutil gazteren istorioa ere, bataren eta bestearen aita kontrako bandokoak izanik, itsas labarrean adiskidetu zirenak; beste istorio batek gerra bukatu berritan Frantziatik Orizarrera –liburuan ageri den alegiazko herria– misio sekretuan etorritako neska antropologo eta argazkilaria irudikatzen du; eta ipuinetako batean gerran gudari ibilitako gizonaren alaba kementsuaren istorioa kontatzen da.
LIBURUAREN IZENBURUA. Denboraren zubia.
EGILEA. Iñaki Iturain (Orio, 1956). Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Zientzietako ikasketak ditu eginak. Ibilbide profesional ia osoa euskarari lotutako lantegietan eman du, euskararen ezagutza, erabilera eta atxikimendua sustatzeko zenbait alorretan, irakasle eta teknikari. Orioko eta Aiako Karkara herri aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen, eta hango kolaboratzailea da gaurdaino.
ARGITALETXEA. Erein.
GENEROA. Narrazioa.
ORRIALDEAK. 136 orrialde.
NON ESKURATU. Hainbat liburu dendatan, baita Erein.eus atarian ere.
Iturainek urteak daramatza Orioko historiari buruzko kazetaritza eta ikerketa lanak egiten, batez ere 1936ko gerraren ingurukoak, eta gaiaz memoria historikoaren alorreko liburua ere argitaratu zuen 2014an, Gerra bat barruan degula izenburupean. Lan hark ez zuen asebeteta utzi, ordea. "Liburu harekin ez nuen nire lana borobilduta ikusi. Izan ere, herritarrek hainbat istorio kontatu izan zizkidaten, baina istorio haietako batzuetan, ezin jakin zer gertatu zen tartean edo amaieran. Esaterako, emakume batek lortu zuen senarra atxilo zeukaten militarren kanpamentura joan, eta hura handik etxera ekartzea. Baina zer gertatu zen kanpamentuan? Nola lortu zuen? Inork ez du jakin izan inoiz. Zerk eman diezaioke erantzuna horri? Bada, literaturak, fikzioak", iritzi dio.
Horregatik, idazle oriotarrak "zubitxoa sortu" zuen, "ibilbide bat egiteko kazetaritzatik literaturara".
Mugikak Iturainen lanetik hainbat ezaugarri nabarmendu ditu prentsaurrekoan, tartean narrazioak girotzeko duen gaitasuna: "Iñakik oso ondo daki girotzen bere narrazioak, bai lekuz, bai garaiz, bai pertsonen arteko harremanetan. Gertatzen den guztiari sinesgarritasuna ematen dio. Gainera, suabe-suabe kontatzen du; transzendentzia handirik gabeko kontuak balira bezala aritzen da transzendentzia handikoak diren gauzez".
Ahozkotasunak liburuan duen garrantzia ere azpimarratu du Ereineko editoreak: "Iñaki asko irakurritako pertsona da, baina baita asko entzundakoa ere: ahozkotasunerako joera du, eta liburuan sentitu egiten da ahozkotasunarekiko arreta hori".