Kontxan debutatzea, ametsa betetzea

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 31a, 09:00

Nagore Iturralde eta Jokin Azkonobieta OAEko arraunlariak. (Utzitakoak)

Kontxaren bueltan, urtero egoten dira lehen aldiak, eta Nagore Iturralde eta Jokin Azkonobieta oriotarrek ere aurten bete dute txikitatik zuten nahietako bat: Kontxako Banderaren sailkapen estropada jokatu dute, eta Kontxako bi estropadetako batean behintzat izango dira, ziurrenez. "Hori entrenatzaileak erabakiko du", esan dute, hala ere, zuhur.

Aurten ere Kontxako Banderaren lehian izango dira Orio Arraunketa Elkarteko bi traineruak, gizonek asteazkenean eta emakumeek ostegunean horretarako txartelak lortu ondoren. Arraunlari guztiek amesten dute noizbait Kontxan arraun egitearekin eta, nola ez, Kontxako Bandera irabaztearekin. Aurreneko ametsa bete dute Orioko arraunlarietako batzuek, tartean Nagore Iturraldek (Orio, 2004) eta Jokin Azkonobietak (Orio, 2000), aurreneko aldiz jokatu dutelako Kontxako Banderaren sailkapen estropada.

Oriotarrak dira biak, Orio Arraunketa Elkarteko harrobikoak. Iturraldek Orion egin zuen seniorretarako saltoa joan den denboraldian, baina uda partean Hernanin ibili zen arraunean, Orion ordezko asko zeudela eta. Aurtengo denboraldian etxera itzuli da, eta ligako estropada gehienak jokatu ditu. Azkonobieta, berriz, Orio Bn ibili da aurtengo denboraldira arte, nahiz eta A taldearekin estropada solteak jokatuak zituen 2021etik. Horrek ere bi estropadatatik bat jokatu du udan, eta azken asteetan, asteburuko biak ari da jokatzen.

Bihar edo hurrengo igandean, edo bietan, arraunean egingo dute bi arraunlariek, baina beraiek zuhur mintzatu dira horren inguruan: "Entrenatzaileak erabakiko du hori", esan dute.

Emakumezkoen estropada bihar 11:00etan hasiko da, eta Orio aurreneko txandan lehiatuko da Chapela, Kaiku eta Astillerorekin. Bigarren txandan Tolosaldea, Arraun Lagunak, Hibaika eta Donostiarra lehiatuko dira.

Ordubete geroago, 12:00etan, izango da gizonezkoen txanda: Hondarribi, Boiro, Kaiku eta Zierbena izango dira aurreeko txandan, eta Orio, Getaria, Urdaibai eta Donostiarra, bigarrengoan.

Urduritasuna eta poza, nahastuta

Sailkapen estropada "urduri" jokatu zutela aitortu dute biek, baita Kontxako estropadak jokatzen badituzte "disfrutatzera" aterako direla ere, ahalik lan onena egin eta taldeari ahalik gehien laguntzeaz gain. "Ni urduri nengoen, txikitatik nahi izan dudalako hor egon, eta zure taldearekin parte hartzea, gainera... Emozioa ere sentitzen nuen, baina batez ere urduritasuna", esan du Iturraldek. Itxaso Azkonobieta taldekide beteranoaren tosta berean aritzen da arraunean, bi baborrean, eta azaldu du lagunak "lasaitasun eta konfiantza handia" ematen dizkiola estropadetan, eta hala egin zuela osteguneko lehian ere. "Badaki nola animatu, nola atera nire onena", gaineratu du. "Eskertzen da".

Patxi Francesen taldeak ez zuen egunik onena izan sailkapen estropadan, eta justu-justu lortu zuten txartela datozen bi igandeetarako. "Ondo atera ginen, baina gero sufritu egin genuen, ez genuen asmatu arraunketarekin, eta arranplara bidean jakin genuen barruan ginela; ordura arte ez geneukan batere argi, traineru guztiak oso alde txikiarekin helmugaratu zirelako", kontatu du arraunlari gazteak. Zalantza tarte horretan "urduritasuna eta amorrua" sentitu zituen, "poza eta lasaitasuna", gero.

Hala ere, nabarmendu du "helburua lortu" dutela, eta "igandekoa beste estropada bat" izango dela. "Onena eman nahi dugu, entrenamenduetan ateratzen ari garena islatu nahi dugu lehian, eta bukaerara arte borrokatu nahi dugu bandera", esan du.

Gizonezkoek, berriz, estropada ona egin zuten asteazkenean, eta bigarren txandan aterako dira igandean Kontxako Banderako aurreneko jardunaldian. Azkonobieta ere "urduri" zen hain estropada garrantzitsuaren aurrean: "Tostakidea ere ohartu zen nola nengoen, eta uste dut bera ere urduri jarri nuela", esan du, umoretsu, lau estriborrean aritzen den arraunlariak. "Berez sailkatuko zirenen artean geunden kinielan, baina egin egin behar da, eta halakoetan irabazteko gutxi eta galtzeko asko izaten da", hausnartu du. Kontuak kontu, Azkonobietak ere lortu du ametsetako bat, "etxeko txaluparekin, gainera".

Biharko estropadaz galdetuta, oriotarrak argi du aurreneko helburua zein den: "Gure arraunkera onena egiten asmatu eta ahalik minutu gehien horri eusten saiatu behar dugu; gero, ikusiko da eusten diogun Bermeo eta Donostia bezalako taldeei. Guk gure barne lanari begiratuko diogu, eta gero gerokoak".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide