Libe Arruabarrena oriotarrak gazte mailako eskubaloiko munduko txapelketa irabazi du asteburuan Txinan Espainiako selekzioarekin, eta lorpena dela eta, zorion mezu asko jaso du eskubaloi jokalariak, tartean Orioko Udalarena eta Orio Eragin eskubaloi klubarena.
Zorionak emateaz gain, udalak nabarmendu nahi izan du Eragin Eskubaloi Taldearen harrobiko jokalaria dela Arruabarrena eta, orain arte, herriko taldean egin duela kirol ibilbidea. "Arruabarrenaren garaipenak agerian jartzen ditu klubaren esfortzua eta eguneroko lana ere", esan du udalak.
Orio Eraginek, berriz, mezu polita jarri dio sareetan: "Zure pasioak, dedikazioak eta talentuak eraman zaituzte gorenera. Historia egin duzu, eta harro gaude. Gozatu unea".