Ana Lasa: "Kanpinekoak ohiko medikamentuen bila etortzen dira, eta erromesak, hankak arintzeko produktu bila"

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 27a, 09:13

Ana Lasa Gallego, farmazia aurrean.

Udan ordu gehiago igaro ohi dira aire zabalean nahiz hondartzan, eta gora egiten du turista kopuruak ere. Herriko hainbat zerbitzutan eragina dute ezaugarri horiek, farmazietan, esaterako. Uda sasoian egiten duten lanaz hitz egin dio Ana Lasa Gallego farmazialariak Gukari.

"Udako hilabeteetan lan gehiago izaten dugu normalean". Ez da harritzeko adierazpena herriko kanpina eta ostatuak beteta direnean eta elizako aldapatik behera erromesak iritsi eta iritsi dabiltzanean. Uda da Orion, eta nabaritu egiten dute herrian zerbitzuak eskaintzen dituztenek. Bai, behintzat, herriko bi farmazietan. Lan gehiago izateaz gain, hori zertan aldatzen zaie, ordea?

Ana Lasa Gallego farmazialariak azaldu dizkio xehetasunak Gukari: "Batez ere goizetan izaten dugu lan gehiago. Kanpinera etortzen direnek, esaterako, ohiko medikamentuen bila jotzen dute farmaziara; jubilatu dezente egoten da kanpinean, izan ere. Erromesak, berriz, oinentzako aringarri bila datoz". Bestelako turistak ere iristen dira farmaziara, eta horiek, "gehienbat eguzkitako krema bila etortzen dira, baita eltxoentzatko produktu bila ere, izan uxagarriak, izan ziztadak arintzekoak". Eltxoak uxatzeko eskumuturrekoek ere arrakasta izaten dute udan, Lasaren arabera.

Horrez gain, ziztadurei aurre egiteko botika bila ere guraso ugari bertaratzen omen da farmaziara. "Ama asko etortzen dira kortikoide eta antibiotiko bila ere, umeari ziztada gaiztotu zaiolako; ume dezenteri gertatzen zaio ziztada gunea asko puztea edo hori gaiztotzea".

Lasaren ustez, urteekin ez dira askorik aldatu bezeroen beharrak, eta oro har, herritarrek nahiz kanpotarrek ondo erabiltzen dituzte botikak nahiz eguzkitako kremak eta halako produktuak, eta ez da jende asko ikusten erredura handiekin. "Uste dut hemen kontzientzia handia daukagula eguzkitako krema erabiltzeko".

Erromesak, hankak arintzera

Uda partean Done Jakue bidea egiten ari diren erromes asko iristen dira Oriora, eta horiek produktu zehatzak eskatzen dituztela esan du botikariak: "Hanketako babak arintzeko produktuak eskatzen dituzte, baita krema antiinflamatorioak eta belaun-babesak ere, herrira aldapa handia jaitsita iristen direnez, belaunak minduta etortzen direlako".

Hanketarako beste produktu batzuk ere uda sasoian gehiago saltzen dituzte botikan: "Orpoak hidratatzeko kremak, pomez harria, zirkulazioa hobetzeko produktuak eta halakoak asko eskatzen dira".

Herritik kanpora doazen batzuek, berriz, txerto bila jotzen dute berengana, baita malariaren aurkako pilulak eskatzera ere.

Pertsonekin lan egitera ohituta egonda, Lasari ez zaio udarekin lotutako bitxikeriarik bururatzen, baina beraien aitak behin pasadizo xelebrea bizitu zuela kontatu du: "Gizon bat joan zitzaion behin aitari botikara, 70 graduko alkohola eskatzera. Eta azpimarratu zion 70 gradukoa nahi zuela, zeren gero, etxera joan, eta termometroa jarrita, 20 gradu markatzen zituela alkoholak, eta ez 70. Graziosoa izan zen hori".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide