Libe Arruabarrena eskubaloi jokalari oriotarra gazte mailako Munduko Txapelketako finala jokatzeko sailkatu da. Txinan ari dira jokatzen Munduko Txapelketa abuztuaren 14az geroztik, eta osatu litekeen egutegi guztia beteko du Arruabarrenak. Atzo, ostirala, Arruabarrena partaide den Espainiako selekzioak 19 eta 16 menderatu zuen finalerdietako partidan Hungariako selekzioa, eta hori horrela, bihar eguerdiko finala jokatzeko sailkatu da; bihar, 12:00etan, Danimarkaren aurka izango du urrezko domina lortzeko lehia.
Neurketaren hasieratik hartu zuten aurrea Arruabarrenak eta bere taldekideek, eta hiru-lau goleko errentari eusten jakin zuten ondorengo minutuetan. Atarrabiako Beti-Onak taldeko jokalari oriotarrak atzoko partidan ez zuen golik egiterik lortu. Aldiz, nabarmendu beharreko jokalarien artean dago Goundo Gassama atezaina; izan ere, hark atepean egindako lana aipagarria izan zen. Guztira, jaurtiketen %48 gelditu zuen Gassamak –27 jaurtiketa egin zizkioten eta hamahiru gelditu zituen–, eta partidako jokalari onena izendatu zuten.
Finalerdiaren aurretik, baina, beste bost partida ere jokatu behar izan ditu Arruabarrenak; guztiak irabazita iritsiko da finalera. Multzoko partidetan, Egipto (37-22), Errumania (25-20) eta Suitza (25-21) menderatu zituen hurrenez hurren, eta Main Round deituriko neurketetan Txekiar Errepublika (26-19) eta Alemania (25-21). Txapelketaren azken fasea jokatzeko sailkatu zen hala eskubaloi jokalari oriotarra, eta final laurdenetan, Japonia kaleratu zuten 32 eta 23 irabazita. Finalera iritsi aurrezko azken pausoan, azkenik, Hungariari irabazi diote, 19 eta 16.