Hilerriko hiru panteoiren gaineko erabilera eskubideak adjudikatzeko lehiaketa ireki du udalak

Andoni Elduaien 2024ko abu. 23a, 15:00

Orioko hilerriko panteoiak.

2016an, hilerriko sei panteoi erabiltzeko eskubideak adjudikatzeko lehiaketa egin zuen udalak, baina erdiak bakarrik banatu ziren. Ordutik libre egon dira banatu gabeko hirurak, eta "herritarren artean interesa" sortu dela ikusita, lehiaketa berriro deitu du erakundeak. Irailaren 24ra bitartean aurkez daitezke eskaerak.

Orioko Udalak hilerriko hiru panteoiren gaineko eskubideak adjudikatzeko lehiaketa ireki du. 2016an ere udalak antzerako lehiaketa bat zabaldu zuen, hilerrian libre zeuden sei panteoiren erabileraren gaineko eskubideak adjudikatu ahal izateko, baina soilik erdiek, hiruk lortu zuten titulartasuna. Azken zortzi urteotan libre gelditutako panteoiak "hutsik" egon dira udalaren arabera, eta herritarren artean "interesa" sortu dutela ikusita, berriro lehiaketa deitzea erabaki du. Zehazki, hilerrian 65, 67 eta 68 zenbakia duten panteoiak dira orain udalak lehiaketara atera dituenak.

Astelehenean argitaratu zuten deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta ordutik irailaren 24ra arte egongo da lehiaketan izena emateko epea zabalik. Panteoia lortu ahal izateko lehiaketan parte hartu nahi dutenek udaletxean aurkeztu beharko dute eskaera orria.

Panteoien erabilera eskubideak kontzesio administratiboko erregimenpean emango ditu udalak, eta zenbait baldintza bete beharko dira. Batetik, kontzesioaren epea 50 urtekoa izango da, eta gero, beste 49 urtez luzatu ahal izango da; eta bestetik, 50 urteko eskubideei dagokien udal-tasa 10.000 eurokoa izango da. Halaber, udalak jakinarazi du panteoien erabilera-eskubideak zozketa bidez adjudikatuko dituela eskaera egiten dutenen artean.

Lehiaketara atera dituzten 65, 67 eta 68 zenbakidun panteoien kokapena, planoan. (Udala)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide