Munduko Atletismo Master Txapelketa jokatzen ari dira Goteborgen, Suedian. 8.000 atleta baino gehiago ari dira lehiatzen, guztiak 35 urtetik gorakoak, eta horien artean izan da Alberto Rebollo. Jaiotzez nafarra bada ere, duela hamabi urte inguru erabaki zuen Orio aldera bizitzera etortzea. Suedian bizi izan duena "esperientzia ikagarri ona" izan dela azaldu du korrikalariak, baina arantza txiki batekin gelditu da: "Ez da oso ondo joan lasterketa". Eta horren arrazoia da, bere hitzetan, "azken hilabetean nahikoa entrenatu ez" izana.
Azken asteetan hainbat herrialde bisitatzeko aukera izan du Rebollok, besteak beste, Frantzia, Parisko Olinpiar Jokoak ikusten izan baita. "Batzuetan joaten nintzen korrika egitera, baina ez zen nahikoa Munduko Txapelketa bat lehiatzeko. Mundu mailako txapelketa batean parte hartzen nuen lehen aldia zen, eta nabaritu dut partaideen artean maila handiagoa zegoela", esan du. Lasterketaren garaian, korrika "sentsazio txarrarekin" egin zuela ere azaldu du korrikalariak, "abiadura motelean" ari zela sentitu baitzuen. Bestalde, pistara sartzean "urduritasun uneak" ere bizi izan zituen Orioko bizilagunak, "jende mordoa eta muntaia liluragarriak" ikusita.
Egindako lanagatik pena azaldu du Rebollok: "Pena ematen dit, nire ohiko marketik oso urrun egon naiz eta. Esperientzia bezala, ordea, ederra izan da, gustura nago orokorrean, eta hurrengo txapelketarako lagunduko dit". Horregatik, egindako lanetik zenbait ondorio atera ditu hark. "Zuzenago joan eta gehiago entrenatu" beharko du Rebollok hurrengo txapelketa batean sentipen hobea izateko.