Itziar Cortes: "Itzulpen automatikoa erakunde handi nahiz txikietan erabiltzen da"

Arantxa Iraola (Berria) 2024ko abu. 17a, 08:00

Itziar Cortes. (Elhuyar)

Adimen artifiziala erabilita, klik batean itzul eta sor daitezke testuak. Horren aukerez eta arriskuez mintzatu da hizkuntzaren prozesamenduaren arloko aditu zarauztarra.

Adimen artifizialaren garapen bizkorrak aldaketa sakonak dakartza eremu askotara. Itzulpengintzaren arloko aurrerabideak, esaterako, zeresan handia eragiten ari dira. Gaiari buruz jarduteko solaskide egokia da Elhuyar fundazioko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaile Itziar Cortes (Zarautz, Gipuzkoa, 1985). EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako eskaintzaren barruan, Itzulpengintza eta teknologia: aurrera eskuz esku, aurrera aurrez aurre deituriko ikastaroa zuzendu zuen uztailean. Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutako ikastaro bat izan zen. Badaki era jasoan jarduten gaiaz, eta aditu ez direnek ondo ulertzeko moduan ere bai. Adibideak jartzen ditu horretarako, teknologia berri horien bilakaera nolakoa den azaltzeko, eta eraginak ia denean agerikoak direla ulertarazteko: "Ez nuen imajinatuko inoiz nire aitak telefonoari hitz egingo zionik marea gora noiz dagoen jakiteko, eta hori egiten du, eta lortzen ditu emaitzak".

Teknologiaz era neutro batean hitz egiten da usu, baina hark dakartzan lerratzeei ere erreparatu behar zaie. Itzulpengintzara begira, propio aztertu duzue gaia. Zer-nola?

Bai, ikastaroaren helburua zen aztertzea teknologiek nola eragiten duten hizkuntzan eta, batez ere, itzulpengintzako sektorean. EHUko eta Elhuyarreko ikertzaileek ikerketa proiektu bat egin dugu propio genero alborapenari buruz: hainbat testu aztertu dira, itzulpen automatikoz itzuli dira, eta azterketa bat egin da lanpostuekin eta adjektibo konkretu batzuekin dauden estereotipoen inguruan. Horrek akaso balio dezake sistemak sortzen dituzten enpresei esateko: begira zer alborapen sortzen dituzuen, nolakoak diren, agian zerbait egin dezakezue.

Lerratze horiek dira kezkarako zioetako bat. Horietaz gainera, zein dira kezkarik behinenak?

Teknologia horiek, itzulpen automatikoarekin lotutakoak, sozializatu egin dira: erakunde handi nahiz txikietan erabiltzen dira. Berez, ez dute inolako kalterik egiten, baina segun eta nola erabiltzen dituzun, kalte egin dezakete. Adibidez, erakunde baten irudian kaltea eragin dezakete: erabiltzen baduzu testu bat itzultzeko itzultzaile automatikoko sistema bat, eta inolako errebisiorik gabe publikatzen baduzu, horrek arrisku bat dauka. Edo horrek ekar dezake, era berean, testuak pobreak izatea, eta horrek ere eragina izan dezake irudian. Ikastaroan aztertu dugu nola egin dezakegun erakundeetan tresna horiek erabiltzeko nolabaiteko irizpideak zehazteko; interesgarria izango litzateke irizpide zehatzak markatzea: hau da, kasu hauetan erabiliko itzulpen automatikoa dugu, eta beste kasu hauetan profesionalek egindakoa. Gero asko hitz egin dugu trebakuntzaz ere: langile bakoitza kapaz izateaz baloratzeko jasotzen dituen testuak edo itzulpenak egokiak diren edo ez.

Irakurri elkarrizketa osorik Berria.eus atarian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide