River Box&Roll eskola: boxeoa, kirolaz harago

Aritz Pardina 2024ko abu. 19a, 08:00

River Box&Roll klubeko kideak, gimnasio aurrean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Eskuetako bendak lotu bitartean kideari lagun egitea kontuak esanez eta sentipenen berri emanez, eta, bekoz beko, eskularruak elkarri lotzea. Indarrak neurtzea kirol zirkuitu batean, barrez bukatzeko arriskuarekin. Zaintza jarrera hartzea eta elkarri ahulguneak bilatzea, elkar kolpatzea, borroka irabazteko. Elkar agurtzea eta kideari egindako lana aitortzea. Parez pare jartzeko moduak eta moduak daude, eta horiek guztiak arakatzeko eskaintza dakar Orion zabaldu berri duten River Box&Roll boxeo klubak. Haren berri jakiteko, klubaren sortzaile eta bertako entrenatzaile Ibai Marin eta Tania Gomez erabiltzailea elkarrizketatu ditu Aia Orio Gukak uztaileko zenbakian.

Boxeoaren goraldia? Agidanez, azkenaldian boladan jarri da boxeoa. Ohi bezala, sareek bistaratu dute gehienbat kirol hori, erakusleiho digitalak sarbidea eman baitu jardueraren erraietara: entrenamenduak, diziplina eta errutinak azaleratu zaizkigu azkenaldian; ez, gainera, edozeinen eskutik. Izan ere, zenbait famatuk eman du euren boxeo entrenamenduen berri, eta horrek kirola hauspotu bide du. Hala dio Tania Gomez boxeolariak: "Adibidez, Pablo Motos edota David Bustamante bezalako pertsonaiek boxeoa praktikatzen dute, eta Interneten erakusten dute egiten dutena. Modu batean edo bestean, horrek propaganda handia egiten dio kirolari, guri gustatu ala ez. Bestalde, badirudi gaur egun boxeoa ez dela hainbeste kirol elitistatzat hartzen, eta jendea konturatu dela egin daitekeela profesionala izan gabe".

Boxeoa jendartera zabaltzearekin batera, Euskal Herrian ere gora egin du jarduerak, Gipuzkoan bereziki. Izan ere, aurreko hamarkadara arte, Donostian bakarrik zegoen boxeoa ikasteko aukera, Box Training Club (2004) bezalako zentroetan, harik eta, 2011. urtean, Ruben Arredondok Zumaia Cuban Boxing zabaldu zuen arte. Hamarraldi honetan, ostera, boxeoaren eremuan bakarrik aritzen diren hiru eskola zabaldu dituzte Gipuzkoan: Jo Ta Su Boxing (Deba, 2020), Resiliens Boxing (Irun, 2022) eta, azkenik, River Box&Roll (Orio, 2024).

(Arnaitz Rubio Aprea)

Baina lotuta al daude bi gertaerak? Kirol horren zabaltzeari esker ireki al dituzte eskola berriak? Zer da, moda hutsa ala egonkortu daitekeen fenomeno bat? Ibai Marin River Box&Roll boxeo klubaren sortzaile eta hango entrenatzailearen aburuz, funtsezkoa da bereizketa bat egitea galdera horiek erantzun aurretik. Izan ere, batetik, kontakturik gabeko boxeoa dago; hain zuzen ere, modan jarri den hori. Marinek dioenez, "frankizia batzuk azaldu ziren (Brooklin, kasu), boxeoan inspiratutako eta musikaz lagundutako jarduerak eskaintzen dituztenak, zakuarekin". Frankizia jabe horiek aise jabetu ziren kontakturik gabeko boxeoak "bazuela merkatuan bere lekua". Dena dela, kirol eskaintza hori asko zabaldu bada ere, entrenatzaile donostiarrak ohartarazi du horri ezin dakiokeela boxeo deitu. Horren jakitun, frankizia horiek boxeo hitza ekiditen dute. Horren ordez, fitboxing eta antzeko izen komertzialetara jotzen dute euren jarduerak eskaintzerakoan.

Bestetik, boxeo klasikoa dago, kontaktuzkoa. Marinen iritziz, hori ez da hain boladan jarri, nahiz eta jendeak harekiko geroz eta interes handiagoa azaltzen duen. Zalantzarik gabe, hor eragintxoa izan du kontakturik gabeko modalitatearen boom-ak, balio izan baitu jendeak "lehenengo aldiz eskularruak janzteko eta boxeoaren xarma sentitzeko". Marinek esperantza du horrek lagunduko duela "jendea zaletzen eta boxeo klasikora gerturatzen", eta, zentzu horretan, ikusten du lotura bi gertaeren artean. Dena den, dio gizartea hasia dela aintzat hartzen kontaktuzko boxeoarekin lotutako balioak, hala nola zintzotasuna, jarraikitasuna eta errespetua. Horien aldean, gauza txikia deritzo bestelako jarduera komertzialen bultzadari. Beraz, Marinen aburuz, kirola "egonkortu" dezakeen gauza bakarra da "boxeoaren eta balio horien arteko lotura bistaratzea". Hain zuzen ere, uztardura horri so abiatu zuen Marinek River Box&Roll kluba.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Ezin daiteke esan klub bat sortzeak lanik ez dakarrenik, baina hastapenei buruz honakoa azaldu du Marinek: "Nire iritziz, klubari lotutako gauzarik politena izan da inongo mementoan ez dudala ezer bilatu. Boxeoarekin gertatu zaidan guztia parean suertatu zait". Esaterako, erabiltzaile izatetik entrenatzaile izaterako jauzia. Behin boxeo irakaspenaren harra sartuta, jarduera hori areagotuz joan zen donostiarraren bizitza, harik eta kluba osatu duen arte.

Lehenengo erabiltzaileak Jon Arratibel, Naiara Malavé, Jaione Telleria eta Jose Rodriguez izan ziren, Marinen Antillako bizilagunak. Eurekin hasi zen guztia, lagun arteko kontu baten moduan. Kide horiek jakin zuten Marinek Donostian boxeo eskolak ematen zituela, eta adierazi zioten gustura proba egingo zuketela beraiek ere. Ordurako, Marinek zintzilik zuen boxeo zakua etxeko garajean. Gauzak erdizka egin nahi ez, eta eremua txukundu zuen lehenengo saioetarako: "Lurrean bigungarriak eta guzti jarri nituen. Autoa ezin nuen sartu; niretzat jada garaje hori gimnasioa zen". Artean ez bazekiten ere, kolpe haiek bide emankor batean lehenengoak besterik ez ziren izan.

Antillatik Kalefitera

Badirudi herri txikietan ahoz ahokoak lan egiten duela oraindik, hasierako talde txiki hartatik abiatuta, geroz eta jende gehiagok galdetzen baitzion entrenamendu saioei buruz. Denbora gutxian etxeko garajea txikitxo gelditu, eta hainbat aukera aztertu ondoren, kiroldegiko tatamia alokatuz jarraitu zuten saioekin ikasturtean zehar. Gero, Jorge Tamayok Kalefiteko lokala eskaini zion. "Oso eskertuta" azaldu da Marin, eremu hori "aukera aparta" delako eurentzat. Gaur-gaurkoz, bertan jarraitzen dute saioekin.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Zabalkunde horren harira, Marinek oso argi ikusi zuen erabaki bat hartu behar zuela: "Nik ezer esan gabe jendea nirekin kontaktatzen hasi zen, kluba are eta gehiago zabaldu zen. Beraz, pentsatu nuen: 'Nik honi lege izaera eman behar diot, ez neuregatik, erabiltzaileengatik baizik'. Izan ere, nik nahi dut jendeak sentitzea legezko leku batean aritzen dela, leku seguru batean, eta eskolak ematen ari dena ez dela edozein, titulazio bat duela… Hitz gutxitan, gauzak ondo egin nahi nituen". Hala, entrenatzaile tituluak ateratzeaz gain, Libana Taboadaren laguntzarekin burutu zuen legeztatze prozesua, eta gaur egun, irabazi asmorik gabeko elkartea da River Box&Roll.

Erabiltzaileen esperientzia kontuan hartuta, badirudi Marinen xedea bete dela eta kideek leku seguru bat aurkitu dutela klubean. Hori, ordea, ez da gertatu taldea legezko egin delako bakarrik. Gomezek, esaterako, nabarmendu du erabiltzaileek "komunitate izaera" hartu dutela. "Nik garrantzi handia ematen diot taldeko lanketari: boxeoa te baten parte sentitzen gara. Ibairi eman behar dizkiogu eskerrak horregatik, azken batean entrenatzailea baita hori sortzen eta bultzatzen duena". Kolpe zuzena aurreiritziei, zaintza, laguntasuna eta maitasuna kontzeptuak boxeoarekin lotuta azaltzen direnez gero.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Gaur egun hogei kide inguruk osatzen dute River Box&Roll kluba, eta, testigantzak kontuan izanda, badirudi gelditzeko etorri dela. Ikusteko dago egingo duen bidea, baina ez dago zalantzarik lehenengo pausoa ilusioz, kemenez eta balio irmoetan errotuta eman dutela.

Ibai Marin: "Boxeoak ematen dizkizu biolentzia apaltzeko baliabideak"

(Arnaitz Rubio Aprea)

Zure jaiotetxeko airea arnasten duzu entrenamenduetan?

Gure Egiako etxean presentzia handia zuen boxeoak, gure aita zenak bultzatuta, noski, boxeolaria baitzen. Nire anaiaren eta nire arteko umetako jolasa eskularruak janztea zen. Aitaren boxeolari garaietako argazki bat berreskuratu dut, eta klubean jarri dut, marko batean sartuta. Beraz, bai, hori guztia arnasten dut klubean ere.

Zure bizitzako bi ardatzak, boxeoa eta musika, batzen al ditu klub honek?

Bai; erlazio handia dago musikaren eta boxeoaren artean, gehienbat erakusteko eran. Entrenamenduen programazioa koherentea izatea bilatzen dut, eta zati oso bereiziak indartu nahi izaten ditut, abestien errepikak balira bezala. Musikarekiko pasioa dago hor azpian, eta izenean bertan islatzen saiatu naiz. Orobat, jarrerari ere egiten dio erreferentzia: rock&roll asko dago gure entrenamenduetan. Horrez gain, roll boxeoko kontzeptu bat ere bada: boxeoko argotean, saiheste teknika bati deitzen zaio roll. Klubaren izena esanahiz betea da.

Nola laburbilduko zenuke klubaren filosofia?

Diziplina, jarraikitasuna, baina, oroz gain, errespetua. Kirol hau balio moral sendoetan sustraituta dago, eta hori nahi dut eskaini eta transmititu.

Lana dago oraindik boxeoari lotutako aurreiritziak gainditzen?

Bai, gehienbat jendeak oldarkortasuna indarkeriarekin lotzen duelako. Ni, borrokatzeko, oldarkorra izan behar al naiz? Bai, baina horrek ez du boxeoa gainerako kiroletatik desberdintzen. Azken batean, edozein kirolarik oldarkor jokatu behar du, punturik lortuko badu. Baina agresibitate horrek ez du esan nahi biolentoa zarenik, alegia, besteari mina eman nahi diozunik. Puntuatzeko ez dut inor lurrean utzi behar, ezta kolpe txar bat eman behar ere. Are gehiago, boxeoak autoestimua handitzen du, ziurtasuna ematen dizu; hau da, ematen dizkizu biolentzia apaltzeko baliabideak. Herra, frustrazioa eta horrelakoak ekidin egiten dira, lanketa bat egiten da emozio horiek baretzeko. Hori da norbaitekin parez pare jartzeko baldintza.

Nola egin daiteke boxeoan berdintasunaren alde?

Arlo horretan ere lan handia dago, eta ez da batere erraza, gehienbat ikuspuntu feministatik. Nik, adibidez, nahasketa handia dut klubean: emakumezkoak, gizonezkoak, adin txikikoak, helduak… Eta saiatzen naiz, naturaltasunez, denei berdin egiten. Hori bai, pisua, neurria, maila, helburua eta bestelako faktoreak kontuan hartu behar dira beti. Garrantzitsua da eremu seguru bat eskaintzea, berdintasuna bermatuko duena arlo guztietan. Dena dela, gustatuko litzaidake emakumeei bakarrik zuzendutako eskolak antolatzea, boxeoa, autodefentsa eta bestelako gaiekin lotutakoak. Bestalde, garrantzitsua da emakumeek historikoki egin duten borroka, eta erreferente horiek plazaratu nahi ditut.

Baduzu epe ertainerako helbururik?

Herriari aukera ematea kirol hau ezagutzeko, aurreiritziak apurtzea, entrenamendu egun gehiago ateratzea… Gainera, baditut bi pertsona lehiatu nahi dutenak, eta dena ondo bidean, Bizkaiko Openean sartu nahiko genuke, bertan debutatu.

Tania Gomez: "Boxeoa ez da oasi bat, nabari dira desberdintasunak gizonen eta emakumeen artean"

(Arnaitz Rubio Aprea)

Betidanik egin duzu boxeoa edota kontaktu kirolen bat?

Betitik oso kirolaria izan banaiz ere, boxeoan nahiko berandu hasi nintzen; dena dela, betidanik iruditu izan zait oso kirol interesgarria, noblea eta errespetuzkoa. Hala, duela sei-zazpi urte erabaki nuen probatzea Anoetako Boxeo Eskolan.

Donostian bizi den oñatiarra izanik, zerk ekarri zaitu Oriora?

Lan zirkunstantziak tarteko, Anoetako eskola utzi behar izan nuen, eta beste hainbat klub probatu nituen. Orduan ezagutu nuen Ibai entrenatzaile bezala. Gero, jakin nuenean klub propio bat zabaltzekoa zela, ez nuen zalantzarik eduki. Izan ere, Ibai ezagutzen dut, eta badakit bizitzan egiten duen guztian bihotzaren %100 jartzen duela. Halaber, hemen boxeoa ez da produktu bat, harago doa: zaintza dago gure artean, giro ona… Ibaik asko lantzen du alderdi komunitarioa, eta horri garrantzi handia ematen diot. Hori da, zehazki, ostegunero Oriora ekartzen nauen faktore garrantzitsuena.

Beraz, askotariko mailak badaude ere, bizikidetza ona da.

Ona ez, bikaina! Adin tarte zabala hartzen dugu, eta, hortaz, askotarikoak dira mailak eta helburuak ere. Muinean, ostera, errespetua dago, eta inork ez du inor epaitzen, ezta gutxiago ere.

Zer leku hartzen duzue emakumeok boxeoaren eremuan?

Boxeoa ez da oasi bat, eta gizartean gertatzen dena islatzen du. Beraz, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak ikusten eta sentitzen dira. Pentsa,1990eko hamarkadara arte emakumeek ezin zuten modu ofizialean lehiatu. Horrek oinarrizko diferentzia markatzen du, beste kirol askotan bezala. Egia da gaur egun geroz eta emakume gehiagok egiten dugula boxeoa, baina, gizonen aldean, oso ehuneko txikia gara oraindik ere.

Boxeoaren inguruko aurreiritziak ez al dira, hain zuzen ere, oso maskulinoak? Kolpeak, borroka, biolentzia…

Hori da. Emakumeei lotutako rolak bestelakoak dira; zaintza, irakaskuntza... Baina, gehienbat, emakumeok ezin dugu gure gorputza gehiegi nabarmendu, ezta indarra erakutsi ere. Horregatik, badirudi boxeoaren eremua guretzat ez dela naturala.

Boxeoak zer onura ditu bereziki emakumeentzat?

Fisikoa alde batera utzita, alderdi mentala da boxeoan pisua duena. Ez da batere kirol erraza, eta hasiera gogorra da. Dena dela, ikasi ahala asko asebetetzen du, eta prozesu mental asko jartzen ditu martxan: autoestimua eta autopertzepzioa hobetzen ditu, eta baita autonomia eta gogo indarra ere. Azkenean, hori guztia norbere izaeran txertatzen da, eta bizitzako arlo guztietara zabaltzen da. Emakumeok zapalduta gaudela ikusita, balio handikoa da hori guztia: gainontzekoei mugak jartzeko, nork bere burua defendatu eta aldarrikatzeko… Jotzen jakitea bigarren mailako gauza da. Horregatik, inguruko emakume guztiak animatuko nituzke boxeoa probatzera. Gustatu ala ez, ez dira damutuko. Behar zaituztegu!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide