Oiana Blanco (Orio, 1983) 4 urterekin hasi zen judo egiten eskolan, eta pausoz pauso, nazioarteko txapelketetan punta-puntan ibiltzera iritsi zen. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetara sailkatu, eta 48 kiloz azpikoen kategorian lehiatu zen. Aurreneko borroka munduko txapeldunaren kontra izan zuen –bera munduko bigarrena zen–, eta berdindu egin zuten; luzapenean, gehiago izan zen aurkaria, eta Jokoetatik kanpo gelditu zen oriotarra. Hara iritsi aurreko bideaz, han bizitakoaz eta ondoren hartutako erabakiez aritu da Blanco Gukarekin.
Hamabi urte igaro dira Olinpiar Jokoetan izan zinenetik. Nola gogoratzen duzu?
Beti oroitzapen ona izan dut; melankolia puntuarekin, jada. Orain Londresera joango balitz norbait eta esango baliote halako tokia hiri olinpikoa izan zela, auzo normal bat aurkituko du, politagoak ala itsusiagoak irudituko zaizkion estadioekin; baina berezia da Jokoen momentuan. Han barruan bizitzen ari zaren hori guztia da berezia; han gauden kirolari, tekniko eta fisio guztiak aurreko lau urteetako lanaren emaitza plazaratzeko prest gaude, edo lau urteetako lanak beteta ikusten ari gara. Bakoitzak daki nola ari den bizitzen momentu hori, zer emoziorekin, eta zer daraman motxilan azken urteetan edo txikitatik egindako ibilbidean.
Batzuek txikitatik dute amets hori. Zuk?
13 urtetik aurrera Espainiako Txapelketetan emaitzak lortzen joan nintzen, eta beti egon nintzen [Espainiako] selekzioan. Baina inoiz ez nituen buruan izan Jokoak. 2008an, jada Pekingo Olinpiar Jokoetarako sailkapena oso itxita zegoenean, nazioarteko azken bi txapelketetara joateko aukera eman zidan selekzioak; baina oso zaila zen jada sailkatzea. Nik banekien hori, eta nire helburuak beste batzuek izan ziren. Hori bai, Joko haietako inaugurazioa ikusten ari nintzela telebistan, neure buruari esan nion nik hara nahi nuela joan. Nire selekziokideak han zeuden, Jokoetan. Nire kategorian bi ginen selekzioan, eta aukerak beste pertsonari eman zitzaizkion; ez zen sailkatu, ordea. Jokoen uda haren ondoren, nire buruan helburu bakarra zegoen: korrika egitera joaten banintzen, Olinpiar Jokoak nituen buruan. Neure buruari esaten nion lau urte horietan aukera sortu behar nuela eta lortu egin behar nuela sailkatzea.
Eta baita lortu ere.
2009an munduko bigarren izan nintzen, 2010ean Europako hirugarren, nazioarteko lehietan hor nenbilen... Ohartu nintzen jada ez zela amets bat Jokoetara joatea, neure esku zegoen zerbait baizik. Egin beharreko entrenamenduak eginda nituen, eta behar nuena zen tatami gainean lehiatzeko unean nire onena eman, gauzak ondo eginez gero, lor nezakeelako txartela.
"Tatamitik neure buruarekin gustura atera nintzen, neukan guztia eman nuelako"
Munduko Txapelketan azpitxapeldun izan arren, Olinpiar Jokoak amets.
Judon Joko Olinpikoak dira berezienak eta garrantzitsuenak, eta ondoren, Munduko Txapelketa. Beste kirol batzuetan desberdina da; txirrindularitzan, ziurrenez, Frantziako Tourra izango da bereziagoa Joko Olinpikoak baino –ez dakidan arren beraiek barrutik nola bizitzen duten, baina kanpotik hala dirudi–. Baina judon, ez.
Londresera iritsi, eta aurrenekoan Tomoko Fukumi munduko txapeldunaren aurka lehiatzea tokatu behar.
Munduko Txapelketan bigarren gelditu nintzenean, elkarren kontra jokatu genuen finala, eta Jokoetara rankineko lehenengoa iritsi zen bera. Hala ere, nire ustez banituen hari irabazteko aukerak, eta zerbait lortu nahi banuen, gainera, onenari ere irabazteko prest egon behar nuen. Borroka oso ona egin genuen biok, berdinduta amaitu genuen, eta luzapenean berak irabazi zidan. Baina tatamitik neure buruarekin gustura atera nintzen, neukan guztia eman nuelako. Beste batzuetan irabazten duzu baina sentsazioa ez da ona izaten. Momentu hartan, berriz, satisfazio hori baneukan.
Kanpotik begiratuta, ez dirudi oso justua borrokaldi bakarrak erabakitzea txapelketan jarraituko duzun ala ez.
Aurrera iristen bazara bigarren aukera bat edukitzea badago, baina aurrenekoa galtzen baduzu, ez. Gainera, gure kirola ez da 90 minutu irauten duen zerbait; segundo batean galtzea daukazu eta hortxe amaitzen da guztia. Baina hori kirolaren parte da, eta horregatik da, nire ustez, hain berezia. Zeren inor ezin da despistatu segundo bakar batez ere; denbora osoan zure onena eman behar duzu, eta oso-oso zentratuta egon behar duzu. Teknikoki ez ezik, taktikoki ere oso lanketa ona egitea eskatzen du, zentzumen guztiekin egon behar duzu, eta polita ere bada. Engantxatzen du horrek.
"Jarraitzea baztertu ez arren, ama izateko gogoa ere banuen; hori bai zela txikitatik nuen ametsa"
Hori gustatzen zaizu judotik.
Aukerak oso irekita gelditzen dira; benetan zerbait lortu nahi duenak erakutsi egin behar du txapelketa bakoitzean. Behin irabazteak ez du esan nahi beti irabaziko duzunik. Espainiako txapelketetan askotan izaten nuen sentsazio hori: faborito bezala joaten zinen, eta esaten zenuen, tira, ez daukat galtzeko ezer, aurten oraindik ez naizelako txapeldun gelditu, baina edonork irabaz dezake, eta urtero-urtero ahal duzun onena eman behar duzu; izan ere, edozein xehetasunengatik, gauzak alde batera edo bestera joan daitezke. Positiboa ere bada, edonork irabaz dezakeelako, eta zu edozeini irabazteko gai zarelako: horra iritsi aurretik, Munduko Txapelketan bigarren gelditu nintzenean, Afrikako, Europako eta Asiako txapeldunen aurka tokatu zitzaidan, horiei denei irabazi nien finalera iristeko...
Hurrengo Jokoetan parte hartzea ez zenuen planteatu?
Egunero bospasei ordu entrenatzen nituen, asteburu askotan etxetik kanpo izaten nintzen, Asiara joaten banintzen hiru astez ere bai, eta jarraitzea baztertu ez arren, ama izateko gogoa ere banuen, eta haurdun gelditu nintzen. Hor bai, oso argi izan nuen baldintza horietan ez nuela segiko. Gainera, ama izatea bai zela txikitatik nuen ametsa: umeak betitik gustatu izan zaizkit asko, irakaslea naiz, zorte hori dut, eta umea koskortu zenean esaten zidatenean ea ez al nuen itzuli behar, ni gehiago ari nintzen bigarren umearekin pentsatzen. Ni jada ama naiz, kar-kar.
Gaur hasiko diren Jokoetan eskualdeko hiru kirolari izango dira; Nadia Erostarbe zarauztarra eta Janire Gonzalez Txabarri eta Kauldi Odriozola zumaiarrak. Zer esango zenieke?
Nik uste Olinpiar Jokoetara iritsi direnerako lan denak eginak daudela, eta orain gelditzen dena dela egun horretan daukaten onena ematea; nork bere buruarengan sinistu behar du, eta konfiantza eduki. Norberak ezagutzen ditu ondoen bere kirola eta bere burua; ainbeste ordu entrenatu ondoren, norbere gorputzaren kontrol oso handi batera iristen da bat, eta norbera da bere onena ateratzen dakiena. Sinistuta eta ahal den onena emanda, oso paper ona egingo dutela uste dut. Animo asko, eta goza dezatela.
Jokoak ikusteko ohiturarik baduzu?
Bai, bai. Garai horretan etxean Teledeporte [telebista katea] jarrita izaten dugu 24 ordu ez, baina telebista pizten badute umeek, badakite zer jarri behar duten. Kirol gutxitu asko daude urtean zehar isil-isilik pasatzen direnak; orain izango dute erakusleiho bat, eta niri pila bat gustatzen zait kirol desberdinak eta modalitate desberdinak ikustea eta horiek ikastea.