Lurraldebus zerbitzuan indarkeria matxistaren aurkako lehenengo protokoloa landu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta atzo bilera egin zuen Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Gipuzkoako hainbat alkate emakumezkorekin.
Bilera Orioko Saregile emakumeen etxean egin zuten, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea kenduta, eskualdeko gainerakoak bertan izan ziren: Orioko Anuska Esnal, Azkoitiko Ana Azkoitia, eta Aizarnazabalgo Mari Karmen Arregi. Azpeitiko Udalaren izenean Berdintasun teknikari batek parte hartu zuen bileran, baita Oiartzungo alkateak eta Irungo eta Errenteriako zinegotzi banak ere. Datozen egunetan beste bi bilera egitekoa da Dominguez hainbat herritako ordezkariekin.
Orioko bilkuraren ondoren aldundiak zabaldutako oharrean, Dominguezek azaldu zuen protokoloaren helburua dela emakumeen segurtasuna bere osotasunean bermatzea: "Helburua da emakumeek garraio publikoan duten segurtasunari osotasunean heltzea, hau da, zerbitzuak berak irauten duen denboran, baina baita horien geralekuetan edo irisgarritasunean dauden bitartean ere, espazio hori guztia indarkeria matxistetatik libre egon dadin". Eta gaineratu zuen horregatik bildu direla alkateekin, "administrazio guztien eskumena baita garraio publikoa zerbitzu jasangarri, eroso, seguru, irisgarri, lehiakor eta emakumeentzako seguru bihurtzea".
Galdetegia
Aldundiak dituen datuen arabera, Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzen duten hamar pertsonatik sei emakumeak dira.
Hala, aldundiak azpimarratu zuen Mugikortasun diputatua hainbat emakume elkarterekin bildu dela, baita Lurraldebusen diharduten kontzesionarioetako langileekin eta erabiltzaile taldeekin ere, protokolo horri ekarpenak egiteko.
Horrez gain, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak autobusen erabiltzaileei eskatu die 18 galderako galdetegi "erraz" bat betetzeko, emakumeek garraio publikoa erabiltzen duten esperientziaren argazkia ezagutzeko.
Oharrean ez dute protokoloaren eta hori martxan jartzeko pauso gehiagoren berri eman.