Mikel Arostegi eta Maider Etxaniz: "Gustuko lekuan aldaparik ez dagoelako itzuli gara arraunera"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 20a, 08:00

Mikel Arostegi eta Maider Etxaniz, Arraunetxeko kanpoaldean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Aldaketa askorekin ekin dio Oriok aurtengo arraun denboraldiari. Joan den urtekoa amaitu ondoren kluba kudeatzeko ardura hartu zuen zuzendaritza taldeaz harago, Mikel Arostegi eta Maider Etxanizen fitxaketak izan dira berritasun nagusiak. Jon Salsamendik eta Nadeth Agirrek utzitako hutsuneak betetzeko lotu dituzte, eta biek aitortu dute traineruen mundutik at ikusten zutela beren burua. Aia-Orio Guka aldizkariaren uztaileko zenbakian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Arraun denboraldia hasi berritan, hori kolorea ari da Orioko kaleak janzten beste uda batez. Aurtengoa, ordea, berrikuntza esanguratsuekin dator; izan ere, herriko klubeko bi traineru nagusien ikur izandako bi ordezkari falta dira: Nadeth Agirre hamabost urtez emakumezkoen taldeko patroia izandakoa eta Jon Salsamendi gizonezkoen prestatzailea 2017tik joan den urtera arte. Maider Etxanizek (Oiartzun, 2000) eta Mikel Arostegik (Orio, 1984) ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren, eta egitekoa ez da nolanahikoa izango.

Bi izen handi ordezkatzeko aukeratu zaituztete. Zer-nolako aldartearekin zaudete erronka horri begira?

MAIDER ETXANIZ: Gogotsu. Ardura handia izango da, Nadethek urte asko eman dituelako traineruaren popan, baina lehenengo unetik beso zabalik jaso naute, eta erraza izan da egokitzapena. Horregatik, oso gustura nago, eta denboraldia hasteko irrikaz.

MIKEL AROSTEGI: Egoera berdintsuan nago ni ere. Azken finean, oso ona izan da Jon Salsamendik Orion egin duen ibilbidea, irabazi beharreko asko irabazi ditu; horregatik, erronka gogor samarra izango da niretzat. Dena den, gogotsu nago.

Etxaniz eta Arostegi, traineruetako batekin. (Arnaitz Rubio Aprea)

Aurtengo arraun denboraldiari begira, gizonezkoen taldea emakumezkoena baino dezente gehiago aldatu da, hamabi baja izan dituelako. Gustura al zaude daukazun traineruarekin?

M.A.: Taldeko entrenatzailea izatea proposatu zidatenean hiru aste eskas falta ziren sasoia asteko, azaro aldera ekiten baitiogu. Horrez gain, joan den urtean aritu ziren hainbat arraunlarik kirola uzteko erabakia hartuta zuten jada, eta dezente kostatu zaigu taldea osatzea. Beheko taldetik gazte asko igo ditugu, eta, ondorioz, trantsizio urtea ere izango da aurtengoa, etorkizunera begirakoa, baina oraina ahaztu gabe, betiere. Orio klub handia da, eta beti nahi izaten dugu aurrean ibili. Aurten, ordea, pazientzia apur bat beharko dugu.

Zure hitzetatik ondorioztatu daiteke aurten ere Orio ez dela Eusko Label ligako ohorezko txandan arituko.

M.A.: Urrun ikusten dut, bai. Horregatik, bigarren txandan sendotzea izango da denborali honetako lehenengo helburua, eta, ahal dela, aurrealdean ibiltzea.

Emakumeen trainerua, bai, ohorezko txanda horretan egon beharko litzateke eta banderen lehian, ezta?

M.E.: Bai. Lehenengo postuaren borroka horretan egon nahi dugu aurten ere, nahiz eta badakigun zaila izango dela. Denboraldia hasi aurreko estropadak ikusita, Arraun Lagunak da faboritoa. Espainiako, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi ditu, baina guk ere hobera egin dugu estropadaz estropada, eta borrokatzeko gogotsu gaude, esan bezala.

Maider Etxaniz:

"Ez nuke esango presiorik sentitzen dudanik; ardura handia bai, ordea"

"Oraindik ez dut atera nire jenio txarra, ikusiko dute konfiantza hartzen dudanean"

(Arnaitz Rubio Aprea)

Zuen traineruan ez dago gizonezkoetan bezainbeste aldaketarik, baina bai oso esanguratsua den bat. Zurea, hain justu, taldeko patroi berria zarelako. Presiorik sentitzen al duzu?

M.E.: Presioa ez, baina ardura handia bai. Hala ere, uste dut ardura bera sentituko nukeela beste edozein traineru gidatuta ere. Egia da, era berean, lehen aldiz lehiatuko naizela Euskotren ligan, San Juanen aritu nintzenean ETE ligan egin nuelako eta horrek, akaso, zertxobait handitzen duela ardura maila hori, baina momentuz ongi daramat hori.

Aurrez San Juanen aritu zinela aipatu duzu, baina bi urte pasatu dituzu arraun mundutik at. Nolakoa izan da itzulera?

M. E.: Egia esateko, ez nuen uste itzuliko nintzenik. Dena den, ongi etorri zait bi urteko atsedenaldi hori, eta, behar nuen, gainera, oso erreta amaitu nuelako. Arraunak badu hori ere, oso kirol gogorra da, uda osoa pasatzen duzulako estropadak lehiatzen, eta kontuan hartu behar da, era berean, denboraldia askoz lehenago hasten dugula. Negurako jada entrenatzen ari gara, eta urtea luzea egiten da azkenerako. Hala eta guztiz ere, esaerak dioen bezala, gustuko lekuan, aldaparik ez.

Mikel, zu ere etenaldiaren ondoren itzuli zara arraunera gizonak entrenatzeko.

M. A.: Bai, eta berria izango da, San Pedroko prestatzaile izan nintzenean ontzi barruan ere aritu nintzelako. Oraingoan, ordea, lehenengo lanera mugatuko naiz soilik. Azken finean, entrenatzaile lanak denbora asko eskatzen du eta, sasoiko egoteko, eguneroko entrenamenduak ondo eraman behar dituzu. Azken horrek ere denbora eskatzen du, eta kiroletik kanpo ere lana egiten dugunez, ez dugu denera iristeko astirik. Ondorioz, argi nuen arraunlari gisa ere arituz gero, ez nintzela gai izango Orioko traineruak exijitzen duen maila emateko, ezingo nuelako %100ean aritu. Horregatik erabaki nuen traineruan ez sartzea.

Ezustean iritsi al zaizue Orioren eskaintza?

M. E.: Niri bai, nahiz eta egon ziren zurrumurru batzuk aurrez taldekide izan nituen batzuen aldetik iritsi zitzaizkidanak. Banekien Nadeth taldea uztekoa zela, eta, ondorioz, Orio patroi faltan izango zela. Taldekide ohi haiek Orion aritu dira azken urteetan, eta taldera etortzeko esaten zidaten, baina ez nituen serio hartu benetako eskaintza jaso nuen arte.

M. A.: Nik ere ez nuen espero Orioko entrenatzailea izateko deia jasoko nuenik, eta oraindik ere kostatu egiten zait barneratzea, batzuetan. Baziren esaten zidatenak niri deituko zidatela, baina erantzuten nien arrauna amaitu zela jada niretzat. Urte askotako ibilbidearen ondoren, San Pedro utzi nuenean Oriora itzultzeko, hura nire azken denboraldia izango zelakoan egin nuen, erretiroa etxean hartzeko asmotan. Hala, iazko urtea arraunik egin gabe igaro nuen. Gero klubeko arduradunek deitu zidaten, eta ezin izan nien ezetzik eman. Dena den, argi adierazi nien beste entrenatzaileren bat ni baino egokiagoa irudituz gero, lasai asko lotzeko hura, nire baiezkoa bazutela eta ez nintzela beste inora mugituko. Hurrengo urteari begira ere berdin jokatzeko esaten diet gaur egun. Are gehiago, baiezkoa eman nuenean uste nuen gero klubak esango zidala beste entrenatzaile batek zuzenduko zuela taldea; izan ere, badakit beste hirurekin behintzat hitz egin zutela aldi berean.

M. E.: Ni ere ez nintzen aukera bakarra izan klubarentzat, jarri ziren harremanetan patroi gehiagorekin ere. Izatez, ez dut uste lehenengo aukera ni izango nintzenik, baina nigana jo zuten azkenean, eta pozik nago eman didaten aukerarekin.

Mikel Arostegi:

"Oraina ahaztu gabe, etorkizunera begirako urtea izango da aurtengoa"

"Nik sentitzen dut presioa; izan ere, sekulakoa da aurrean daukadan erronka"

(Arnaitz Rubio Aprea)

Denboraldi aurrea amaituta eta liga hasi berritan, nola ikusten dituzue zuen taldeak?

M. A.: Maiatzean eta ekainean jokatu ditugun estropadetan orotarikoak izan dira lortu ditugun emaitzak. Gipuzkoako Txapelketan bosgarren sailkatu ginen KAE1eko San Juanen atzetik, baina zorte txarra ere izan genuen tokatu zitzaigun kalearekin. Horrez gain, atzerapenarekin ekin genion estropadari, eta horrek ere kalte egin zigun marea aldatzen ari zelako gure txanda jokatu genuenean.

Neguan jokatutako lehenengo estropadak, bestalde, hemengo eta hango ibaien jaitsierak, nahiko eskasak izan ziren. Jaitsieretako asko bertan behera utzi zituzten, gainera, baldintzak ez zirelako onak, baina pixkanaka lortu dugu taldea eraikitzea, eta ari da itxura hobea hartzen.

M. E.: Guk ere kale beretik aritu behar izan genuen Gipuzkoako Txapelketan, eta laugarren sailkatu ginen. Dena den, lan txukuna egin genuen, eta hurrengo estropadei begira konfiantza hartzeko izan zen baliagarria, batez ere. Euskadiko Txapelketan ikusi zen hori, bigarren postua lortu baikenuen oso baldintza zailetan.

Itsaso oso zakarra izan zenuten Euskadiko Txapelketa hartan. Halako egoeretan zure burua trainerua ongi gidatzeko gai ikusteak konfiantza handiagoa eman al dizu?

M. E.: Galiziako estropadei begira batez ere, hango itsasoak asko kezkatzen baininduen. Donostian jokatutako Euskadiko Txapelketari lotuta, era berean, tentsio handikoa izan zen niretzat, eta, zorionez, ondo atera zen. Aldez aurretik esan zidaten itsaso txarra izango genuela, baina nik nahiago nuen ez ikusi uretaratu arte. Beroketan jada nire buruari galdetzen ari nintzaion zertan ari nintzen han, bertatik alde egin nahi nuelako une hartan. Atzera bueltarik ez zegoen, ordea, eta aurrera egin behar nuen. Entzungailutik ere lasai egoteko esan zidaten, eta asko estimatu nuen.

Hori da, oro har, klubetik helarazi dizueten mezua? Lasaitasuna, ala emaitza onak lortzea exijitu dizuete?

M. E.: Lehenengo momentutik lasaitasun mezuak jaso ditut bai taldekideen eta prestatzailearen aldetik, bai taldearen aldetik, orokorrean. Nigan sinisten dutela esan didate, eta presarik ez izateko, poliki-poliki aurrera aterako dugulako denboraldia. Esan bezala, hainbat taldekide aurrez jada ezagutzen nituenez, asko lagundu didate taldera egokitzen. Hala ere, oraindik ez dut atera nire jenio txarra. Izan badudanez, pentsatzen dut ikusiko dutela konfiantza handiagoa hartzen dudanean.

Herrikoa izan eta bertan bizitzea ala oiartzuarra izan eta eguneroko bizitza Oriotik kanpo egitea ere ez da gauza bera izango, ezta?

M. E.: Ez, noski. Gainera, Oiartzunen ez dute Orion duten zaletasuna. Egia da kalean geratu nautela inoiz telebistan edo albisteren batean ikusi nautelako, baina horretara mugatu da. San Juanera joaten naizenean nabari dut gehiago arraunarekiko pasio hori. Nahiko maiz joaten naiz familia dudalako han, baina ez naizenez bertako traineruan arituko, ez dut uste gauza askorik esango didatenik.

M. A.: Orion bizitzea eta herriko taldean aritzea bestelakoa da, bai. Dena den, uste dut denok dakigula nor garen eta non ari garen. Gogor entrenatzen dugu, eta ez da erraza onenen artean ibiltzea. Ziklikoa ere bada arrauna, eta, ondorioz, urte batzuetan talde polita duzu eta goialdean ibil zaitezke, eta, kontrara, beste batzuetan gehiago kostatzen da. Beti nahi dugu ohorezko txandan aritu eta estropadak irabazi, noski, baina errealistak ere izan behar dugu, eta helburu apalagoekin hasi. Denboraldiak aurrera egin ahala, ikusiko dugu benetan non gauden.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide