Orioko Udalak Trafikoaren eta Aparkalekuen Ordenantza (TAO) eguneratu du, herritarren iritziak jaso ondoren. Aldaketaj bertakoentzako eremuei eragiten die batez ere. Bertakoentzako eremu gehiago izango baitira aurrerantzean. Orain arte, bost ziren Aparkatzeko Udal Txartela duten ibilgailuentzat gordetako eremuak: Anibarko Portua, Estropalari-Bikamiota, Pelotari kalea, Autopista azpiko ibilgailu luzeen aparkalekua eta Alde Zaharra. Aurrerantzean, berriz, beste eremu hauek gehituko dira zerrendara: Balea, Erribera, Palota, eta Ibai Ondo kaleak.
Guztira 353 aparkaleku izango dira bertakoentzat herrian. B eta R hizkiekin markatuta egongo dira eta, bertan aparkatzeko, ezinbestekoa izango da Aparkatzeko Udal Txartela autoan pegatuta eramatea. Udalak azaldu du, ordea, "egokitzapen prozesu" bat eskatzen dutela aldaketek, eta horregatik, abuztuaren 1a arte, TAOko langileek ohar bat utziko diete pegatinarik ez duten eta bertakoentzako eremuetan aparkatzen duten ibilgailuei, aldaketaren berri emanez.
Jarduera ekonomikoei atxikitako ibilgailuak
Jarduera ekonomikoei atxikitako ibilgailuentzat tarifa berezi bat sortu da. Horiek aukera izango dute egonaldi luzeko eremuetan aparkatzeaz gain, bertakoen eremuan ere aparkatzeko, TAO aplikazioaren bidez dagokion tarifa ordainduta.
Egonaldi luzeko aparkalekuen denboraldiak
Horrez gain, egonaldi luzeko aparkalekuen denboraldien datak pixka bat egokitu ditu
Udalak. Hauek dira data zehatzak:
- Behe-denboraldia: Azaroak 5 – Martxoak 14
- Denboraldi ertaina: Martxoak 15 – Maiatzak 31
- Udaldia: Ekainak 1 – Irailak 15
- Denboraldi ertaina: Irailak 16 – Azaroak 4
Aldaketa guztiok adierazten dituen eskuorria argitaratu du udalak. Hemen ikus daiteke, eta bestela, udaletxean jaso daiteke eskuorria fisikoki.