Mila bederatziehun ta lehenengo urtian / maiatzaren hamalaugarren egunian, / Orioko herriko barraren aurrian, / balia agertu zan beatzik aldian, idatzi zuen Orbegozo apaizak; ondoren, Benito Lertxundik musikatu zituen bertso haiek, 1977an. Haundia ba zan ere azkarra ibilian, / bueltaka han zebilen juan da etorrian, / hondarra harrotuaz murgil igerian, / zorriak zeuzkan eta haiek bota nahian, dio bigarren bertsoak. Orduan izango zen nahiko ikusmira eta iskanbila herrian. Gaur [maiatzeko arratsalde bat], ordea, arratsalde eguzkitsu eta lasaia da. Errioan ari dira paladaz palada gaztetxoak, arraunean. Lurretik, batzuk haiei begira, zuzen dabiltzan ala ez ikuskatzen. Errioak eskaintzen duen lasaitasuna aprobetxatuz, pasieran beste batzuk. Gaur aisialdi ikusten dena zen garai hartan bizirautea. Itsasoarekiko lotura galdu du hein batean herriak, ez baina arraunean aritzekoarena, ez eta herriaren historia ere. Aldaketak aldaketa, harrotasunez gogoratzen du Oriok herriaren historia: Bizkaiko Golkoko azken balea harrapatu zutela.
Bost urtetik behin egiten den festak ekartzen du gogora gertakaria. Batzuentzat anekdota, ordurako desagertuta baitzegoen balea harrapaketa lanbide gisa. Kontuak kontu, presente du herriak 1901eko maiatzaren 14a, eta gertaera lau haizetara zabaltzeko asmoz aurkeztu berri dute Balearen Bidea. Zaragueta herri eskolak sortu du. Bizkaiko Golkoan harrapatutako azken balearen kontakizuna ardatz hartuta, Balearen Bidearen asmoetako bat da "herria erakustea". Hala dio ibilaldiaren hasierako panelak. Balearen Bidearen hasiera Ortzaika auzoan dago, eta Balearen Bidearen inguruko xehetasunak ditu hizpide aurkezpen panelak. Honela dio: "Ortzaika auzotik hondartzarainoko bidea proposatzen dizugu. Oria ibaiaren ertzean eta herrian barrena. Ibilbidean, gure herriaren nortasuna definitzen duten hainbat leku, pertsona eta eragile topatuko dituzu".
Lau kilometro eta zortzi geldiune ditu. "Geldialdi bakoitzean panel bat dago, eta QR kode bitartez, hamahiru hizkuntzatan entzun ahal izango duzu hango azalpena", azaltzen du aurkezpen panelak. Hain zuzen, QR kode bidez, azalpenak euskaraz, gaztelaniaz, galizieraz, katalanez, errusieraz, ukraineraz, woloferaz, frantsesez, errumanieraz, ingelesez, portugesez, urduz eta arabieraz entzuteko aukera dago. Hizkuntza horiek guztiak, gainera, "eskolako komunitateko familien jatorrizko hizkuntzak dira", eta "audio bidez sortutako ahotsak eskolako ikasleenak eta familienak".
Zortzi geldiune
Ortzaika, Etxeluze gaztetxea eta Arraunetxea, herriko plaza, Piliku plaza, Balearen Plaza, Munto, kirol portua eta barra muturra elkartzen ditu ibilbideak. Herria zeharkatzen du punta batetik bestera. Hasiera, ordea, azaldu gisa, Ortzaikan du. Zergatik? "Errio bazterrari lotuta bizi izan den auzoa delako: arrauna, angulak eta arrantza kontuak izan ditu bizigai", dio Ortzaikako lehen panelak. Aurrera jarraituta dago bigarrena; gaztetxearen parean, hain zuzen. Ikus-mina sortu du panel horrek. Bi herritar daude hari begira, hango testua irakurtzen. Haien atzean egin du parada kazetariak. Gaztetxea, Arraunetxea eta estropadak ditu hizpide. Errioaren korrontearen aurka, aurrera jarraitu du kazetariak, herrigunera iritsi arte.
Moilan, lurrera begira jarri da Balearen Bidearen lurreko marka bila. Hantxe topatu du –nahiko kostata– marka urdina. Herriko plazara begira da gezia, udaletxe parera, hain zuzen. Udaletxearen horman dago hirugarren panela. Jendez beteta dago plaza, haurrez eta haien gurasoz, batez ere, eskola orduez at jolastoki eta elkargune bilakatzen baita herriko plaza askorentzat. Hala hartzen du plaza panelak ere, elkargune gisa: "Hemen hasi eta ospatzen dira estropadetako garaipenak eta herriko jaiak: sanpedroak eta sanikolasak". Errioaren beste aldean dagoen Mutiozabal ontziola ekartzen du gogora, ondoren.
Aldapan gora darama gero bideak, Pilliku plazara iritsi arte. Camino Arregi Maria maestra du hizpide laugarren panelak, baita Benito Lertxundi ere. Kazetariaren ezjakintasunean, Goiko Kale horretan jaio baitzen abeslaria. Bideari jarraipena eman dio kazetariak. Beherantz hartu du, Balearen Plazara iritsi arte. Leihotik egunero ikusten du Balearen Plaza kazetariak, bertatik igaro ere dezentetan egin da, baina inoiz ez da horma irudiari begira gelditu; xehetasun guztiak begiratuz geldiunea egin du lehen aldiz: alde zaharra, eliza, haur zein heldu eta afera hori irudikatzen duten bost traineru, balea aurrean dutela. Kaioak eta arrainak ez dira falta, momentu hura irudikatzerako orduan. Egun hartako "argazki bakarra" du osatzen horma irudiak.
Seigarren geldialdia: Muntora iritsi da kazetaria, berriz ere, itsaso aldera buelta. Pozez hartu du sare josten ibiltzen ziren emakumeen aipua. Haiek ere herriaren historiaren parte izan baitira, nahiz eta askotan itzalpeko lanean aritu.
Konturatzerako, bukatzear da ibilbidea. Kirol portuan, hondartzatik gertu. Mintzagai dira bertan errioaren beste aldean dauden Oribazarko hondartza eta Txurrukako aterpetxea, eta beste aldera begiratuz ikus daitezkeen Zaragueta herri eskola eta kanpina. Uda gertu dela nabari da, mugimendua handiagoa baita negu giroan baino. Eguraldiak lagunduta, lehenengo karabanen joan-etorriak hasi dira, eta bisitariak ere badabiltza, ingurua ezagutzen.
Aurrera jarraitu du kazetariak, itsasoa gero eta gertuago duela, giro eguzkitsu horrek ematen duen lasaitasunaz gozatuz. Flashback-a etorri zaio burura. 1901eko maiatzaren 14an hasi da pentsatzen: eszena, orduan, bestelakoa izango zen. Ausardia; horixe da kazetariari burura etorritako lehenengo hitza. Izan ere, animalia haren aurrean jartzea erraza, behintzat, ez zen izango. Kemen hori erakutsi zuten, ordea, oriotarrek, orduan. Beste hainbatek azaldu zuten bezala, itsasora aterata. Hain zuzen, kresal usainarekin iritsi da kazetaria azken puntura, Balearen Bideko azken geralekura. "Bizitza eta heriotza" nahasten dira azken puntu horretan; itsasoak bizia eman baitio Oriori, baina bizitzak kendu ere, kendu baitizkio. Horren adibide da barra mutur horretan XX. mendean hildako arrantzaleen zerrenda; Balearen Bidean eta Orioren historiaz hitz egiterakoan presente daudenak.
Jarraipena, herri mailan
Herria gurutzatzen duen ibilbide aberasgarria iruditu zaio kazetariari Balearen Bidea. Ruben Iglesiasek, Zaraguetako gurasoetako batek, berriz, "Orioko kontaketa txiki bat" izan dela dio Balearen Bidea, "herriaren esku" jarri nahi izan dutena. "Arduratik" egin dute, eta ez omen da izango bukaera, alderantziz: "Zerbaiten hasiera izan behar du honek. Herriak berak ere honen jabe egin eta elikatu egin behar du", iritzi dio Iglesiasek. Etorkizunean "berrikusi" egin beharko da, beharbada "panel gehiago jarri"; beraz, herriari utzitakoa herriak elikatu behar du, Zaraguetako komunitatearen aburuz.
Hain zuzen, "herri mailan" behar bat ikusi zutelako hasi ziren lantzen Balearen Bidea. "Bisitari asko jasotzen ditu herriak, hondartza inguruak ere bai, eta orain arte ez da halako eskaintzarik izan", azaldu du Iglesiasek. Hortik abiatuta, inguruetako herrietara jo zuten Zaraguetako kideek. Esaterako, Asteasuko Muskerraren Bidea gertutik ezagutzera joan ziren. Ideia hori herrira ekarri eta sortu dute Balearen Bidea. Herriari utzitako altxorra.
Irati Saraketa: "Herriko xehetasun asko ikasi ditut"
Zer nolako esperientzia izan da zuretzat Balearen Bidean parte hartzea?
Oso esperientzia polita izan da. Uste dut opari ederra dela herriarentzat Balearen Bidea. Bisitariak etortzen direnean herrira hamahiru hizkuntzatan Orioko historia entzuteko aukera izango dute; hori oso aberasgarria da nire ustez.
Itzultzaile lanak egin dituzu zuk...
Bai, hala da: Portugesezko itzulketa egin dut. Nik ez dut hizkuntza oso ondo menperatzen, baina familiarekin hitz egin dut, eta Davirekin ere elkarlanean aritu naiz, ulertzen ez nituen hitzekin. Nahiko zaila egin zait itzultzea, egunero ez dudalako erabiltzen portugesa, baina tira, laguntzarekin posible izan da. Ez da guztiz perfektu egongo, baina hori ez da helburua.
Orioren historiaren inguruan, zerbait berria ikasi al duzu lanketa honen bitartez?
Bai, ni orain dela asko etorri nintzen Oriora, baina proiektu honekin herriaren inguruko xehetasun asko ikasi ditut, ez nekizkienak. Adibidez, barran dauden izenak bertan hil ziren marinelenak direla.
Ruben Iglesias: "Haurrek badute munduari zer eskainia"
Horrelako prozesuak luzeak eta gogorrak izaten dira. Buruhausteak eta trabak egoten dira, baina esperientziak esan diguna da lasai hartu behar ditugula gauzak, eta borondatearekin eta nahi izanez gero, gai garela gauza politak egiteko; ez hemen bakarrik, Euskal Herri guztian baizik. Beste herriei eta ikastetxeei nahiko genieke esan horrelako proiektuak posible direla eta merezi dutela.
Belen Aberasturi: "Begirunea adierazteko bide bat da"
Itzulpenak egitea ez da erraza izan kasu guztietan; izan ere, hainbat kasutan hizkuntza ahoz menperatzen zuten, baina idatziz ez. Dena dela, prestutasuna erakutsi dute guztiek.
Davi Lopes: "Brasilgoa naiz izatez, eta portugesera itzuli dut kontakizuna"
Zer da proiektu honetatik gehien gustatu zaizuna?
Orioko historiaren inguruan ikasteko baliagarria egin zait. Asko gustatu zait nola kontatzen den euskal kostaldean arrantzatutako azken balearen istorioa, ibilbidearen bidez.
Portugesera itzuli duzu testua. Nolatan dakizu zuk portugesez hitz egiten?
Brasilgoa naiz izatez, eta pasa den urteko udan iritsi nintzen Oriora. Hasieratik asko gustatu zitzaidan Orio, eta oso pozik bizi naiz hemen. Eskolara oso gustura etortzen naiz, egunero-egunero