"Sekulako esperientzia bizitzen" ari da Eider Arruti Atlantic Challenge International egitasmoan

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 11a, 09:35

Eider Arruti, Mutiozabal ontziolan, orain aste batzuk. (Onintza Lete Arrieta)

Eider Arruti Albaolako kide oriotarrak Atlantic Challenge International arraun eta bela lehiaketan parte hartuko du datorren astean hainbat naziok osatutako traineruan, eta AEBetatik kontatu dio Orio Gukari egunotan egiten ari dena.

Mundu osoko gazteek parte hartzen duten arraun eta hezkuntza egitasmoa da Atlantic Challenge International, eta aurtengo edizioan Albaolako bi ordezkari lehiatuko dira bertan: Eider Arruti oriotarra eta Ane Antxustegietxarte. Estropadak uztailaren 20tik 29ra egingo dituzte Main-en (AEB), eta Euskal Herriaren ordezkari gisa parte hartuko dute Albaolakoek. Nazioarteko tripulazioko kide izango dira, besteak beste, Frantzia, Japonia, Estatu Batuak, Ukraina eta Indonesiarekin batera.

Hil hasieran Portlanden bizpahiru egun egin ondoren, Greens Island-en daude orain, nazioarteko eskifaiko beste kideekin bi astez entrenatzeko. Ondoren, Belfast herrira joango dira, Maine estatuaren iparraldera, Danimarka, Kanada eta Irlanda bezalako taldeen aurka lehiatzeko. Hamabost herrialdek parte hartuko dute lehian.

Oriotarrak telefonoz Gukari kontatu dio "sekulako esperientzia bizitzen" ari direla egunotan. "Filmetan ikusten diren boy scout-en antzera gaude hemen", esan du. "Kanping denda txikietan gaude, eta 06:00etan jaikitzen gara. Egunero taldeko kide desberdin batek du gu esnatzeko ardura; atzo [astelehena] biolina joz esnatu gintuzten, esaterako. Lan eta ardura guztiak denon artean banatzen ditugu, eta entrenatzen ari gara, baita hainbat teknika ikasten ere". Hondartzan elkartzen dira 06:30erako, eta gosaldu aurretik ekintzaren bat egiten dute: "Aurreneko egunean bainu bat hartu genuen, beste batean arraunean aritu ginen eta gero uretara salto egin eta hondartzara igerian itzuli...". Bazkalaurretik berriz entrenatzen dute.

Hainbat begirale dituzte: bat beraien osasun egoeraz arduratzen da, beste bat entrenamenduez eta ontzi teknikaz, beste bat egoera emozionalaz...

"Natura aldetik leku zoragarria da, dena dago pinuz eta zuhaitzez beteta, arrokaz beteta... Ametsetakoa da". Taldeari dagokionez, are aberatsagoa iruditzen zaio: "Ukrainarrak, indonesiarrak, japoniarrak eta hawaiiarrak daude besteak beste, eta egunero gabiltza hizkuntzak gora eta kultura behera; gauza asko elkarbanatzen ari gara. Esperientzia oso polita ari gara bizitzen talde gisa".

XVIII. mendeko estiloan

Bantry izeneko yola edo ontzia erabiliko dute taldeek lehiaketan, hamabi metroko luzera duen XVIII. mendeko ontzi frantsesa. "Arraunean hamar pertsona ariko gara, eta horiez gain lemazaina izango du ontziak, brankan beste pertsona bat norabidea zaintzen, eta hirugarren pertsona bat kakoarekin ibiliko dena", kontatu du Arrutik.

1984an sortu zuten Atlantic Challenge International proiektua, aurten 40 urte, eta bela eta arraun nabigazio tradizionala egiteaz gain, Albaolak nabarmendu du sortzaileen helburua dela gazteengan "gure gizartean beharrezkoak diren balio positiboak piztea eta suspertzea"; "talde lana, berdintasuna, aniztasunarekiko errespetua, adostasunak aurkitzeko gaitasuna, norbanakoaren erantzukizuna, zailtasunei aurrea hartzeko gaitasuna, eta itsas eta kultura ondarearekiko sentsibilitatea...". Euskaldunak nazioarteko taldean daude, eta balio horiek are garrantzia gehiago dutela uste du oriotarrak: "Behin eta berriz ari dira azpimarratzen kultur aniztasunaren eta bizikidetzaren garrantzia, eta jokoen bitartez ere ari gara lantzen", kontatu du.

Zortzi egun eta 11 proba

Eider Arrutik azaldu du nolakoak izango diren probetako batzuk:

Bela. «Soilik belarekin egin behar da ibilbidea; arraunak erabiltzea penalizatzen da».

Bela eta arrauna. «Arrauna eta bela tartekatuta nabigatzen da, trantsizioetarako bi gunerekin. Normalean milia bat egiten da belaz, zati laburragoa arraunez, eta berriro belaz».

Arrauna. «Bi bide nautiko egin behar dira, dena arraunean, bela erabili gabe».

Kalkulua. «Eremu itxi batean, norabidea eta distantzia emango dizkigute, eta guk kalkulaluak modu tradizionalean egin beharko ditugu, soka uretara botaz eta konpasak erabiliz, kalkulatzeko zer puntutan gauden, zer puntutara iritsi behar dugun, eta ibilbidea ahalik zehatzen osatuz».

Jack 6 transfer. «Ontzia uretan dela, taldeko bat lehorrean egongo da, eta lortu behar dugu polea sistema osatuta eta uretatik lehorrera soka pasatuz, lehorrekoak ontzi barrura zaku bat pasatzea. Ontzia porturatu gabe, janaria ontziratzeko sistema tradizionala da. Ziurrenik, proba zailenetakoa izango da hau».

'Gizona uretara'. «Beste talde bateko pertsona bat egongo da gure ontzian, eta guk ez dakigun une batean, uretara salto egingo du, ezustean. Hombre al agua deritzona da. Guk ontzia gelditu beharko dugu, eta modu seguru batean maniobra guztia eginda, lehorrera ekarri beharko dugu pertsona hori».

Elegantzia. «Desfile militar antzeko batean, ahalik eta gorpuzkera eta arraunkera txukunena eta dotoreena erakutsi behar dira. Ontziko erremintak, arraunak, belak eta halakoak ere garbi-garbi eduki behar dira, eta janzkerak ere puntuatu egiten du».

Espiritua. «Probetako batean, kontuan hartuko dituzte txapelketa honen balioak: talde lana, bizikidetza eta errespetua».

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide