Iker Gurrutxaga: "Euririk ez bada, ostegunean hondarretatik egingo dugu irratsaioa"

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 9a, 13:00

'Kosta ala kosta' Naiz irratiaren saioa, Euskal Herriko hondartza batetik emititzen. (Naiz irratia)

Orioko esataria Kosta ala kosta udako magazina ari da gidatzen Naiz irratian, eta hainbat herritatik pasatu ondoren, ostegunean Antillatik egingo du irratsaioa. Herriko zenbait gonbidatuk parte hartuko du magazinean, eta herritar guztiak animatu ditu abian duten lehiaketan parte hartzera. "Oriori buruzko galdera erraz-errazak egingo ditugu", esan du.

Dena prest ostegunerako?

Bai. 10:00etatik 12:00etara egingo dugu magazina, eta gauzak ondo bidean, hondartzaren erdialdeko pasarelaren albo batean jarriko gara, denen bistara. Argi dugu, ahal izatera, saioa hondarretan egin nahi dugula. Eguraldi ona emanda dago printzipioz, eta txarra egingo balu, hau da, euria, plazako kiosko azpian egingo genuke.

Herri dezentetan izan zarete dagoeneko, eta denetariko eguraldia tokatuko zitzaizuen...

Hala da, bai. Aurreneko egunerako euria emanda zegoen, Ondarrun (Bizkaia) izan zen, eta gainera jaiak pasatu berri, animarik ez zebilen kalean, baina moldatu ginen, eta ondo atera zen. Hurrengo egunean Zumaian izan ginen. Euririk ez, baina iritsi Itzurunera, eta haizearekin blai egiten ginen. Herrigunera joatea erabaki genuen, eta eguraldi kaskarra tokatu arren, herria bizi-bizi zegoen. Ondoren Sopelan (Bizkaia) ibili ginen, eta han bai: eguraldi ona, eguzkia, hondartzan gustura ibili ginen. Harrituta gelditu ginen nolako martxa dagoen hondartzaren inguruan, herrigunetik hain urrun egon arren. Hondartzari lotutako aktibitate pila bat egiten dituzte.

Lapurdin, Ziburun eta hemen, etxe ondoan, Getarian ere egin duzue irratsaio bana.

Ziburun euri pixka bat egin zuen, baina harritu gintuena izan zen hirugarren adineko emakume taldeak goizean goizetik hondartzan kirola egiten ikusteak. Polita da hori. Getarian, berriz, eguzkiarekin tokatu zaigu, eta 09:30erako jendea bere tokia hartzen ikusi dugu. Beraz, denetarik tokatu zaigu, eta esperientzia berria denez, ikasten.

Iker Gurrutxaga irrati esataria (Orio, 1986). (Guka)

Zuentzat formatu berria da hau izan ere, ezta?

Berria da, bai. Iaz sortu zen ideia. Estudiotik zeru urdina eta eguraldi ederra ikusten ari ginen batean, lankide batek komentatu zuen hondartzatik egin behar genukeela tertulia saioa, eta gero, nik bazkalorduan, esan nuen gaur egun dugun teknologiarekin eta ditugun gailuekin egingarria dela, eta Euskal Herrian ez zela egongo 4G estaldura gabeko hondartzarik –konfunditu egin nintzen horretan, Sopelan larri ibili garelako–. Hor gelditu zen kontua, aurtengo martxoan irratiko zuzendariak esan zidan arte prestatzeko hondartzako irratsaioa. Ilusioa egin zidan. Gainera, ematen duenez, harrera txukuna izaten ari da.

Zuen saioetan gonbidatuek parte hartzen dute. Orion zein entzun ahal izango dira?

Denak ez ditugu lotuta oraindik [astelehena], baina okerrik ez bada, Aratz Arregi parrileroa egongo da gurekin. Eta okerrik ez bada esaten dut, sanferminetan dabilelako korrika, eta espero dezagun ostegunean sano egongo dela. Aukeratu dugu sanferminak direlako eta han dabilelako, eta asteburuan bisigua erretzen ariko delako plazan. 25 urte ditu, eta parrilero lanetan Euskal Herri osoa zeharkatzen ari da udan, gu bezala, polita iruditu zaigu. Beste gonbidatua, berriz, oso gai desberdin batekin lotuta dago: Goiuri Unanue moda diseinatzailea etorriko da. Askotan ez da lantzen, eta ni tematuta nengoen, ze udan moda, janzteko moduak, ezkontzak, arropa... Asko begiratzen den gauza bat bada, eta ea berak zer ikuspegitatik lantzen duen hori guztia, aditu den aldetik.

Azkenik, musikagile edo kulturgileren bat nahi dugu, eta hor gabiltza, saiatzen; ostegunerako bateren bat lortuko dugula uste dut. Baina, horrez gain, herritarrak nahi ditugu.

Herritar anonimoak, esan nahi duzu?

Azken batean, gatza herritarrek jartzen dute. Nahi gabe, pertsona oso interesgarriak aurkitu ditugu: Zumaian, esaterako, AEBetan Harvard unibertsitatean ikasitako Mari Mar Cortes medikua kaletik topatu genuen; Ondarrun, berriz, Mexikon eta AEBetan puntista ibilitakoa. Herri bakoitzak ditu istorio politak dituen pertsona anonimoak, eta horiei beren tokitxoa eskaini nahi diegu. Orion, esaterako, nahiko nuke adin pixka bat duen norbait topatu hondartzaren bilakaera kontatuko ligukeena; oriotar askok badakigu, baina Euskal Herrian ez, eta gure irratsaioak aukera hori ematen du, Euskal Herriari kontatzekoa nola aldatu den hondartza ingurua, esaterako.

Kosta ala kosta saioak lehiaketa ere badu.

Eta herritar guztiak animatu nahi ditut parte hartzera, saria jasotzeko aukerak oso handiak baitira. Sari nagusia bi lagunentzako Senegalera bidaia da, eta horrez gain, asteburu pasa dugu Iratxeko kanpinera; eta, astero, argazki kamera bat ari gara zozkatzen etxetik deituta parte hartzen duenarentzat. Lehiaketan parte hartzeko bi modu daude: hondartzara etortzea ostegun goizean eta bertan erantzutea galdera oso errazak, edo telefonoz deituta parte hartzea. Orion, esaterako, ez dugu galdetuko eliza zer urtetakoa den; galderak oso errazak izango dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide