Laura Ibañez (Donostia, 1975) donostiarra da, Larratxo auzokoa. Hemezortzi urte daramatza Orion, eta ia beste hainbeste Urola Kostako AEK euskaltegian. Euskalduntze prozesu osoa egin du haiekin eta, orain, presiorik eta presarik gabe, euskara ikasteaz gozatu nahi du.
Nolakoa zen zure txikitako bizimodua hizkuntzari eta euskarari dagokionez?
Txikitan dena gaztelaniaz egiten genuen, bai familian, baita lagunen artean ere. Nire familia Burgoskoa [Espainia] eta Leongoa [Espainia] da eta, beraz, ama hizkuntza eta etxeko hizkuntza gaztelania zen. Eskolan astean bi edo hiru orduz izaten genuen euskara ikasgaia. Bazegoen euskaldun bat, baina beste guztiok erdaraz hitz egiten genuen.
Noiz eta zergatik erabaki zenuen euskara ikasten hastea?
14 urterekin Donostiara joan nintzen ikastera. Han, etxe azpian, AEK euskaltegi bat ireki berri zuten, eta lagun batzuek izena ematea erabaki genuen. Oso dibertigarriak ziren klaseak, lagunartean geundelako. Ez dakit asko ikasi genuen, baina primeran pasatu genuen.
Zer izan da euskara ikastearen onena? Eta zer izan da okerrena?
Onena, euskara erabiltzen eta hitz egiten hastea, eta ikustea nola pixkanaka-pixkanaka aurreraka zoazen. Jende pila bat ezagutzen duzu, lagunak egiten dituzu, batzuk dagoeneko ia familiakoak dira... Ama izan nintzenean erabaki nuen umearekin euskaraz hitz egitea. Gogorra izan zen, baina gaur egun gure etxeko hizkuntza euskara da eta, gainera, ume txikiekin ez zait ateratzen erdaraz hitz egitea. Okerrena, berriz, etxerako lanak dira! Ez daukagu behar adina denbora horiek egiteko. Zenbat eta gehiago jakin, gainera, orduan eta zailagoa da aurrerapausoak ematea eta aurreratzen ari zarela ikustea. Hori batzuetan frustragarria da, gero eta gehiago ikasi behar duzula ikusten duzulako, helburua lortu ahal izateko.
Euskararekin lotutako anekdotarik baduzu?
B2ko ahozko azterketa egin behar nuenean, kideari esan nion proba egin eta berehala kanpora nindoala ezkontza batera joan behar nuelako. Covarrubiasera [Espainia] nindoan. Hurrengo egunean, kide hark eta biok ezkontza berean topo egin genuen. Nire ilobaren Donostiako lagunik onena zen. Eta badakizue zer? Biok gainditu genuen!