Joxe Inazio Saizar 'Lusarbe': "Nahiko nuke bateren batek nik ezarritako marka hautsiko balu"

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 8a, 09:46

Lusarbe, 202 kiloko harriarekin, Astigarragako bere etxean. (Onintza Lete Arrieta)

Oraindik inork hautsi ez duen marka ezarri zuen oriotarrak 1989ko apirilean, Aiako probalekuan: bere pisua hiru bider altxatzea. 202 kiloko harria jaso zuen hiru bider, eta adinean aurrera doan arren, harriaren bueltan jarraitzen du haren bizitzak, epaile lanetan eta harri jasotzaileak entrenatzen aritzen baita. Ekaineko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Urteetan aurrera doan arren, sasoiko dago Joxe Inazio Saizar Lusarbe (Orio, 1950). Sasoiko, eta txikitatik gehien maite izan duen jarduera alboratu gabe: harri jasotzea. Guinness errekorren liburuan ageri ez den arren, oraindik inork hautsi gabeko marka bat ere badu: bere pisua hiru aldiz jasotzea harriarekin. Hau da: 66 kilo pisatu, eta 202 kiloko harria altxatzea. 1989an egin zuen balentria, eta nahiko luke norbaitek hautsiko balu marka.

66 kilo pisatu eta 202 kiloko harria jaso; norberaren pisua hiru bider. Erraz esaten da.

Nire obsesioa zen nolabait jaso behar nuela 200 kiloko harria. 33 urterekin jokatu nion bidaniar bati apustua 163 kiloko harriarekin. Apustu hura irabazi nuen, eta gero pisu gehiagorekin probatzen aritu nintzen: 175 kilo, 180 kilo... Neure buruari galdetzen nion iritsiko ote nintzen 200 kiloko harria jasotzera, eta entrenatzen jarraitzen nuen. Gorostidik bere garaian egindako marka ere hor zegoen: 77 kilorekin 200 kiloko harria jaso zuen, eta historian hori zen pisu gutxienarekin 200 kilokoa jasotakoa. Nik, nola edo hala, lortu nuen 73 kilo pisatzera iristea, eta Aian zazpi bider jaso nuen 200 kilokoa. Orioko Angel Iturri famatuak ikusi zuen nire ekitaldia, eta hari bururatu zitzaion Guinness errekorra egitearen ideia.

Nolatan?

Kontua da Iturri horrek bezperan telebistan ikusi zuela japoniarren bat halterofilian jasotzen bere pisua hiru aldiz. Nik harria jaso behar nuela esan zidan, eta oso erraza nuela: 70 kilora jaitsi eta 210 kiloko harria jasotzea. Erraza iruditu zitzaigun, baina oso zaila zen. Ia hiru urte pasatu genituen probak eginez. Azkenean, soluzioa aurkitu genuen: pisuak jaistea. Ni, berez, 67-68 kiloan ibiltzen nintzen. Erakustaldi askoko uda baten ondoren, egun batean harri lekura joan nintzen, 200 kilokoa altxatu nuen, eta baskulan begiratu nuen zenbat pisatzen nuen: 67 kilo. Segituan atera nituen kontuak, eta hurrengo egunean hasi nintzen entrenamenduekin. Ondoren, azkarra izan zen dena.

"Ia miraria da:
65 kilo pisatu, 200 kiloko
harriarekin ibili, beti mugan,
eta inoiz lesionatu ez"

Saiakera jendaurrean egin zenuen, 1989ko apirilaren 23an. Urduri egongo zinen...

Aiako probalekuan egin genuen, baina ez nintzen urduri aritu. Etxean edukitzen nituen kezkak nik; behin buruan neukana lortzen nuenean, ordea, lasai ateratzen nintzen plazara. Errekorraren bezperan ere, lasai egin nuen lo. Behin jasota lortzen nuen marka, baina hirutan altxatu nuen harria.

Liburu ofizialean ez da ageri, ordea.

Zorte txarra izan genuen. Ez dakit oso ondo zer gertatu zen, gaizkiulertu bat edo, baina liburuan agertu ahal izateko akta jasotzera ez zen inor agertu probalekura. Herri Kirol Federazioaren aktan jasota dago, hori bai. Handik aurrera, 47 urte egin arte erakustaldiz erakustaldi, gelditu ere ez nintzen egin, baina plazara ateratzeko kontuak han amaitu ziren.

Saizarrek Lertxundi aiarrari apustua irabazi zion eguneko argazkia: 62 kilorekin, 125 kiloko harri kubikoa jaso zuen. (Utzitakoa)

Iñaki Perurenaren garai bertsukoa zara.

Bai, eta dezentetan aritu ginen elkarrekin. Azken batean, hark 300 kiloko harriak jasotzen zituen garai hartan, eta ni, berriz, bere pisua hiru bider jasotzen zuen harri jasotzaile bakarra nintzen. Harreman oso ona dut harekin, gainera.

Gazterik hasi zinen harri jasotzen, ezta?

Umetan, behin, Jexux anaia zena eta biok atera ginen mezetatik eta herriko plazara joan ginen; bi aizkolari eta harri jasotzaile bat ikusi genituen. Ikaragarria iruditu zitzaigun. Anaiak esan zuen aizkolaria izango zela handitan, eta nik, berriz, harri jasotzailea izango nintzela. Etxera etorri ginen, eta hura aizkoran eta ni harriarekin; horrelaxe hasi ginen saltsan. Gurasoak eta aiton-amonak siestan zirenean, han aritzen nintzen harri jasotzen. Grina, hortik etorri zitzaidan. Aurreneko harria, egindakoa, 100 kiloko harri zilindro zaharra, 15 urterekin jaso nuen, eta orduan uste nuen munduko pertsonarik aberatsena neu nintzela. Orioko okindegi batean zegoen harria; Jexux Marrotak zeukan okindegia, gure auzoko mutil batek han egiten zuen lan, eta hark eskaini zidan probatzea.

"Gurasoak eta aiton-amonak
siestan ziren bitartean
aritzen nintzen harriarekin"

Lusarbe baserrikoa zara, Igeldo aldekoa.

Bai. San Martin bailarakoak gara, eta goitarrak deitzen ziguten oriotarrek. Tercermundistak ginen, nolabait esatearren. Pikea izaten genuen beheragokoekin, Olaskoaga-eta bizi diren bailarakoekin eta Ortzaikakoekin: goitarrak, erdikoak eta behetarrak esaten genuen. Eta, hain zuzen, auzoko festetan jaso nuen harria aurreneko aldiz jendearen aurrean. Hala hasten zen orduan harri jasotzen. Jexux anaia soldaduskara joan zenean auzoan txapelketa antolatu zuten, gure anaia benetan egokia baitzen edozein kiroletan batere entrenatu gabe, eta hura baldin bazen inork ez zuen parte hartu nahi izaten. Beraz, anaia soldaduskan zela antolatu zuten txapelketa. Ni anaia baino bi urte gazteagoa nintzen eta baita kaskarragoa ere, baina atera egin nintzen plazara. Izena eman genuenean esan ziguten 75 kiloko harria izango zela, baina plazara 100 kilokoa atera ziguten.

Eta, zer gertatu zen?

Bi urte lehenago jasota nengoen, baina geroztik ez, eta ez nintzen 60 kilotara iritsiko... Lau atera ginen. Aurreneko txandan Katxina jatetxeko seme zaharrenak hamazapi jasoaldi egin zituen hiru minutuan, eta nire auzokoak eta nik berdindu egin genuen, hamaseina jasoaldi egin genituen. Bigarren txandan ere hamaseina jasoaldi egin genituen, baina Atxega zen auzo hartan agintzen zuena orduan, eta gu goikoak eta pobre samarrak ginenez, besteari balekoa eman zioten eta niri ez, eta hirugarren sariarekin gelditu nintzen. Benetako plazara, berriz, Zarautzen atera nintzen. 20 urte nituen, 62 kilo pisatzen nituen, eta hamahiru partaidetatik seigarren egin nuen.

Garai hartan harri jasotzaileak gizon handiak izaten ziren; jendeak zerbait komentatuko zuen, bada, zu hain fina ikusita...

Gogoan dut nafar bat etorri zela; kristoren mutila zen. Ni goizean aritu nintzen harri jasotzen, eta hura arratsaldez egokitu zen, eta saioaren aurretik galdetu ziotenean ea zer esperantza zituen, esan zuen: hemen umeek ere jasotzen dute harria, eta ez ote dut bada nik jasoko! Gero, altxatu zuen, baina...

Zein ziren erreferenteak zu gaztea zinenean?

Agerre azpeitiarra zegoen, baita Arteondo, Atxega, Aiako Manterola... Baina ez zen orain bezala. Apustua ere gutxi jokatzen zen garai hartan. Gerora bai, hilero apustua izaten zen garaia etorri zen; kristoren booma etorri zen.

"Orain gizonen baino emakumeen fitxa gehiago dago harri jasotzen"

Apustu batzuk egindakoa ere bazara...

Aurrenekoa soldaduskara joan aurretik, 21 urterekin, Aiako Joxe Arrutiren aurka. 100 kiloko zilindro berriarekin aritu ginen hiru hamar minutukotara, eta nahiko erraz irabazi nion. Soldaduskatik bueltan berehala ezkondu nintzen eta harri jasotzea bazterrera utzi egin nuen, baina halako batean Aiako Lertxundirekin jokatu nuen apustua, berak eskatuta. Pisu bikoitzeko kubikoarekin jokatu genuen apustua Azpeitiko zezen plazan, 26 urte nituela. Jende dezente bildu zen ikustera; gainera, lehenengo aldia zen inor pisu bikoitzeko kubikoarekin aritzen zena, bai behintzat federazioaren aurrean. Nahiko erraz irabazi nuen apustua.

Den-denak ez zenituen irabaziko.

Ez, eta kirolaz bizitzan gehien ere hala ikasi dut. Azpeitikoa irabazi eta berehala, ezagun bat etorri zitzaidan esanez apustua egin zuela Errezilgo Irulegiren kontra, hamarreko kubikoarekin, berdina jokatzeko, handik hilabetera. Jokatu genuen, galdu nuen, eta etxera. Eta asko ikasi nuen, pixka bat mafiosoen menpe joan nintzelako: besteek esandakoa egitera. Engainatuta eraman ninduten; sinetsarazi zidaten ziur-ziur irabaziko nuela, baina kontrarioa gehiago zen, irabazi zidan, eta kito. Orduan ikasi nuen ez zegoela edozeinetaz fidatzerik. Oso momentu txarra pasatu nuen, kirola maite nuelako, baina engainatuta plazara joatea... Gero, hiru urte egin nituen arraunean Lasarte Mitxelinen. 27 urte nituen eta sekula arraunean ibili gabea nintzen, baina pixka bat erakutsiko zidaten, behintzat estropada guztiak jokatu nituen. Tarte horretan utzi nuen harria.

Gero, berriz heldu zenion zure kirol kutunari.

Bai, harria nuen gustukoa, eta pixkanaka-pixkanaka pisua igotzen hasi, eta hala iritsi nintzen iritsi nintzen lekura. Askotan esan dut eta esango dut, kristoren zortea izan dudala, lesio bakar bat ere ez dudalako izan. 65-67 kilo pisatuta, 200 kiloko harriarekin jardun, beti mugan, eta lesio bakar bat ez izatea, hori miraria da ia-ia.

Ezkerretik hasita, Javier Etxeberria, Josetxo Goikoetxea, Pello Saizar eta Joxe Inazio Saizar. (Utzitakoa)

Zainketa berezirik egiten al zenuen?

Martuteneko gasolindegian zortzi edo hamar ordu egiten nituen lanean, eta gero mendian ibiltzen nintzen asko, beti aldapa handietan. Mendia eta harria, harria eta mendia. Beraz, lana eta kirola, kirola eta lana eginez ibiltzen nintzen.

Indarra hartzen ari da berriz ere harri jasotzea.

Gazteak ikusten dira, eta ez baserrikoak. Bai, kalekumeak dira erabat, eta kirolariak gazteak direnez, ikusleak ere hala dira. Nik uste gimnasioetatik datorrela kirolari asko eta asko, eta emakumeak batik bat, crossfitaren mundutik. Gaur-gaurkoz gizonezkoen baino emakumezkoen fitxa gehiago dago harri jasotzen. Kristoren indarra hartu dute. Mailaz jarduten dute, baina maila, ibilita hartzen da, eta iritsiko zaie. Nerea Arruti urnietarra [Gipuzkoa], esaterako, egun batetik bestera atera zen sekulako indarrarekin: harria jaso, aizkoran... denera dabil.

Zuen garaian ez zen emakumerik ikusten plazetan; orain, zeuk entrenatzen dituzu.

Gure garaian ere baziren emakume indartsuak, baina matxismoagatik edo, garai hartan pentsaezina zen emakumea plazan ikustea. Orain batzuk entrenatzen ditut, bai, hemen, etxeko garajean. Nerea Arruti, tartean. Hura izan zen hona etortzen lehena, duela pare bat urte, eta gero Amalur Arbelaitz oiartzuarra [Gipuzkoa] hasi zen. Orain urtebete, Itsaso Treku eta Ane Zapiain ere bai. Bi urtetan pentatloia irabazia dute Nereak eta Amalurrek, nahiko erraz, gainera.

Epaile lanetan ere jarraitzen duzu.

Bai. Harri jasotzea utzi eta gero, hamabi urtez Gipuzkoako Herri Kirol federazioko lehendakari ere izan nintzen. Norbait behar zela eta ezetz esaten ez dakigunez... Epaile lanetan ere hasi nintzen, eta hor jarraitzen dut. Inork ez du epaile izan nahi, gazterik ez daukagu, inork ez du konpromisorik hartu nahi, eta ez dakit nola amaituko duen honek azkenean. Guk aspaldi erretiratuta egon behar genuen, baina hor gabiltza.

Inork ez du oraindik zure marka hautsi, baina zuk nahiko zenuke hori ikusi.

Bai, batzuek pena hartzen dute beren marka norbaitek hausten duenean, baina nik ikusi nahiko nuke horretarako talentua dudan bitartean; pozik nintzateke, gainera. Batzuek esaten didate hori diodala badakidalako inork ez duela hautsiko, baina hori ez da horrela: markak hausteko eginak daude.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide