Aldundiak 15.000 izokin askatu ditu Oria eta Urumea ibaietan

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 7a, 12:00

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua, ostegunean, izokin kumeak askatzen. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez, urtero itsasotik 100 ale inguru sartzen dira bi ibaietara ugaltzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi du 15.000 izokin askatu dituela Orioa eta Urumea ibaietan. Ostegunean arrainkumeak askatu zituzten unean bertan izan zen Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua.

Aldundiak berak kudeatutako haztegian jaio dira izokin horiek, eta askatzea erakundeak Natura 2000 Sarearen barruan duen proiektuan kokatzen da; lurraldeko biodibertsitatea babestea da proiektu horren helburua.

Azaldu dutenez, 1990eko hamarkadan ekin zioten izokin arrunta (Salmo salar) berreskuratzeari, "Gipuzkoako ibaietatik erabat desagertu baitzen, aurreko hamarkadetan bizitako industrializazioak eragindako ur-kutsaduraren ondorioz". Azken hogeita hamar urteotan egindako lanari esker, "gaur egun, Gipuzkoako ibaiek espezie horretako aleak dituzte, eta urtero itsasotik 100 ale inguru sartzen dira gure ibaietara ugaltzeko". Aldundiak jakitera eman duenez, "ekainean eta uztailean izokin handiak sartzen dira (negu anitzekoak ere esaten zaie horiei, negu bat baino gehiago igaro baitute itsasoan), aurten 27 izokin sartu dira Urumean eta 20 Orian bi hilabete horietan. Kopuru horri ibaietan azarotik abendura bitartean sartzen diren izokin txikiagoak gehituko zaizkio, hilabete horietan ugaltzen baita espeziea".

Tenperatura gora, izokina behera

Aldundiak izokin basatiak arrantzatzen ditu ibaietan dituen bi harrapatze guneetan eta, ondoren, ale horiek haztegira eramaten ditu espeziea ugaltzeko. Sei hilabeteko hazte prozesuaren ondoren, markatu egiten dira, ondoren Urumea eta Oria ibaien arroetako erreketan askatzeko. Izokinak markatuz, itsasora irten ondoren jatorrizko lekura itzultzen diren espezie aleen kopurua kontrolatzen da. Ildo horretan, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi duenez, "arrain haztegian hazitako aleen % 30 gure ibaietara itzultzen da"; zifra hori arrakastatsutzat jo daiteke, gaineratu duenez, "kontuan hartzen bada gainerako %70 jatorri basatikoa dela". "Horrek esan nahi du gure ibaietan espeziearen birpopulatze naturala egitate bat dela".

Gaur egun, izokina hiru arro hidrografikotan dago Gipuzkoan: Oiartzunen, Urumean eta Orian. Arrutik gaineratu du ibaiak eta haien arroak garbitzeko eta hobetzeko azken urteetan egindako lanari esker habitat horretan espeziea gara daitekeela.

Aldundiak dituen datuen arabera, izokin gehien 2014 eta 2015 urteetan atzeman ziren Urumean eta Orian, batez beste, 299 eta 112 izokin detektatu baitziren urte horietan. Azken urteetan sartutako kopuruak behera egin du, berriz, "itsasoko uren eta Kantauri isurialdeko ibaien tenperatura igoeraren ondorioz". Hala, Arrutik zehaztu duenez, ibai horietan sartzen diren aleen kopurua azken bederatzi urteetan dezente murriztu da. "Kezka" sortzen duen gaia da: "Lurraren berotzea geldiarazteko eta gure espezien babesa bermatzeko, oreka berdearen alde, ahalik eta eremu gehienetatik lan egiten jarraitu behar da", esan du Arrutik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide