Jaiotzez nafarra da Alberto Rebollo (Lizarra, 1982), baina Anoetan (Gipuzkoa) bizi izan da biziza osoan, duela hamabi urte Orio aldera egitea erabaki zuen arte. Atletismoa eta arrauna izan dira bere bi pasioak, eta hala jarraitu dute izaten moto istripu batek eskuin besoa erabat txikituta utzi ondoren ere. 2019an izan zen hori; "aurtengo ekainean bost urte bete dira", zehaztu du Rebollok.
Nerbio plexu brakiala puskatu zuen, eta ordutik, urtero egin diote ebakuntzaren bat Bartzelonan. Horrela lortu du hatzekin gauzei heldu ahal izatea, eta besoa pixka bat altxatzea; baita muskulu pixka bat mantentzea ere. "Elektrizitatea bezala da hau; kablea, hots, nerbioa hor dago, baina moztuta, eta beraz, buruak mugitzeko esaten dio, baina ez da mugitzen. Getariako Arraun Taldean nenbilen istripua izan nuenean, eta uste dut beso indartsuak nituelako salbatu ahal izan nuela besoa bera", kontatu du.
Lehiatzeko gogotsu
Orain, ebakuntzek eta ondorengo zainketek uzten diotenean, ez du denbora alferrik galtzen, eta korrika lehiatzen aritzen da, bai lasterketa egokituko probetan, bai master probetan, "inolako ezintasunik ez duten kirolariekin". Duela bi urte inguru erabaki zuen korrika hastea berriz –gaztetan ibilia zen–, eta hasieran kirol egokituan bakarrik aritu zen arren, masterretan ere lehiatzen hastea erabaki zuen, urtean lehiaketa gehiagotan parte hartu ahal izateko. "Federazioak ez daude bateratuta, eta beraz, bi lizentzia dauzkat derrigorrean, eta baita bi talde ere: egokituetan lehiatzen naizenean Kemenekin aritzen naiz, eta bestelakoetan, Tolosarekin", azaldu du Rebollok.
Bere harridurarako, "uste baino emaitza hobeak" ari da lortzen batean zein bestean. Izan ere, ezindu bakarra da masterretan lehiatzen. Pistan aritzen da, abiadurako probetan, "besoa Decathloneko zinta batekin lotuta". 42 urte ditu Rebollok, eta azaldu du kirol egokituan bera dela zaharrenetakoa: "Bateren bat kenduta, denak 20 urte ingurukoak dira".
Iazko irailean, esaterako, master mailako Europako Txapelketan izan zen Italian, eta 100, 200 eta 400 metrotan lehiatu zen. "Ikusi egin nahi nuen nola zen Europako Txapelketa bat". Aurten bertan, hainbat domina leporatu ditu kirol egokituan nahiz masterretan.
Istripua eduki zuenetik lau ebakuntza egin dizkiote, besoa ahalik eta ondoen gelditzeko. Gorputzeko hainbat tokitatik kendu dizkiote zatiak eta nerbioak besoan jartzeko, eta irribarrea galdu gabe kontatzen ditu xehetasunak, eta baita orbainak erakusten ere.
Uda ondoren egingo diote bosgarren ebakuntza, besoan indar gehiago lortzeko eta hatzak hobeto doitzeko. Horregatik, aste hauek topera aprobetxatu nahi ditu gehien gustatzen zaiona egitenez: "Lehiatzea dut gustuko nik; horretarako entrenatzen dut". Abuztuan munduko master txapelketa izango da Suedian, "eta ziurrenez hara joango naiz furgoneta hartuta", oraingoan ere 100, 200 eta 400 metroetan lehiatzera.
Arrauna helburu
Rebollo 13 urterekin hasi zen atletismoan, abiadurako probetan. "Bere garaian irabazi nituen Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, baina 17 bat urterekin utzi egin nuen". Handik urte batzuetara berriz ekin zion, baina iraupen luzeko lasterketei. "Anoetatik Hernanira joan nintzen bizitzera, eta han arraunaren mundua ezagutu nuen, 28 urterekin", kontatu du. Bateletan ibili zen, talde batean eta bestean muturra sartu zuen, eta gero traineruetan aritu zen, hainbat urtez Getarian, eta beste batzuk San Pedron. Istripua eta gero, berriz ekin zion zaletasun horri, Orion, Berdin-Berdinak taldeari esker, eta aurten, Orio Arraunketa Elkartean hasi da, arraun ergometroko Espainiako Txapelketan eta Openean aritzeko, eta handik zilarrezko bi dominarekin itzuli da. "Bi besoekin egiten dut, hatzak itxi ditzakedalako, nahiz eta ezkerrarekin gehiago tiratu. Hankekin ere asko egiten da, baita gorputzarekin ere".
Orain, buruan ez dauka beste konturik: uretara ateratzeko lagun bila dabil, bakarrik ezin delako. "Aulki mugikorrean, esku bakarrarekin, baborretik egiten dut dena. Baina federazioak ez dit uzten bakarrik uretaratzen, eta uretakoa da polita. Beraz, ea aurkitzen dugun norbait, lehiatu nahiko nukeelako aulki mugikorrean. Hau lortuko banu, alde batera utziko nuke atletismoa".