OBBk Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionaleko bigarren faseko bigarren jardunaldia jokatu du joan den asteburuan Mendibeltzen, Dridma Madrilgo taldearen aurka. Lehen topaketa oriotarren alde amaitu zen. Lehen sarreran, esaterako, "OBBko M. Pisonek eta C. Novellak bi lasterketa sartu zituzten", etxekoen aldeko markagailua irekiz, eta "abantaila nabarmena" egon zen hirugarren sarreran, "Orioko taldearen txanda onei esker, sei lasterketa gehiago egin baitzituzten".
OBBk azaldu duenez, beren defentsak "sendotasun handia" erakutsi zuen, "kanpoko taldeak bosgarren sarrera arte puntuak lortzea eragotziz". Dridmak "gora egiteko ahaleginak egin bazituen ere, partida 3:10 amaitu zen, oriotarren alde, euren nagusitasuna erasoko zein defentsako lanean islatuz".
Bigarren partida, berriz, oso bestelakoa izan zen. "Bi taldeek jaurtitzaile berriekin jokoa hastea erabaki zuten, eta horrek zalantzazko elementu bat gehitu zion topaketari". Madrildarrak "indartsu hasi ziren, bost lasterketa sartuz lehen bi sarreretan, eta abantaila ezarri zuen markagailuan".
Eguraldiak ere ez zuela lagundu azaldu dute oriotarrek: "Jaurtiketen zehaztasunak etengabeko euriaren eragina izan zuen, eta horrek bi taldeen pitcherren jarduna zaildu zuen". Azken sarreran, madrildarrek bi lasterketa gehiago egitea lortu zuten, euren abantaila bermatuz. Etxekoak gora egiten saiatu ziren, baina ezin izan zituzten beharrezko lasterketak batu. Partida 8:6ko emaitzarekin bukatu zen, Dridmaren alde.
Hurrengo jardunaldian, oriotarrak Madrilera joango dira Rivasen aurka jokatzeko.