Angularen arrantza arautzeko dekretuak kritikak eragin ditu

Onintza Lete Arrieta - Juan Luis Romatet 2024ko eka. 26a, 11:00

Artxiboko irudian, eskukada angula bizi. (Onintza Lete Arrieta)

Jaurlaritzak 150 lizentzia emango ditu angula profesionalki arrantzatzeko; erabakia gaitzetsi dute ekologistek, tartean Arturo Elosegi Ekologian doktoreak eta Orioko Herrio natur taldeko kideak. Oria eta Urolaren arroetan arrantzatzen da eskualdean.

Angularen arrantza profesionala arautuko duen dekretua onartu berri du Eusko Jaurlaritzak. Hala, erakundeak azaldu duenez, dekretu horri esker angularen harrapaketa mugatua eta kontrolatua izango da, eta arrantza monitorizatu eta ebaluatu egin ahal izango dute. Eskualdean, Oriaren eta Urolaren arroetan arrantzatu ahal izango dituzte angulak.

Angulak harrapatzeko lizentzia profesionala beharko dute jarduera horretan aritzen diren arrantzaleek. Gehienez, 150 lizentzia emango dituztela ere informatu du erakundeak: 138 lehorreko modalitatekoak izango dira, eta hamabi, itsasontziko modalitatekoak. Lizentziek arrantza denboraldi baterako balioko dutela gaineratu dute.

Angularen Arrantzaleen Erregistro Profesionala sortzeko asmoa ere azaldu du Jaurlaritzak. Bertan, adierazi dutenez, arrantza denboraldi bakoitzean emandako lizentzia guztiak, titularren identitatea, itsasontzien datuak eta arrantzatuko den arroak jasoko dituzte.

Angularen arrantza denboraldia urtero zehaztuko dute, irizpide zientifikoak eta teknikoak aintzat hartuta. Kantauri isurialdeko gainerako autonomia erkidegoekin koordinatuko direla ere gaineratu du Eusko Jaurlaritzak.

Horrez gain, harrapaketa kuotak ezarriko dituzte, eta kopuru hori eguneratu ahal izango da aldian behin.

Jaurlaritzari erantzunak

Duela urtebete arte angularen arrantza baimenduta zegoen, baina ibaietan zeuden aingiren egoerari so eginez, aisialdiko angula arrantza debekatu egin zuten. Orduan kexu agertu ziren anguletan aritzen direnak; Euskadiko Angulero Elkartea, kasurako.

Orain, dekretuaren harira, beste alde batetik iritsi dira kritikak. Esaterako, Arturo Elosegi Ekologian doktoreak eta Orioko Herrio natur taldeko kideak gutuna bidali zuen asteburuan Berria egunkarira. Elosegirentzat, "larria da IUCNren [Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundea] arabera iraungitzeko arrisku kritikoan dagoen espeziearen arrantza bultzatzea, arrantzaren kudeaketarako erakunde aholkulari nagusiak, ICESek [Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua], harrapaketak zerora gutxitzea aholkatu duenean". Elosegik gogor gaitzetsi du AZTI ikerketa zentroa ere: "Larriagoa da AZTIk dekretu honi oniritzia ematea, beronen zein foru aldundien datuek gainbehera larria erakusten baitute".

Etekin ekonomikoa atera nahi izateari iritzi dio okerrena: "Larriena, dekretuak sektore ekonomiko berri bat sortu nahi izatea da, hamarkadak baitira Euskadiko Autonomia Erkidegoan angula autokontsumorako soilik harrapa zitekeena. Angula saldu duten arrandegiek eta jatetxeek jakingo dute nondik ekarri duten, baina EAEko angulak ezin ziren legez saldu. Kontraesan hutsa da gure sukaldari askok angula beren kartatik ezabatzea erabaki duten garaian, Jaurlaritzak arrantzaleku profesionala sortzea iraungitzeko arrisku kritikoan dagoen espezie batekin. Gauza bakarra espero dezakegu: Jaurlaritza berriak zientzialariei kasu egin eta angularen zero kupoa ezartzea".

Eguzki talde ekologistak ere gogor kritikatu du dekretua, eta jada helegitea jarri diola jakinarazi du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide