"Iazko arantza kentzera" aterako da Badok13 igandean etxeko banderaren bila

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 26a, 14:00

Ezkerretik hasita, Juan Angel Garmendia 'Xarpas', Anuska Esnal, IƱigo Arruti 'Txabola', David Elustondo eta Segismundo Bachiller. (Onintza Lete Arrieta)

Beteranoen arraun ligaren barruan, IX. Jakes Landa Oroimenezkoa bandera jokatuko dute errioan, erlojuaren aurka, eta ontzi guztiak uretan dauden momentua aprobetxatuko dute apirilean zendu zen Edu Mugertzagatik minutu bateko isilunea egiteko. Badok13ren sortzaileetako bat izan zen zarauztarra.

Badok13 geldiezin dabil aurten: beteranoen arraun ligako bandera guztiak –bat izan ezik– zintzilik ditu Arraunetxen, eta liga jada bereganatuta du, baita Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere. Baina igande honetan borobildu nahi du denboraldia, "iazko arantza aterata": etxeko bandera eskuratzea. IX. Jakes Landa Oroimenezkoa igandean jokatuko da, San Pedro jai bete-betean, eta dena prest dute Orion 22 talderi eta 300 arraunlariri harrera egiteko. Estropada amaitzean, gainera, mokadua eskaini beharko diete guztiei Arraunetxen, jardunaldi bakoitzean estropadaren antolatzaileek hala egiten baitute.

Momentu berezienetako bat, dena den, bandera banatu aurretik biziko da igandean, Badok13 taldearen sortzaileetako bat izan zen Edu Mugertza zarauztarra gogoratuko dutelako minutu bateko isilunearekin. Apirilean zendu zen. Erlojuaren aurkako lehia izango denez, lehenengo txanda amaitzen denean egingo dute isilunea, ontzi guztiak uretan daudenean.

Atzo elkartu ziren Arraunetxen Badok13ko hainbat ordezkari eta Anuska Esnal Orioko alkatea, estropadari buruzko xehetasunak emateko. Taldeaz ere hitz egin zuten, bide batez.

Minutuero, erlojuaren aurka

Estropadaren hasiera Orioko zubian egongo den estatxa finkotik egingo dute traineruek, eta ziabogak, berriz, Marrota parean bat eta Herriko Plazaren parean bestea. Amaiera Salatxo taberna parean izango dute. Estropada eremuak 3.500 metro izango ditu, eta 1.750eko bi luze eta bi ziaboga egingo dituzte.

Mareen arabera aukeratu dituzte estropada jokatzeko eguna eta ordua, eta 11:30ean hasiko dira aurreneko txandakoak: Plentzia B, Getxo B, Sestao B, Iberia B, Zumaia B, Pontejos B eta Badok13 B.

Banaka ariko dira erlojuaren aurka, minutuero ontzi bat aterako da, eta txanden artean bost minutuko tartea egongo da. Bigarren txandari 11:55ean ekingo diete ondorengo taldeek: Ilunbe, Aizburua, Ibaialde, Sestao, Iberia, Plentzia, Bilbo.

Hirugarren txanda, azkenik, 12:20an hasiko da, honako taldeekin: Mundaka, Fortuna, Pontejos, Santurtzi, Getxo, Zumaia eta Badok13.

33 arraunlariko taldea

Hogeita hamahiru lagun ari dira arraunean aurtengo denboraldian Badok13k dituen bi traineruetan; mistoa da B ontzia, taldean lau emakume ere badirelako. Juan Angel Garmendia Xarpas entrentzaileak azaldu du arraunean egiten duen emakume bakoitzeko, ontzi horri 3 segundo gutxiago kontatzen dizkiotela estropada amaieran, baina topea dagoela: gehienez ere 15 segundoko aldea eduki ahal izango dute ontzi mistoek.

Oriotarrak, zarauztarrak eta donostiarrak dabiltza arraunean Badok13n. Iaztik arraunlari batek baino gehiagok utzi du taldea, eta lau arraunlari berri iritsi dira, denak Donostiatik. Arraunetxeko instalazioetan entrenatzen dute, eta David Elustondo taldeko arraunlari eta idazkariak azpimarratu du "eskertuta" daudela Orioko Arraun Elkarteari, klubaren partetik jaso duten harrera ona dela eta. Segismundo Bachiller Badok13ko presidenteak esan du arraunean lehiatu nahi dutenak erakartzen dituela "klub on batean aritzeak eta Oriokoa bezalako kalitatezko azpiegitura edukitzeak".

Igandeko hitzordura bueltatuta, ligako jardunaldiaren ondoren mokadua emango diete partaide guztiei –30odik gora–, eta ez nolanahikoa ere: patatak errioxar erara prestatzekotan dira, esaterako, eta sari banaketaren ostean, DJa ere egongo da musika emanaldia eskaintzeko. "Giro polita dago taldeon artean, asko lehendik ibiliak garelako arraunean, eta hainbat urteren bueltan, berriz aurkitzen dugulako elkar", gaineratu du Elustondok.

Elustondok penaz kontatu du beteranoen arraunari "oihartzun txikiegia" ematen dietela instituzioek eta komunikabideek, "eta guk erakutsi nahi duguna da 45 urtetik gorako pertsona kirolariak garela, bizitza osasuntsua egiten dugunak eta Osakidetza zapaldu ere egiten ez dugunak", gaineratu du, umoretsu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide