Gaur eguerdian Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Orioko Herri Ikastolako pergolan. Ikastolako irakasle eta ikasleez gain, hainbat guraso bertaratu da, Ikastolen deiari erantzunez. Izan ere, protestan parte hartzeko eskatua zien erakundeak komunitateko kideei: "Nazioarteko erakundeek egin duten bezala, guk ere honako hau eskatzen dugu: bermatzea haurrak ez daitezela gerra helburu izan. Genozidio hau salatzeko Ikastoletako patioetara irtengo gara eta Ikastola guztietan familia argazkiak aterako ditugu ekainaren 20an, ostegunean".
"Familien eta gurasoen erakunde zein ikastoletako komunitateak garen aldetik, min ematen digu Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den basakeriak, batez ere haurren aurka. Haurren hilketa sistematikoaren aurrean, ezin dugu beste alde batera begiratu", gaineratu dute idatzian.
Palestinarren samina bere egiten dutela azpimarratu dute: "Beren seme-alabekin ihesi doazela, Israelgo armadako frankotiratzaileek nola erasotzen dituzten ikusten dugunean, gure egiten dugu eraildako ama bakoitza, haien ondoan erortzen den haur bakoitza. Erortzen diren horiek gure haurrak direla aldarrikatzen dugu".